Baionako karrikak euskal presoen alde argituko dituen giza katean parte hartzera dei egiteko banderola zabaldu dute larunbat atsalde honetan hamar ekintzailek Biarritzeko itsasargian. ‘Argi dugu, bakerako bidea: Orain presoak’ lelopean urtarrilaren 9an Bakegileek deitu duten mobilizazioa eginen den testuingurua zein den gogora ekarri dute, eta «erabaki positiboak bidean jarraitzera animatzen» dutela nabarmendu dute.
Lapurdi kostaldeko hiriko itsasargira hamar ekintzaile igo dira. Lehen estaian banderola bat zabaldu dute eta suziri urdin batzuk piztu dituzte. Gainean beste hainbeste egiten saiatu baldin badira ere, haizearen indarrak ez die bigarren oihala hedatzen utzi.
Behean beste bi ekintzailek prentsaren aitzinean, «Bakerako bidea ‘presoak orain!’ pausutik pasa behar dela» oroitarazi dute. Heldu den astean horren aldeko mobilizazioaren garrantzia azpimarratu du Emilie Martin bakegileak: «Azken erabaki positiboak kolektiboki irabazi dira eta gure bideari jarraitzera animatzen gaituzte».
«Urtarrilaren 9an Baionan bakerako bidea #presoakorain pausutik pasa behar dela oroitarazteko» bildu dira hamar bat ekintzaile Biarritzen. Itsasargitik banderola bat zabalduz mobilizatzeko deia egin dute @naiz_info @Artisans_Paix @BakeBidea pic.twitter.com/txzBcUFS56
— Idoia Eraso (@idoia_eraso) January 2, 2021
Xistor Haranburu baldintzapeko askatasunean
30 urte preso egon eta gero baldintzapeko askatasuna lortu duen Xistor Haranburu euskal presoaren kasua «argi izpi» gisara definitzearekin batera, horren ahultasuna ere nabarmendu dute. Hori dela eta «azken urteetan errepikatzen den ziklo judiziala era hautsi» behar dela baieztatu dute. Eta gaineratu dute: «Ez da kartzelak betetzeko garaia, husteko baizik».
Zentzu horretan hurrengo erabaki judizialei adi egonen direla gaineratu du Martinek, eta bereziki aipatu du, Baionako mobilizazioaren aitzinetik, urtarrilaren 7an emanen den Mikel Barriosen helegitearen inguruko erabakia.