Jon Ormazabal

Fidagarritasuna distiraren gainetik jarrita, lidergoan dira Olaizola eta Rezusta (22-19)

17-11 atzetik joan ostean, Peña-Albisuk 17-18 aurretik jartzea lortu dute baina azkenerako pilatutako 12 hutsak gehitxo izan dira bost baina bota ez dituzten eta lidergoan jarri diren Aimar Olaizola eta Beñat Rezustaren aurka.

Galdutako pilotak izan dira Peñaren partida onaren orbain bakarra. (Gorka RUBIO/FOKU)
Galdutako pilotak izan dira Peñaren partida onaren orbain bakarra. (Gorka RUBIO/FOKU)

Euren izen eta izanei dagokien distira beste egunen baterako utzita, Aimar Olaizola eta Beñat Rezustak sailkapeneko lehen postua eskuratu dute Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisuri, sufrituta, 22-19 irabazita.

Partida gorabeheratsu batean abantaila garrantzitsuak izan badituzte ere (17-11 aurreratu dira), partidaren azken txanpan pilota gutxiago galtzeak eman die garaipena faborito ziren goizuetarra eta bergararrari. Pentsa, bikote gipuzkoarrak 17-18 eta 18-19 aurretik jartzea lortu du, baina partidako azken lau tantuotatik hiru (ataundarrak bi eta tolosarrak beste bat) eurak galdutakoak izan dira eta eskuetatik ihes egin die garaipena itxura ona eman duten Peña eta Albisuri.

Lehen jardunaldi osoan izan ez zen oreka eta emozio guztia izan du asteazken honetan Eibarko Astelenan jokatutako partidak, nahiz eta berdintasun hori bigarren atsedenaldi luzetik aurrera baino ez den islatu markagailuan. Orduantxe jarri dira, Peñak sakez lortutako tanto bati esker, lehen aldiz urdinak aurretik markagailuan, baina partida bukatzeko argitasuna falta izan zaie, bizirik mantentzeko egindako esfortzu handiaren ostean.

Izan ere, jokoan gutxiago ez izanagatik, markagailuan korrontearen aurka igeri egitea egokitu zaie gipuzkoarrei. Launako berdinketaren ostean, ia ohartzeke, abantaila erosoak lortu dituzte errematean asko asmatu duen Aimar Olaizolak eta Beñat Rezustak.

Puntuaz harago, gaurko partidak bazuen beste interes gune bat, orain arte inoiz izan ez duen konpetentzia sortu baitio Albisuri bergararraren fitxaketak. Nolabait esateko, Baikoko atzelarien artean lehen postua ere bazegoen gaur jokoan eta lehia hori berdinketan edo geratu dela esan genezake, bietako inor ez baitzaio besteari nabarmen nagusitu.

Aspek utzitako pilotariaren kasuan, ezker eskuan ohikoa baino tako gehiagorekin, ez du agian udan izan zuen txispa hori erakutsi, konfiantza ez du topera, baina partida batez ere sendoa jokatu du. Albisuri, bere aldetik, lan asko egitea tokatu zaio, kantxan asko mugitu behar izan du eta azken asteetan emandako maila ikusita, Rezustaren aurrean aurpegia emateko gai izan dela ikustea, bere materialarekin nagusitzera ere iritsi da, oso berri ona da.

Akatsak galbide

Aurreko koadroetan, Aimar Olaizola Peña baino eraginkorragoa izan da, batez ere, apenas egin duelako akatsik. Oso ondo ekin dio partidari Goizuetarrak, gantxoan eta sake-errematean min asko eginda, baina partidaren erditik aurrera Jon Ander Peñak hartu du frontis inguruko agintea, pilotari beste abiadura bat emanaz.

Galdutako pilotak izan dira, ordea, urdinen galbidea, dezente gehiago galdu dituzte eta. Denera 12 izan dira gipuzkoarrek botatako pilotak, hauetariko hiru –Albisuk bat gora eta bestea behera eta txapara botatakoa Peñaren bestea– partidako azken tantoetan eta irregulartasun hori izan da gaur euren porrotaren arrazoi nagusia, nahiz eta emandako itxura ona izan den orokorrean.

 

FITXA TEKNIKOA:

Olaizola-Rezusta: 22

Peña II.a-Albisu: 19

Pilotakadak: 591. Iraupena: 61,44 minutu. Markagailua: 3-0, 3-1, 4-1, 4-4, 10-4, 10-5, 11-5, 11-8, 14-8, 14-9, 15-9, 15-11, 17-11, 17-18, 18-19, 22-19. Sakeak: 0 Olaizola II.ak eta 2 Peña II.ak. Tantoak: 10 Olaizola II.ak, 0 Rezustak,  11 Peña II.ak eta 1 Albisuk. Hutsak: 2 Olaizola II.ak, 3 Rezustak, 7 Peña II.ak eta 5 Albisuk. Gorabeherak: Eibarko Astelena pilotalekuan jokatutako partida, ikuslerik gabe.