Errealitatea
Berandu, oso berandu bada ere, immobilismoaren garaia amaitu da eta, tantaka, ikasturte bat pasata emaitza ikusgarria da.
Asteartean Foro Sozialak agerraldi publikoa egin zuen euskal presoen egoeraren azterketa aurkezteko. Eragileak baikor egoteko arrazoiak daudela adierazi zuen, estatuen immobilismoa gainditu baita. Zaila da baikorra izatea Aietetik bederatzi urtera oraindik egoera honetan gaudenean, eta urteotan zenbait kide espetxean hil direnean. Baina egia da, berandu, oso berandu bada ere, immobilismoaren garaia amaitu da eta, tantaka, ikasturte bat pasata emaitza ikusgarria da. Foro Sozialak aukerak ikusten ditu ikasturte honetan bidean aurrera egiten jarraitu eta lehen fasea ixteko, larri gaixo dauden presoen eta 70 urtetik gorakoen egoerari irtenbidea emanez, presoak euskal espetxeetara hurbilduz, lehen gradutik bigarrenerako bilakaera eginez, frantziar Estatuan betetako zigorren metaketa eta espetxe arloko transferentziak gauzatuz. Eta, oso garrantzitsua, Foro Sozialak aukerak ikusten ditu, lehen fasea itxita, 7/2003 legearen baitan zigortutakoen egoerari irtenbidea emateko fasean sartzeko.
Bestalde, atzo jakin genuen Parisko Dei Auzitegiak Mikel Barriosen bost urteko kondena berretsi duela eta Audientzia Nazionaleko Fiskaltzak Aitor Zelaia eta Galder Barbadorentzat zortzina urteko espetxe zigorra eskatzen duela. Era berean, Audientzia Nazionalak hamabi lagun deklaratzera deitu ditu urriaren 12an monarkia eta hispanitatearen kontrako performance bat egiteagatik, eta aste batzuk lehenago, “Bateragune auziaren” epaiketaren errepikapenaren berri izan genuen. Hau da errealitatea. Errealitate honen kontra egin behar da borroka, ahalik eta indar metaketa zabalenak lortuz kale, ikastetxe, fabrika eta instituzioetan. Aukera-leihoak aprobetxatuz, ahal denean, beti ez baita aukera-leihorik irekita egongo.
Nola esan zuen Linerak? «Tocan tiempos difíciles. Pero, para un revolucionario, los tiempos dificiles son su aire. De eso vivimos, de los tiempos difíciles. De eso nos alimentamos, de los tiempos difíciles. (...) Luchar, vencer, caerse, levantarse, vencer, caerse, levantarse, luchar, vencer, caerse... hasta que se acabe la vida. Ese es nuestro destino. Para eso estamos».