NAIZ

Arazo handirik ez dago momentuz Mantxako Kanalean Brexitaren lehen egunean

Momentuz ez da arazo handirik izan Mantxako Kanalean ematen den kamioien joan-etorrian Brexitaren lehen egunean, urte berriko asteburu lasaiaren ostean.

Kamioiak Doverreko portura iristen, Europara bidean. (Glyn KIRK/AFP)
Kamioiak Doverreko portura iristen, Europara bidean. (Glyn KIRK/AFP)

Hasi berri den astean ikusiko da Boris Johnsonen prestaketa lanen egokitasuna, herrialdeak Europako Batasunaren merkatua mende erdi baten ostean utzi eta gero.

Arratsalderako ez da berebiziko arazorik sumatu Mantxako alde batean edo bestean,  Eurotunelaren terminaletan eta Ingalaterrako hego-ekialdean dagoen Douvreseko ferry-terminalean. Bertatik 2,4 milioi ibilgailu astun igaro ziren 2019an.

«Trafiko erosoa dago portuan (Brexita martxan jarri zen) urtarrilaren 31tik hona», ziurtatu du bertako bozeramale batek. Hala ere, azken egunetan askoz kamioi gutxiago igaro dira bertatik.

«Urte hasiera oso lasai doa», baieztatu du BBCan Chris Parkerrek,  DFDS ferryen konpainiaren bozeramaileak, eta muga pasatzeko beharrezko formalitateek atzerapenik ez dutela eragin ziurtatu du.

Brexitaren ondorengoak berebiziko inportantzia du Boris Johnsonentzat, Britainia Handia koronabirusaren aldaera berriaren eraginez lur jota dagoen honetan, 75.000 hildakoekin.   

Gabon egunaren bezperan Europar Batasunak eta Londresek sinatu zuten merkatal akordioari esker ez da aduanarik eta kuotarik ordaindu beharko, mugan sortu zitekeen kaosa ekidituz. Hala ere, paperak bete beharrak arazoak sor ditzake oporren ostean ohiko merkatal-trukaketa berreskuratuko denean.

Baimen elektronikoa

Dena den, Britainia Handiak ez ditu tramite guztiak berehala eskatuko uztailera arte. Ordutik aurrera baimen elektronikoa erakutsi beharko dute Europara zeharkatu nahi duten kamioi-gidailariek.

Enpresa txikiek eta ertainek ordurako prest egongo ez diren beldur da Gobernua, eta kamioi pilaketak sortu daitezke.  Egoera hori aurrikusita, Gobernuak kamioientzako parking erraldoiak eraiki ditu.

Helburua Gabon inguruan bizi izan zen kaosa ekiditea da. Milaka kamioi blokeatuta geratu ziren orduan, koronabirusaren aldaera berriaren harira Estatu frantsesak mugak itxi zituelako. Mila soldadu inguru bidali behar izan zituen Britainia Handiak trafiko arazoak arintzeko eta Brexit kaotiko baten mamua aurreikusi zuen.