Jon Ormazabal
Kirol-erredaktorea, pilotan espezializatua / redactor deportivo, especialista de pelota

Egindakotik bezainbat izan du oparitutakotik Olaizola eta Rezustaren lehen puntuak (22-12)

Artolak eta Arangurenek 13 huts batu dituzte bien artean eta, aspaldiko partez, Goizuetako aurrelariak zuloak irekitzen dizkion atzelari batez gozatu ahal izan du.

Iñaki Artolak bikotearen zama bere gain hartu du baina ez du gehiegi asmatu. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Iñaki Artolak bikotearen zama bere gain hartu du baina ez du gehiegi asmatu. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Binakako honetan elkarrekin jokatuko zutela jakin zenetik, bada ikusminik Aimar Olaizola eta Beñat Rezustak osatutako bikoteak txapelketa honetan lor dezakeenaren inguruan. Gaurkoa izan dute, aspaldiko partez, lehen partida elkarrekin eta garaipen eroso bat lortu duten arren, ezin ondorio handiegirik atera, parean izan dituzten Artola-Arangurenek erraztasun handiak eman dizkietelako. Bikote gipuzkoarrak, orotara, 13 pilota galdu ditu eta hortaz, esan daiteke, lehen puntu honek egindakotik bezainbeste izan duela oparitutakotik.

Hotz handia aurkitu dute lau pilotariek Lizarrako Remontival pilotalekuan eta ez dute erraza izan jokoan sartzea, baina Olaizola-Rezustak hasiera-hasieratik hartu dute aldea markagailuan (6-0). Hala ere, Bergarakoak egindako huts bati esker, urdinek euren pilota jarri dute jokoan eta asko gerturatu dira markagailuan. Iñaki Artolak hartu du gipuzkoarren bikotearen zama bere bizkarrean, pilotari abiadura ematen hasi da eta Aimar Olaizolak sufritu egin du alegiarrak moztutako pilotekin. Hala ere, partida berdintzeko aukera izan dutenean, arrisku asko hartu behar izan dituen Artolak huts egin du aukera aukerako pilota batean eta markagailua berdindu ez izana garesti ordaindu dute, birritan ere gertatu baitzaie antzerako zerbait (6-5 eta 8-7).

Hortik aurrera, ordea, partida oso bestelakoa izan da eta gorriak erabat nagusitu dira. Hasieran bere jokoan eta ezker eskuan zenbait zalantza azaldu dituen Beñat Rezustak nabaren egin du gora bere jokoan, goitik behera dominatu du bere titular gisako debutean deseroso egon den Aitor Aranguren eta erraz egin dute alde markagailuan.

Aspaldian halako zuloak irekitzeko den atzelari batekin jokatu gabea zen Aimar Olaizola –Mikel Urrutikoetxeak beste era bateko atzelaria da koadro luzeetan jokatu behar duenean– eta gozatu egin du lagun berriak emandako erraztasunekin. Airez denera bost tanto sartu ahal izan ditu eta gehiegi sufritu gabeko garaipena eskuratu dute, aurkariek ere gauzak erraz jarri dizkietelako.

FITXA TEKNIKOA:

Olaizola II.a-Rezusta: 22

Artola-Aranguren: 12

Pilotakadak: 450. Iraupena: 53,48 minutu. Markagailua: 6-0, 6-5, 8-5, 8-7, 11-7, 11-8, 15-8, 15-10, 19-10, 19-11, 20-11, 20-12 eta 22-12. Sakeak: 1 Olaizola II.ak eta 0 Artolak. Tantoak: 7 Olaizola II.ak, 1 Rezustak, 6 Artolak eta 1 Arangurenek. Hutsak: 2 Olaizola II.ak, 3 Rezustak, 6 Artolak eta 7 Arangurenek. Gorabeherak: Binakako Txapelketaren bigarren jaialdia Lizarrako Remontival pilotalekuan jokatu da, ateak itxita eta frontoian ikaragarrizko hotza egiten zuela.