NAIZ

Goya sarietako izendatuen irakurketa atzeratu da, eguraldiak behartuta

Estatu espainiarreko Zinema Akademiak, 35. edizioko Goya sarietako izendatuen irakurketa atzeratu du. Biharko zegoen aurreikusita, baina Madrilen elurrak sorrarazi duen egoeragatik  atzeratu behar izan dute. Izendatuen artean, film euskaldun ugari.

«Cholitas» dokumentalak aukera asko ditu. (FB ARENA COMUNICACION AUDIOVISUAL)
«Cholitas» dokumentalak aukera asko ditu. (FB ARENA COMUNICACION AUDIOVISUAL)

Estatu espainiarreko zinema sarietan izendatutakoen titulu eta egileen izenen irakurketak bihar behar zuen izan. Atzo jakin zenez, ekitaldia atzeratu egin da eta ez dute zehaztu noiz egingo den. Ana Belenek eta Dani Rovirak 2021eko finalistak iragarri behar zituzten.

«Madrilgo Erkidegoko egoera meteorologikoa kontuan hartuta eta gomendio ofizialei jarraituz, 35. Goya Sarietako izendatuen irakurketa atzeratzea erabaki du Zinema Akademiak», aipatu dute gaur komunikatu batean.

2020. urteko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean estreinatutako 155 filmen artean egingo da aukeraketa. Horietatik –aurreko edizioan baino hamar gehiago egin dira–, 82 fikziozkoak dira, 72 dokumental –iaz baino 17 gehiago, genero horrek izan duen gorakadaren seinale– eta animaziozko bat.

Zerrenda honetan, noski, euskal film dezente daude, atal desberdinetan. Atzeratu den ekitaldiaren ostean, ‘garbiketa’ egingo da eta Goya sarietara hautagai direnak finkatuko dira. Euskal Herriko ekoizpena, horietatik asko euskaraz egina, oparoa izan da eta horren adierazle Goyako hautagaitzak. Begirada bat botatzea besterik ez dago: Pablo Agueroren ‘Akelarre’, Asier Altunaren ‘Arzak since 1897’, Daniel Pérez Sañudoren ‘Ane’, Jaime Murciego eta Pablo Irabururen ‘Cholitas’ dokumental zirraragarria, Natxo Leuzaren ‘El Drogas’ dokumentala, Imanol Rayoren ‘Hil kanpaiak’ bikaina edo Oskar Alegriaren ‘Zumiriki’. Azken honek sari dezente jaso ditu nazioarteko jaialdietan.

Banaketa gala, aldaketarik ez badago bederen, otsailaren 27an egingo da Malagan.