NAIZ
GASTEIZ

Oinarrizko hornidura guztiak izateko pertsona guztien eskubidea aldarrikatu dute Gasteizen

Pandemiak pobrezia energetikoaren arazoa larriagotu duen bitartean Udalak gabonetako argietan 165.000 euro gastatu dituela salatu du Gasteizko Etxebizitza Eskubidearen Aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren Aurkako Ekimenak.

Pobrezia energetikoaren arazoa plazaratzeko Gasteizen egin duten elkarretaratzea. (Raul BOGAJO/FOKU)
Pobrezia energetikoaren arazoa plazaratzeko Gasteizen egin duten elkarretaratzea. (Raul BOGAJO/FOKU)

‘Itzali azpijokoak, piztu eskubideak’ lemapean Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan egindako elkarretaratzearekin gogoratu nahi izan dutenez, «pobrezia energetikoa ez du covid-19ak ekarri». «Pandemia aurretik baziren berogailua itzalita negua pasatzen zuten familia eta komunitateak, argia noiz piztu ere pentsatzen genuenak». Hitz horiekin azaldu dute pobrezia energetikoaren arazoa Gasteizko Etxebizitza Eskubidearen Aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren Aurkako Ekimeneko kideek. 

Arazoa aurrez existitzen bazen ere, covid-19ak eragin duen krisiak arazoa larriagotu duela ohartarazi dute. 

Hori guztia gertatzen den bitartean Udalaren jarrera gaitzetsi dute, gabonetako argietan 165.000 euro gastatu dituela salatzeko: «Nahiz eta hasierako aurrekontua 125.000 eurotakoa izan, 40.000 euro igo dute enpresen eskakizunei men eginez, azken hauen hitzetan hasierako aurrekontua ez zen esperotako etekin enpresariala irabazteko nahikoa. Beste behin ere, udalari ez zaio asko kostatu enpresen aginduei kasu egitea, ez da berdina gertatzen eskubideak aldarrikatzen ditugunean...».

Enpresa energetiko handiek aberastasuna pilatzen jarraitzen duten bitartean azpimarratu dute gero eta etxe gehiago direla berogailua edo argia pizten ez dutenak.

Zentzu horretan, adierazi dute alarma egoerak iraun bitartean etxeetako argiak moztea debekatzen duen neurri berria ez dela nahikoa, «guk gaur eta beti gure etxeetan energia izateko eskubidea aldarrikatzen dugu».

Hori dela-eta, nabarmendu dute gutxien daukatenek ezin dutela «krisi hau ordaintzen jarraitu» eta oinarrizko hornidura guztiak bermatuta izateko pertsona guztiek duten eskubidea aldarrikatu dute.