Nora Salbotx Alegria, psikopedagogoa eta Amaiurko eskolako maistra

2021erako erronkak hezkuntzan

Gaur gero 2020ko hau urte berezia izan dela ukatuko duen sektorerik nekez aurkituko dugu gure herrian eta haren mugez gaindi. Urte berezia izatera zetorren lehenagotik ere hezkuntza komunitateko partaide garenontzat. Aski dugu, bertzeak bertze, Eusko Ikaskuntzaren urteko galdera izan denari erreparatzea horretaz kontu emateko.

Alta, hasmenta horretan planteatutako eztabaida eta hausnarketa patxadatsu eta eraikitzailea zeharkatu du pandemiak, honek, halabeharrez, berehalako gogoeta, hala moduzko ikaskuntzak eta ondorio berri zenbait ekarri dituelarik. Horiek guztiak xehatzea komunitate bizi eta anitz horren lana izaki, honat, heldu den urteari, urteei, begira genituzkeen hainbat erronka ekarri ditugu.

Batetik, konfinamenduak eraginda, Euskal Herri luze-zabaleko hezigune ororen erabateko zein zatikako ixteak daude. Horiek lehen unetik gordinki utzi dituzte agerian hezkuntza sistema honen arrakala eta ahuleziak, eta, bistan denez, erronkak ere bai; nekez izanen da hezkuntza, kohesiorako, justizia sozialerako, berdintasunerako eta euskalduntzerako, beraz eraldaketarako tresna eraginkorra, honakoak kontuan hartu gabe:

- Komunikazioa, ikastetxe barnean eta handik kanpora gertatzen den ariketa hori, beraz, sakonki politikoa den ekintza gisara birkontzeptualizatu beharko dugu. Hortik aitzin, geure buruari galdegitea dagokigu zein punturaino horizontalagoa, norabide-anitzagoa, feministagoa, komunitarioagoa, hibridagarriagoa egitea badugun. Horrekin batera, darabiltzagun tresneria eta interfaze digitalen nolakotasunaz, zein punturaino asebetetzen duten nahi hori ala, premiak eta larritasunak bultzatuta, akritikoki barneratzen ote gabiltzan.

- Bizitza sostengatzen duten funtsezko lanak zeintzuk diren ikasi dugu, baina eta irakatsi? Eta ikaskuntza prozesuak begirada eta paradigma berrien arabera inplementatzeko baliatu? Feminismoak eta ekologismoak ohartarazi digute ardatzean bizitza kokatzearen beharraz, kapitalismo neoliberal zeken honen mesedetan eraikitako paradigmaz gaindi. Eskola-bizitza sostengatzen duen jarduera orori arreta jarri eta zaintza gure curriculumetan kokatzeko bide berriak jorratu beharko ditugu, zaintzarako pedagogia eginez eta, hortik abiatuta, irakaskuntza prozesuak herri-hizkuntza-kultura, genero, ingurugiro, ezagutza-eduki eta klase terminoetan dekolonizatuz.

- Urruntze fisikoa ezin da urruntze sozial bilakatu; are gehiago, ezin ditu eten ez espazio formal zein ez-formal hezitzaileak, ez eta hezkuntza hausnarketaren inguruko sareak ere. Herri hezitzailearen ildoan abiatutako lana indartzea dagokigu, orain inoiz baino ageriago gelditu denean hirigintza eta espazio urbanoa klase eta genero kontua ere badela. Karrikak gure –beraz, pentsamendu hegemonikoari “beltz” zaion bertzelakotasun guztien multzoarenak– izanen badira, hezkuntza, jolasa, aisia, plaza eta auzo bizimodua egitea edota karrikak hartu, eraldatu eta bizitzea, agora berreraikitzeko, erlazioak eta identitatea sustatzeko, lan sinboliko eta politiko gisara ikusi beharko ditugu. Hezkuntzaren potentzial eraldatzailea haren prozesuen protagonista diren pertsona zein edukiak euren herri, auzo eta komunitateekin hartu-emanean jartzeko gaitasunean datza, komunitatean eragiteko indarrean, alegia.

2020ko akaberan, Hego Euskal Herrian enegarren hezkuntza eztabaida piztu bidenabar, Madrilen LOMLOEa onartu da. Francok 1970ean sinatutako OHOaren lege hura gainditu zenetik Madrildik datorkigun zortzigarren Lege Organikoa sinatzen eta ezartzen ariko da une hauetan haren oinordekoaren oinordekoa, Hegoaldeko euskal herritarrok ere “ikusi eta uler dezagun”. Bitartean, Ipar Euskal Herrian euskarazko murgiltze eredua orokortuko bada, Frantziar Legebiltzarraren oniritziaren esperoan egon beharko dugu, behin Senatuaren baiezkoa jaso delarik baina “frantsesaren kalterako” eta “konstituzioaren kontrakoa” dela dioten diskurtsoen mehatxupean.

Aspalditik agerikoa da frantses zein espainiar estatuko ezkerreko alderdien argudioak bere horretan gurera inportatzea ez dela hemen eta orain balekoa. Mundu luze zabaleko askapen prozesu orotan hezkuntza ezinbertzeko tresna izan da beti; begira, adibidez, Brasilgo Pedagogia Kritikoa, Black Panters mugimendua, kataluniar anarkismoa edota Italia partisanoa. Gaur eta hemen guri dagokigu, beraz, gure genealogiak arakatu eta herri honen gaurko premia eta nahien baitan ortzi-muga berriak marraztea, bide propioak taldetasunetik eta auzolanean urratzen jarraitzea. Bada non josta!