Askotan partekatzea ez da sinesgarritasunaren sinonimo
Beste gaien artean gain hartu du amaitu berri den 2020an covid-19ak sortutako pandemiak: zenbat titular, zenbat albiste, zenbat mezu, zenbat txio… Informaziotik asko, eta gezur eta iruzurretik beste asko. Horregatik, pandemiaren urtea ez ezik, «infodemia»-rena ere izan da.
Orain urtebete iritsi ziren kutsakorra zen eta ondorioz Txinako Wuhan inguruan triskantza eragiten ari zen «ezohiko neumonia» baten inguruko lehenengo albisteak. Gutxika hasieran, baina berehala hasi ziren covid-19 izenez bataiatu zen birusaren inguruko informazioak lekua egiten testuinguru komunikatiboan. Ia dena hartzeraino. Eta berandu baino lehen iritsi ziren eritasunaren inguruko notizia faltsu eta datu okerrak.
Hala baieztatu du Newtral plataforman eta Madrilgo Carlos III Unibertsitatean lan egiten duen Itziar Bernaola (Bilbo, 1970) kazetariak. Lehenengo lerrotik jarraitzerik izan du fenomenoa Bernaolak; izan ere, Ana Pastor kazetariak sortutako Newtral plataformaren jardueretako bat informazioaren egiazkotasuna aztertzea baita, fackt checker lana, alegia. Gero eta zabalduagoa dagoen jarduera honetan aritzen direnek diskurtso publikoa egiaztatzeko ariketa egiten dute datuak baliatuta eta, Bernaolak berak aitortu duenez, joan berri den urtean lan handia izan da pandemiaren inguruko edukiak aztertzen. Euren kabuz ala herritarren eskaerei erantzuna emateko, telebistaz, web orrien bidez edota sare sozialen bitartez zabaltzen diren mezuak ikertu dituzte. «Osasunaren inguruko edukien inguruan herritarrek egindako galderak nabarmen igo dira; urtarrilerako dagoeneko okerrak ziren mezu asko ari ziren zabaltzen-eta. Aurretik politika kontuen edota atzerritarren inguruko mezuen inguruan egiten ziguten batez ere kontsulta, baina covid-19ak osasun gaiei erabateko nagusitasuna eman die».
Atzeko asmoak
Ez da gauza berria. Gai eta gertaera desberdinen inguruko testu edota bideo okerrak ez dira, noski, birusarekin batera sortutakoak; 2020an, ordea, pandemian eta hark eragindako egoeran jarri dute fokua. Bernaolaren hitzetan, egiazkoak ez diren mezuen artean bereizketa egitea ezinbestekoa da; hala ere, «ezin dira guztiak zaku berean sartu», ondorioak desberdinak direlako.
«Ez dira konparagarriak, adibidez, satiran oinarritutako mezuak, manipulatutakoak edota iruzur egiteko helburuarekin apropos sortutakoak», aipatu dio GARAri kazetari bilbotarrak, azken kasu honetan eragin ditzakeen kalteak handiagoak direla argudiatuta.
Egiazkotasunik gabeko mezu horien atzean dagoen asmoa kasu askotan iruzurra da, edota desinformazioa edo alarma egoera sortzea, baina badira kolektibo zehatzen irudia kaltetu nahi dutenak ere. «Kasu batzuetan ez dago batere argi mezu horiekin lortu nahi den helburua, ezin da ulertu gizartean alarma egoera sortzeari zein probetxu atera nahi zaion, baina, beste batzuetan, ordea, bistakoa da kolektibo zehatz bat kaltetzea bilatzen dutela, atzerritarrena edota LGTBI pertsonena, esaterako», adierazi du.
Eta nondik nora barreiatu eta zabaltzen dira? Sare sozialak eta unean uneko mezularitza app pribatuak dira kanalik ohikoenak, gure inguruan WhatsApp zerbitzua oso bereziki.
Covid-19a sendatzeko modu deigarriak, oraindik ere sortzeko zegoenean txertoa jada lortu zutela zioten edukiak… zenbat eta zenbat mezuk ez ote dute bidaiatu sarean azken hilabete hauetan. Horregatik, Bernaolaren esanetan, pandemiaren urtea ez ezik, «infodemiaren urtea» ere izan da amaitu berri zaigun hau. Carlos III Unibertsitateko irakaslearen iritziz, informazio andana zabaldu da, baina horrek ez du beti herritarra informatuago egotea bermatzen, alderantzizkoa baizik.
