Azken urtean eta txapelketan izan ez den enpresen arteko oreka berreskuratu asmoz dator hilaren 1ean Astelenan hasiko den 2021eko Binakako txapelketa. Lehen mailako azken hamar txapelak Asperen aldera erori ostean, urteko lehiaketarik luzeenean indarrak berdindu nahi izan dituzte, batez ere, Rezustaren aldaketarekin, baina batzuen eta besteen joko boladak ikusita, ez dirudi erraza azken urteetako bolada hori aldatzea, batez ere, azken hilabeteetan afizionatuekin jokatu ostean, Jokin Altunarekin jokatuko duen Jon Mariezkurrenak orain dela bi urtetako sasoia berreskuratzen badu.
Ostiralean hasiko den txapelketa honetarako Olaizola-Rezusta, Urrutikoetxea-Imaz, Artola Aranguren eta Peña-Albisu izango dira Baikok aurkeztuko dituen lau bikoteak eta Altuna III.a-Mariezkurrena, Jaka-Martija, Ezkurdia-Ladis Galarza eta Elezkano II.a-Zabaleta Asperenak.
Aurreko urtearekin alderatuta, Jon Ander Peña, Aitor Aranguren eta Danel Elezkano lirateke aurpegi berriak, nahiz eta aldaketak asko izan. Esaterako, Rezusta eta Mariezkurrenaren enpresa aldaketaz harago, Mikel Urrutikoetxea aurreko koadroetara itzuliko delako Imazekin bikotea osatuz.
Oinatz eta Irribarria gabe
Aukeraketek beti sortzen dute zeresanik eta oraingo honetan, Oinatz Bengoetxea eta Iker Irribarria, buruz buru txapeldun izandako bi pilotari kanpoan geratzea ere deigarri egiten da, leitzarraren kasuan, gainera, are gehiago, bere azken txapelketa izan zitekeela kontuan izanda.
Gaiaz galdetuta, Unai Iglesias, Baikoko ordezkariak esan duenez, «erabakian kirol ikuspegia hartu dugu bakarrik kontuan. Erabaki zaila izan da, azken unera arte zalantzak izan ditugu, baina arinago edo beranduago gazteei aukera eman behar zaie».
Irribarriaren kasuan, Iñaxio Errandoneak onartu du Aramakoa kanpoan uzteak, «justifikazio zaila» duela, baina «maila handiko aurrelariak ditugu eta laurentzat baino ez dago lekurik. Iaz, txapelduna izanda, Danel Elezkanori tokatu zitzaion kanpoan geratzea eta aurten Ikerri. Asko pentsatu ondoren, erabaki hori hartu dugu».
Printzipioz, publikorik gabe
Txapelketari dagokionean, iazko formatu bera errepikatzen da, hau da, lehen ligaxkaren ostean play-off bat jokatuko dute hirugarren postutik seigarrenera geratzen diren bikoteek eta bi onenek finalerdietako ligaxka jokatuko dute. Finala maiatzaren 9rako dago iragarria.
Momentuz, partidak publikorik gabe jokatuko direnaren ideia darabilte buruan enpresetako ordezkariek, nahiz eta osasun egoeraren bilakaeraren arabera moldatzen joango diren. Hori bai, azken bi txapelketekin alderatuta, Nafarroan ere jokatuko dituzte partidak, urrunegira joan gabe, larunbatean bertan Lizarran.
Telebista izango da hortaz, jardunaldien diseinuaz arduratuko dena eta alde horretatik ere bada berrikuntza garrantzitsu bat: asteburuko partidak ostiral, larunbat, igande eta astelehenez jokatuko dira; lehen hiru kasuetan ohiko ordutegian, baina astelehenetakoak gauez jokatuko dira, 22.30etan eta telebistaz zuzenean botatzeko, lehen mailako partida jaialdiko lehena izango da.