Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Alarma piztu da hegazti gripearen lehen kasuak Biarno eta Zuberoa artean atzeman ondoren

Biarno eta Euskal Herria arteko mugaldean hegazti gripearen hainbat kasu susmagarri ikertzen ari diren bitartean, Landetan izurritea «kontrolik gabe» zabaldu dela onartu eta «ehunka mila ahate hiltzeko perspektiba» mahaigainean jarri du frantziar Nekazaritza ministroa den Julien Denormandiek.

2017ko hegazti gripearen karietara Bidaxuneko Lataillade baserrian ahateak salbatzeko antolaturiko ekintza. (Isabelle MIQUELESTORENA)
2017ko hegazti gripearen karietara Bidaxuneko Lataillade baserrian ahateak salbatzeko antolaturiko ekintza. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Abenduaren hasieraz geroztik beldur ziren Ipar Euskal Herriko ahate hazleak. Orduan jakinarazi baitzen Landetako Chalosse eskualdean kokaturiko etxalde batean hegazti gripearen agerraldia atzeman zutela.

Harrezkero koronabirusari loturiko berriek albistegiak bete badituzte ere, isilean, hegaztiei dagokien gaitza etengabe zabalduz joan da Ipar Euskal Herria inguratzen duten departamenduetan.

Gaur gaurkoz «izurritea kontrolik gabe dagoela» nabarmendu du François Lesparre, FDSEA laborantza sindikatuak Landetan duen presidenteak.

France3 Nouvelle Aquitaine telebista katearekin mintzo zelarik, egoera erabat kaotikoa deskribatu du Lesparrek.

«Esplotazio anitzetan ahate hilak daude nonahi eta abeltzainek ezin dute horrela jarraitu, ezta animaliak ebakuatu ere», azaldu du.

Egoera horretan bere gomendioa argia bezain beldurgaria izan da. «Landetako departamendu osoa hegaztiz hustu behar da, hau da, animaliak behar ditugu akabatu, gaixorik izan ala ez, hala Pirinio Atlantikoetako eta Gerseko etxaldeak babestu ahalko ditugu, ontsalaz», defendatu du frantziar Estatuan laborantza sindikatu nagusia den FDSEAko ordezkariak.

Oso bestelako iritzia dauka Confederation Paysanne sindikatuak. Ildo beretik sindikatu sare horren kide den ELB euskal sindikatuak ere ez du iraganean hegazti sanoak hiltzeko gomendiorik jarraitu.

Ahate sanoak hiltzeari uko egin zioten euskal laborariek

Hegazti gripeari loturiko azkeneko krisiaren karietara ahateak hiltzeari uko egin zioten hainbat euskal abeltzainek ELB sindikatuaren sostenguz.

Krisia amaitu zenean, beraiek eman zuten hitza bete zen: bestelako ahate arrazak hazten dira Euskal Herrian non etxaldeek tamaina tipiagoa daukate normalean.

Gauzak horrela, isunak eta auziak jasan bazituzten ere, laborari horiek hazten zituzten ahateak bizirik eta sano ziren departamenduko albaitaritza zerbitzuko arduradurek izurritea amaitutzat eman zutenean.

Elkartasun mugimendu zabala antolatu zen Iparralden abeltzain intsumituak babesteko. Are, tokiko hainbat alkatek bat egin zuten Prefeturak emandako aginduei muzin egiteko orduan.

Protesta ekimen horren parte-hartzaileetariko bat izan zen Alain Latailladek hala oroitarazi du telebistaren kameren aurrean.

Orduan bezala orain ere argi dauka zer bidea hartuko duen. «Prefetaren dekretu bat jasotzen badugu gure kabalak hil behar ditugula esanez, sentitzen dut baina onik diren animaliei ez diegula tiro egingo erranen diot», oharrarazi du Bidaxuneko hazleak.

119 agerraldi atzeman dituzte Landetan

Biarno eta Zuberoa arteko mugan kokatzen den Lixoze herrian hegazti gripearen lehen kasu susmagarri agertu ondoren -horrela eman du jakitera ELB sindikatuak baina litekeena da kasu gehiago izatea azkeneko egunotan oso azkar zabaldu baita izurritea- alarma gorria piztu da.

Ostiral arratsaldean izurriteak gogor jo duen lurraldera bertaratu da frantziar Nekazaritza ministroa. Orotara 119 agerraldi atzeman baitira Landetan, non ahateak hiltzeko prozedurak martxan dauden.

Mont-de-Marsanera eginiko bisita horrekin Julien Denormandie ministroak «gaisotasunari aurre egiteko prebentzio neurriak areagotzeko mezuari indarra eman nahi diola» nabarmendu dute ministerioko iturriek. Ministroak baieztatu du gaitza «kontrolik gabe» hedatu dela eta «milaka ehun ahate hiltzeko prespektiba» jarri du mahaigainean.

Iraganean gertatu bezala, Parisek ahateak hiltzeko politika hobesten badu, eta hori pentsatzera eramaten dute ministroaren hitzek, ziurtzat eman daiteke Euskal Herrian laborarien mugimendua berpiztuko dela.

Heldu den astelehenean hedabideen aurrean agerraldia eginen dute ELB sindikatuko kideek Euskal Herriko Laborantza Ganberak Ainize-Monjolosen duen egoitzan.

Han azalduko dute nola jokatuko duten euskal hazleek ELB sindikatuak laboranza intentsiboaren ereduarekin lotzen duen osasun krisi berri honen aurrean.