GARA
IRUÑEA

Gizakia eta naturaren arteko deskonexioa, balea baten begietatik

2012an balea bat hilzorian agertu zen Kontxan. Haren ondoan bost egun eman zituen Joseba Mercader artista tolosarrak eta, ordutik, itsasaldiak ekartzen dizkion naufragio zaharren egurrak jasotzen ditu, noraezean zeudenak.

Joseba Mercader artista tolosarrak 2012an Kontxan hondartzaratu zen balearekin izandako topaketa ardatz, gizakiaren eta naturaren arteko deskonexioa salatzea du xede “Balearen Begia” dokumentalak. Ordutik balea forma duten artelanak egiten ditu Mercaderrek kale zein hondartzetan aurkitutako egurrak erabiliz. Amaia San Sebastianek eta Cesare Maglioni italiarrak eman diote lanari forma eta, hitz gutxitan, hiltzera etorri zen balea berpiztu nahi dute.

San Sebastianek NAIZ Irratian azaldu zuenez, Mercaderrek bost egun eman zituen 2012an balearen ondoan, hura hiltzen ari zela. «Josebak esaten du autobus baten tamaina duen izaki bat bere aurrean hiltzea ikusteak itsasoaren ahotsa ekarri ziola, ‘hiltzen nago’ esanez, itsasoari egiten ari gatzaizkion kalte guztiaren sintoma gisa». Kalte horren zikloan sartzen da hondartzetako egurra bildu eta higatutako egur zati horiekin baleak erreproduzitzea.

Maglionik eta Mercaderrek aspalditik ezagutzen dute elkar. Josebak mugikortasun urritua dauka, distonia izeneko gaixotasun batek eragina, eta surflaria da. Eta Cesare mundu horretatik ezagutzen du. Bi zuzendariek, berriz, interes sozial eta ingurumeneko zinemagintza elkarte bat sortu zuten beste sei kiderekin. «Saiatu gara artea izatea dokumentalaren oinarria. Zerbait esateko duzula sentitzen duzunean, idatziz edo margoz edo eskulanez, forma ematen diozunean, hori artea da. Artea ez da soilik museo handietan ematen. Josebak kontatu nahi digun horri forma bat ematen dio. Artea saiakera bat bezala da, ezin duzulako inoiz zehazki buruan duzuna kontatu. Zergatik egin ditu 100 balea eta ez bakar bat eta nahiko? Ez duzu lortzen esatea ‘hau da nik kontatu nahi dudana’. Artista handiek hori esaten dute. Artelanak ez dira amaitzen, utzi egiten dira. Lehenbizikoan lortzen baduzu, esateko gehiegi ez duzulako da», dio San Sebastianek.

Barne borroka

Mercaderrek gaixotasun larri bat du, mugikortasuna eta baita hitz egiteko ahalmena ere zailtzen dizkiona, baina borrokalari hutsa da. Haatik, lan egiten du, oinez ibiltzen da, igeri egiten du eta surfean aritzen da. Halaber, pintatu, zizelkatu, argazkiak atera eta idatzi egiten du. Haren arteak hitz egiten du haren ordez. Ezinezko itsaslabar horietan surfean ari zela ezagutu zuen Cesare Maglioni. «Duela hiru urte ezagutu nuen Joseba, haren istorioa jakin nuen eta kontatu beharreko istorio bat zela pentsatu nuen berehala. Proiektu korapilatsua izan da, oso abstraktua baita. Istorioa hondatu gabe marko batean kokatzeko erronka genuen aurrean. Melodia oso ederra genuen, baina hitza sortu behar genuen. Pantailara eraman ahal izateko zehaztu beharrean geunden. Baina uste dut lortu dugula», azaltzen du Hendaian bizi den Maglionik. «Bere ezgaitasun horren gainean egiten dituen gauzak, itsaslabar batzuetara jaisteko hartzen dituen arriskuak… Zergatik egiten ditu? Motor bat, behar bat daukalako. Hori da haren borroka, artearen borroka. Hori da ardatza. Kontatu nahi duenaren eta lortzen duenaren arteko borroka», gehitu du San Sebastianek.

Hitza sortu behar izan dutela dio Maglionik, baina oso hitz gutxiko lana da “Balearen Begia”. Behaketa dokumental bat dela esan liteke. Protagonistarekin prozesu horri jarraitzea, tailerrean nola egiten duen lan aztertzea, itsasoarekin nola hitz egiten duen edo komunikatzen den ikustea edo erlazio hori nola bizi duen mirestea. «Dena oso artikulatuta kontatzen badizute, ahaztu egiten duzu. Gure partetik jarri behar dugu gure egin ahal izateko. Sortu digun emozioa, horrela, gurekin eramango dugu. Isiltasun horrek ematen digun pausagune horretan bere buruan sartzen zara, zer ari ote den pentsatzen galdetzen diozu zeure buruari. Sentimendu horiek zure egiten badituzu, orduan ulertzen duzu».

Dokumentala udaberrirako loratzea dute aurreikusia, otsailean edo martxoan aurkeztu nahiko lukete. Baina hori ere pandemiak baldintzatuko du. Eta azken lanek ere. Soinu postprodukzioan daude. Izan ere, isiltasun horiek oso garrantzitsuak dira. Itsasoaren soinuak, ahotsak, zaratak oso garrantzitsuak dira istorio hau zizelkatzerakoan eta denbora asko eskainiko diote lanketa horri.

Une honetan postprodukzioan den hamabost minutuko dokumentala ikus-entzunezko obra intimista bat bezala definitzen dute egileek, gizakiaren eta naturaren arteko deskonexioa salatzea duena helburu. «Saminetik hasi zen lanean balea ikusi zuenean eta orain, bere egur lanen bitartez, samin hori mundutik barreiatuta dago. Hori ere kontatu nahi dugu». Izan ere Kolonbia, Norvegia edo Espainiar Estatutik eskatu dizkiote baleak Mercaderri. Samin hori, beraz, udaberrian sentitzeko aukera izango dugu.