NAIZ

Levante eta Betis, Portugalete eta Mutilvera talde apalen erronka erakargarriak

Portugaletek eta Mutilverak Lehen Mailako taldeen aurka jokatuko dute Kopako bigarren kanporaketan. Bizkaitarrak Levanteren aurka lehiatuko dira −jokalari valentziarrak PCR proben emaitzen zain daude− eta nafarrek Betis hartuko dute. Erronka erakargarriak dituzte aurretik.

Portugaleteko jokalariak Ponferradina kanporatu ostean. (CLUB PORTUGALETE)
Portugaleteko jokalariak Ponferradina kanporatu ostean. (CLUB PORTUGALETE)

Urteberriarekin batera, hemen dira Kopako kanporaketa berriak, talde apalentzat erronka erakargarriez beteta. Euskaldunen artean, Portugalete eta Mutilverak neurketa gogorrak izango dituzte asteazken honetan −Amorebietak ostegunean jokatuko du Gijonen aurka, talde asturiarren 6 jokalari covid-19az kutsatuta egon arren−.

Zalantza berarekin aurkitzen da gaur gaurkoz Levante, taldean positibo bat antzeman ostean (Rober Pier). Jokalari guztiek bigarren PCR proba bat egingo dute Portugaletera bidaiatu aurretik. Ilusioz beteriko neurketa izango da talde bizkaitarrarentzat, Ponferradinari irabazi ostean Lehen Mailako talde baten aurka jokatzeko aukera izango baitu; jokatu eta irabazteko aukera ere hortxe dago, nahiz eta oso zaila dirudien.

Iaz ere modu berean hasi zuten Kopako ibilbidea; Extremadura kanporatu ostean Betis jaso zuten Portugaleten. Neurketa serio bat egin ostean, baina, ez zuten saririk eskuratu eta bigarren kanporaketan agur esan zioten Kopako txapelketari. Valentzia eta Getaferen aurka ere neurtutakoa da La Floridako taldea eta bietan kanporatua izan zen. Aurtengoan bidea luzatzea espero dute. Nolanahi ere, futbolaz «disfrutatzeko» beste aukera bat moduan ikusten dute Levanteren aurkako norgehiagoka.

Betisek Aranguren bisitatuko du

Aurtengo edizioan Betisek ere Euskal Herria zapalduko du Kopako bigarren kanporaketan. Oraingoan, Mutilvera izango du aurrean. Nafarrek Santanderreko Racing kanporatu zuten lehenenengo neurketan eta Betisen aurka lehiatzeak suposatzen duen erronkari aurre egiteko prest agertzen dira.

10.000 biztanle inguruko herri bateko taldea Lehen Mailan historikoa den taldearen aurka lehiatuko da. Pellegrinik gidatutako taldea ere koronabirus kasuek kolpatuta iritsiko da Arangurenera (Joaquin, Guardado, Montoya eta Moreno) eta gainera, elurrez apaindutako inguruarekin egingo du topo. Hau guztia pizgarri izan daiteke etxeko taldearentzat, historian kapitulu berri bat egiteko prest dagoena.

Hala ere, Andoni Alonso Mutilverako entrenatzailea ez da fidatzen eta momentu oro adi egon beharko direla nabarmendu du. Defentsan sendo aritu eta geldikako jokaldietan nagusitasuna erakutsi beharrean egongo direla iritzi du Alonsok.