Amaia Ereñaga
BILBO

Belako taldea, formatu desberdinetan, Donostian eta Bilbon

Cris eta Josu Ximun, Belako taldeko kideek, kontzertu akustikoa eskainiko dute Bilboko Bidebarrietako liburutegian, datorren asteartean, abenduaren 29an. Mungiako taldea ez dago geldirik, gaur Donostiako Dabadaba aretoan asteburu honetako bigarren kontzertua eskainiko baitu.

Mungiarrak azaroan Naizentzat Azpeitian eskani zuten kontzertuko irudia. Gaizka PEÑAFIEL
Mungiarrak azaroan Naizentzat Azpeitian eskani zuten kontzertuko irudia. Gaizka PEÑAFIEL

Bilbok oso kontzertu berezia hartuko du abenduaren 29an: Cris eta Josu Ximun, Belako bandako kideak, Bidebarrietako Liburutegira iritsiko dira kontzertu akustiko bat eskaintzeko. Zehazki, taldearen errepertorioaren errepaso akustikoa egingo dute.

Emanaldirako sarrerek bost euroko prezioa dute eta dagoeneko salgai daude www.bilbaokultura.eus web orrian.

Belako taldeak Portishead Two Door Cinema Club, Placebo, Nick Cave, Elvis Costello, The XX, Liam Gallagher bezalako artistekin partekatu du eskenatokia. Era berean, hainbat sari irabazi dituzte: RNEren El Ojo Crítico, Rolling Stone Saria Errebelazio Taldeari, Iberian Music Awards Saria penintsularen urteko zuzen onenari edo Musika Independentearen Saria urteko artista onenari, urteko zuzen onenari eta bideoklip onenari. Musika Kritikarien Elkartearen Ruido Sariaetarako eta MTV Sarietarako ere izendatu diete.

Dena salduta

Beraien azken lanak, ‘Plastic Drama’ izenekoa, nazioarteko rock-talde independente gisa finkatu die. Urteko albumetako garrantzitsuen zerrendan sartu dute NME, The Line Of Best Fit edo El Universal-en. Eta, horrek, Reading eta Leeds 2020 jaialdi mitikoaren main stagean jotzeko aukera eman die. Belako izan da hori lortu duen estatuko lehen taldea.

Gaur bertan Donostiako Dabadaba aretoan egongo dira. Astebururako bi hitzordu lotu behar izan dituzte, eskaerak bultzatuta, eta bietan sarrera guztiak saldu egin dira ziztu bizian. Gaur bigarren kontzertuaren ‘opariaz’ gozatu ahal izango dute sarrera lortu zutenek; esan bezala, agortuta daudelako.

Nafarroan, musika ugari

Joan den abenduaren 25ean, Nafarroako Santas Pascuas 2020ko jaialdia ireki zuten mungiarrek El Columpio Asesino taldearekin Navarra Arenan eskaini zuten kontzertuan. Urtarrilaren hasiera arte luzatuko den jaialdi honetako hurrengo daten artean, Zentral aretoan burutuko direnak aipa daitezke: gaur, Brecha (13.00etan) eta Juarez eta Jon Ulecia eta Cantina Bizarro (19.30etan).

Asteartean, hilaren 29an, 20.00etan Baluarten eta doan (sarrerak Baluarteko leihatilean eskura daitezke) Berri Txarrak taldearen azken birari inguruan Marina Lameirok errodatuko ‘Dardara’ izeneko dokumentala estreinatuko da.

Egun berean, Christina Rosenvige musikoak ‘Debut, cuadernos y canciones (música para leer)’ aurkeztuko du Tudelako Moncayo zineman (19.00etan). Sarrerak, doan.