NAIZ

«Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan», Artium museoan

Artium museoak «Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan» erakusketa jarri du ikusgai martxoaren 21era arte. Gasteizko Musika Bideo Jaialdiaren lehen sei edizioen (1985-1990) kultura testuingurua aztertzen du.

Ane Lekuonak, Itziar Gutierrezek eta Iñigo Gomez Egiluzek komisariatu dute erakusketa.  (Endika PORTILLO/FOKU)
Ane Lekuonak, Itziar Gutierrezek eta Iñigo Gomez Egiluzek komisariatu dute erakusketa. (Endika PORTILLO/FOKU)

Artium museoak "Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan" erakusketa jarri du ikusgai martxoaren 21era arte. Gasteizko Musika Bideo Jaialdiaren lehen sei edizioen (1985-1990 urte bitartean) kultura testuingurua aztertzen du.

Lehen urte horietan, mahai-inguruen eta aretoetako proiekzioen bidez, espainiar Estatuan eta nazioartean egiten ari ziren pieza bideografikoak ezagutzeko esparru bat sortu zen.

Lehen edizioaren arrakastak bigarren edizio bat ahalbidetu zuen, euskal eszena artistikoaren bideoaren aldeko apustua sendotuko zuena. Ipar Amerikako eta Europako eraginak hurbiltzeko asmoa 1987tik aurrera indartu zen, baita telebista plataformarekin eta bideogintzaren prestakuntzarekin eta industriarekin harremanetan jartzeko asmoa ere.

“Ez dakit zer pasatzen den…” Ane Lekuonak, Itziar Gutierrezek eta Iñigo Gomez Egiluzek komisariatutako proiektua da, eta Artium museoak hautatu du Komisario Berriak 2020 programan.

Artium museoaren, Tabakaleraren eta Alondegiaren parte- hartzearekin Lakuako Gobernuak bultzatutako Komisario Berriak programaren helburua komisariotzaren praktika garatzea eta artearen munduko profesional berriak sortzea eta sendotzea da.

“Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian” erakusketaren aldi kronologikoan kokaturik, 1980ko hamarkadako euskal testuinguruan garatutako praktika eta kategoria kulturalak berrikusteko azterketa gisa funtzionatzen du.

Erakusketan 80ko hamarkadaren bigarren erdialdean lehiaketara aurkeztu ziren bideo musikaletako dozena bat daude ikusgai.

Gainera, jaialdiarekin lotutako urte horietako dokumentazio sorta zabala biltzen du: katalogoak, argazkiak eta prentsako artikuluak, besteak beste.

Zinemaldiaren iragarki-kartelak ere aurkezten dira, Mintxo Cemillan (1985), Carlos Marcote (1986), Fernando Illana (1987), Javier Hernandez Landazabal (1988) eta Juan Carlos Eguillor (1990) artistek egindakoak. 1989ko kartelaren egilea ezezaguna da.

Marivi Ibarrola kazetari eta argazkilariaren argitaratu gabeko artxiboko argazki multzo esanguratsu batek ere leku nabarmena du.

Jaialdia sustatzeko bideo batek eta Pedro Espinosa musikari eta kazetariak 80ko hamarkadan egindako aire zabaleko kontzertuen grabazio sorta batek osatzen dute erakusketa.

Bisitaldi gidatua egin ahal izango da urtarrilaren 2an, 12.30ean. Horrez gain, mahai ingurua ere antolatu dute. “Mugimendu alternatiboa eta aldarrikatzailea Gasteizko kultura-testuinguruan 80ko hamarkadan” gaia jorratuko da 2021eko otsailaren 24an.