«Batetik, gezurrezkoak diren mezuak jaso ditzakegulako, aipatu dugun bezala; eta bestetik, testuinguruan jarri gabeko informazio gehiegizkoak ere ez gaituelako behar bezala informatzen», agertu du.
Osasun kontuei loturik ez ezik, fake news-en fenomenoa oso ohikoa da politikagintzan. Bere kargua uztear den Donald Trump AEBetako presidenteak sarritan hartu du ahotan hitz hau salaketa gisa, hedabideen aurka egiteko, adibidez; baina, beste askotan berak erabili du bere jarraitzaileen iritzia moldatzeko, udazkenean egindako hauteskundeetan, esaterako. «Trump defendatzen zuten kolektiboen artean asko zabaldu ziren hauteskundeen iruzurra ustez demostratzen zuten mezuak, eta mezu horiek gehiago konbentzitu zituzten aldez aurretik ere hori sinesten zuten pertsonak», dio Bernaolak.
Politikagintzan eta, batez ere, hauteskundeen testuinguruan agerikoa da iruzur mezuen erabilpena, bere esanetan: «Beti izan da propaganda eta alderdi eta politikari bakoitza saiatu izan da botoa bereganatzen, nahiz eta egiazkoak ez diren mezuak erabili. Orain, ordea, mezu horien zabalkundea askoz ere handiagoa da eta izan ditzakeen ondorioak ere bai. Botoa aldarazteko aukera handiagoa da eta hori nabarmentzen dute gaiaren inguruan egin diren ikerketa desberdinek».
Hezkuntza mediatikoaren premia
Erabiltzaileak babestu ahal izateko legediak aldatzea premiazkoa dela uste du, baina «teknologia legeen aurretik doanez», heziketaren aldeko apustua egiten du, hori delakoan babeserako tresnarik eraginkorrena. Hezkuntza mediatikoa jasotzea eta alfabetizazio digitala proposatzen ditu Bernaolak eta bereziki zaurgarriak diren bi kolektibo aipatzen ditu: nerabeak eta adin nagusiko pertsonak.
Nerabeak natibo digitalak dira, oso trebaturik eta ohiturik daude teknologia berriak erabiltzera, «baina ez dute haiekiko izpiritu kritikoa garatzeko heziketarik jaso eta zailtasun handiak dituzte egiazkoa dena eta ez dena bereizteko», azaldu du kazetari bilbotarrak, honakoa gaineratuta: «Sare sozialak eta mezularitza zerbitzuak ez dira iturriak, mezuak zabaltzeko kanalak baizik. Gazteei hori ulertarazi behar zaie: asko partekatzeak ez diola sinesgarritasun handiagoa ematen eduki bati». Eskolan gaiaren inguruan aritu beharra dagoela uste du, eta zehazki zeregin horretan aritzen dira berak zuzentzen duen Newtral Educacion atalean.
Errezeta erraza, baina...
Gazteak ez ezik, helduak ere izan ditu ahotan, batez ere, adinean aurrera eginda dauden horiek. «Ez dira gazteak bezain oldartsuak edukiak elkarbanatzeko garaian, baina teknologia berrietan heziketa eta ohitura gutxi dutenez, arazoak dituzte gezurrak identifikatzeko», nabarmendu du. Are gehiago, «iruzur ekonomikoaren biktima» ere izaten direla gogorarazi du.
Erantzukizunezko jarrerak, ordea, orokorra izan behar du Bernaolaren ustez. Kasurik gehienetan, albiste bat egiazkoa den edo ez jakiteko ez da teknologia sofistikaturik edo aparteko baliabiderik behar, nahikoa da jatorrizko iturrira jotzea edota faltsututako iturriari galdetzea. Baina ez da egiten, eta hori da arazoa. «Sarri, asko pentsatu gabe, jasotako mezuak elkarbanatzen dira, eta horrela gezurrezko edukiak biral bilakatzen laguntzen dugu, konturatu gabe guk ere iruzurrean parte hartzen dugula», gogorarazi du kazetari bilbotarrak. Horregatik, jasotzen ditugun mezuen gainean hausnarketa egiteko eta zalantza sortzen duten horiek ez elkarbanatzeko deia egin du.