Amaia Ereñaga
BILBO

Bilboko Guggenheim Museoa zabalik egongo da astelehenean

Guggenheim Museoa zabalik egongo da astelehenean, abenduaren 28an, Gabonetako opor egunetan nahi duten guztiek museora hurbiltzeko aukera izan dezaten. Kandinskyren maisulanak, Olafur Eliassonen instalazio zirraragarriak edo Bilboko irudiak, pandemia garaian, daude ikusgai. 

Kandinskyren unibertsoa, Bilbon. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Kandinskyren unibertsoa, Bilbon. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Astelehenetan itxita egoten den arren, opor egun hauetan ordutegia aldatu egin du Bilboko Guggenheim Museoa. beraz, bihar astelehenenean bertaratu nahi dutenek, jakin dezatela 11.00etatik 19.00etara irekita egongo dela. Halaber, arduradunek jakitera eman dutenez, abenduaren 31n, Gagon zahar egunean, museoak 17.00etan itxiko ditu ateak, eta urtarrilaren 1ean, Urteberri egunean, itxita egongo da egun osoan.

Egunotan museora doazen bisitariek aukera izango dute Vasily Kadinsky, Olafur Eliasson, Lee Krasner eta William Kentridge artisten erakusketak eta Guggenheim Museoaren bildumako maisulanak ikusteko. ‘José Manuel Ballester [2020/03/15]’ proiektuaren aretoa bisitatzeko aukera ere egongo da.

Kandinsky eta Lee Krasnerren koloreak

Lehen mailako erakusketak daude ikusgai. Vasily Kandinsky, esaterako, abstrakzioaren aitzindaria eta estetikaren teorialari ezaguna (Mosku, 1866– Neuilly-sur-Seine, Estatu frantsesa, 1944), XX. mende hasierako artistarik berritzaileenetako bat izan zen. Margolaritza mundu naturalarekin zituen loturetatik askatzeko xedea zuelarik, artistaren ‘barne-premian’ soilik oinarritutako gai berriak aurkitzen saiatu zen, eta auzi hori bere bizitza osoan izango zuen gogoan.

Solomon R. Guggenheim enpresaria, izen bereko New York-eko Fundazioaren sortzaileak, harreman estua izan zuen Kandiskyrekin eta bere obrarekin. 1930ean ezagutu zuten elkar Bauhaus eskolan eta ordurako bildumagileak bazuen artistaren zenbait obra bere esku. Bere fundazioak artista errusiarraren 150 obra inguru elkartu ditu orain arte. Horietatik 62 jarri ditu ikusgai Bilboko galeriak orain, Megan Fontanella New Yorkeko Guggenheim museoko arte arduradunak komisariatu duen erakusketan. Maiatzaren 23ra arte egongo da ikusgai.

Lee Krasnerri (1908–1984) eskainitakoa urtarrilaren 10ean bukatuko da, ordea. Bitxia da, indartsua, kolorez beteta. Jackson Pollocock emaztea zenez, haren itzalak ezkutatu zuen Lee Krasnerren sormena. Baina merezi du gertutik ezagutzeak.

Eliasson eta Ballester, errealitate gordina

Apirilaren 4ra arte egongo da ikusgai Olafur Eliasson (1967) daniar-islandarriaren atzerabegirada zirraragarria. Gaur egun puri-purian dauden gaiak aztertzen ditu 1990etik gaurdaino egindako hogeita hamar bat piezaren bidez. Eliassonen jarduna artelanaz, erakusketaz eta esku-hartze publikoaz harago doa, eta proiektu arkitektonikoak ere hartzen ditu barnean. Artista ziur baitago arteak oso eragin handia duela museoaz haraindiko munduan. Horren haritik, eguzki-lanparak sortu ditu argindarrik ez duten komunitateetarako, tailer artistikoak egin ditu errefuxiatuentzat eta asilo-eskatzaileentzat.

Eta Guggenheimen aurkituko dugun beste altxor bat: Jose Manuel Ballesterren argazkiak, ‘2009/2020’ izenpean. Apirileko hiru egunetan, pandemia betean, atera zituen argazki batzuek. Honakoa dio artistak haiei buruz: «Kalean ez zebilen inor, eta horrek eszena harrigarriak jartzen zizkidan begien aurrean. Errepideak, etorbideak eta plazak hutsik zeuden, baina gehien artegatu ninduena biztanle guztiak han zeudela jakitea zen, ni negoen tokitik metro gutxi batzuetara, etxeko hormen atzean babes hartuta. Hain gertu geunden arren, isiltasuna zen nagusi».

Ezohiko irudiotan, Bilbok eta munduko beste hiri askok itxialdian zehar bizi izan zuten errealitatea islatzen da eta, ‘Guernica’ abiapuntu, ‘2009/2020’ lanarekin batera, gertaera historikoaren eta giza zorigaitzaren ikuspegi leial baina eguneratua eskaintzen digute, eta gerren zein pandemien gisako gertaerek dituzten ondorio izugarriei buruz hausnartzera garamatzate. Otsailaren 21era arte ikusi ahal izango dira.

Bilboko museoak bisitarien babesa eta segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurriak eskaintzen ditu, eta sarrera sarean erostea gomendatu du. Segurtasun neurriak direla eta, arropa zaindegia itxita dago aldi baterako, eta gomendagarria da euritako tolesgarriak eramatea euria bada, aretoetan aterki eta guzti sartu ahal izateko.