Herri minak eta ama hizkuntzan idatzi ezinak sufritu arazi zuen Agota Kristof (1935-2011) egilea bere Hungaria maitea atzean utzi eta Suitzan, atzerrian, bere jaioterria ez zen hartan, hil zen arte. Haurtzaroa izan zuen arorik zoriontsuena. Lau urte baino ez zituela deskubritu zuen betirako nola eulia armiarma sarean harrapatuko zuen zaletasuna: irakurketa. Geroztik, beti izan zituen liburuak bidelagun, baita idazketa ere. Literatura, hitz larriz, izan zuen oxigenoa.
Hamalau urterekin hiri batera joan behar izan zuen, estalinismoak gazteak adoktrinatzeko sortu zituen barnetegi batera. Lau urte eman zituen han, non ezagutu zituen libertate eza, lehen hizkuntza arrotz inposatua, alegia, errusiera, familiaren sakabanaketa eta diziplina militarra. Ezkutuan eta ahal zuen guztietan irakurri egiten zuen eta idazketa sekretu batez poemak osatzen zituen iragan galduari buruz. Hantxe ezagutu zuen pobrezia galanta eta sos batzuk edo jan apurren bat lortzeko esketxak idatzi zituen gero barnetegian eta eskolan antzezteko bizpahiru lagunekin. Saririk onena, ordea, barre eragiteak ematen omen zien, izan ere oso garai grisak ziren haiek.
Haren biografiaren printza hauek eskaini ditu astearte honetan Eskarne Mujikak, laugarrenez Agota Kristofen lan bat euskarara ekarri duen itzultzailea. Miresmenez, maitasunez, eta esaten duena ondo dakiela erakusten duen irmotasunez esan ditu. ‘Analfabetoa idazle’ (Alberdania) narrazio autobiografikoaren itzulketak ekarri du lehen lerrora, aurretik, ordea, euskaratu dizkio arrakastaz ‘Koaderno handia’, ‘Atzo’ eta ‘Berdin dio’ izenburuak.
Kristof barnetegitik irtendakoan alfonbrak tindatzeko fabrika batean jarri zen lanean, baina ez zion poemak idazteari utzi eta zenbait literatura aldizkari hungariar batean argitaratu zituen. «Ezkondu egin zen oso gazterik garai hartan, eta handik gutxira herria gobernuaren eta komunisten aurka altxatu zen baina sobietarrek matxinada eragotzi zuten eta berehala etorri zen jazarpena. Hildako ugari eta jende asko sobiertar batasunera deportatutik. Senarra atxilo hartuko zuten beldurrez, bikoteak alabatxoa hartu eta Austriara joan zen. Ihesa, muga», kontatu du Mujikak. Gero ailegatu ziren Suitzara, betirako bizileku izan zuten herrialdera.
Ez zen sekretua: altzairuzko oihalaren alde honetan lehen urteak «oso zailak» egin zitzaizkion, dena zitzaion arrotza. «Deserriak zauri sakona egin zion, deserroturik sentitzen zen, familia galdu zuen, herri baten parte izateari utzi zion, ezin zen bere hizkuntzan bizi, erdibi eginda gelditu zen betiko, iraganaz gabetua», kontatu du itzultzaileak, bere idazketa eta tonua ulertzeko inportanteak direla sinetsita.
Bizileku zuen erbestean, beraz, eguneroko bizimodua goibela zen idazlearentzat, «hutsa, beti berdina esperantzarik gabea». Herrimina eta iraganaren nostalgia gainditu ahal izateko idazten hasi zen babesa hartu zuen herrialdearen hizkuntzan, frantsesez, bere bizitzan «jasan» zuen bigarren hizkuntza inposatuan, hain zuzen. «Horrexek salbatu omen zuen, idatzi beharra zuen bizirik iraungo bazuen. Orri urri horien artean horrelakoak kontatzen ditu ohiko estiloan», adierazi du ‘Analfabetoa idazle’ obraz.
Sinplea itxuran
Egilearen lan hau 2004an argitaratu zen, hil baino zazpi urte lehenago. Noiz idatzi zuen ordea, ezin da zehatz jakin, izan ere harreman estua zuen editore batek kontatu zuenez, baziren hamabost bat urte idazteari utzi ziola «neke fisikoagatik».
Esaldi sinpleak eta zehatzak erabiltzen zituen Kristofek, eta narrazio autobiografiko hauetan ere hala egin zuen. Esaldi biluziak, non apenas dagoen deskribapenik ezta adjektiborik. «Eta hala ere hunkidura eragiten du, zeren tonua hain da indartsua, tarteka poesia zipristinen bat jarriaz eta ironiazko ukituren bat erabilita», deskribatu du. Aditzera eman duenez, hortxe dago zailtasuna euskarara Agotaren obra ekartzean: ustezko edo itxurazko sinpletasuna, tranpatia dela. «Sinple ematen duena euskara jator eta natural batera ekartzea».
Hizkuntzaz beste begirada bat
Aurkezpen ekitaldian Anjel Lertxundi idazlearen parte hartzea ez da kasualitatearen fruitua izan; aurkezpen lanak egin ditu obrarekin liluratuta gelditu baitzen orain urte batzuk. Erronka gisa planteatu zion Mujikari, ea itzuliko ote zuen. «Liburu labur eta liburu handi baten aurrean gaude», adierazi du.
Errelato autobiografiko bat bada ere, genero honen bitartez eramaten du egileak irakurlea hizkuntzaz hausnartzera ohikoak ez diren zirrikituetatik. Eta hortxe du balioa, besteak beste, Lertxundiren ustez. «Ohituta gaude, hizkuntzaz ari garenean, ikuspegi politikotik, soziolinguistikatik edo hizkuntzalaritzatik hitz egiten. Are gehiago euskara bera tarteko denean». Baina oso bestelako ikuspegia da emakume honek ‘Analfabetoa idazle’ lanean ematen duena, «literaturaren barrutik heltzen baitio hizkuntzen arteko dialektikari eta, adibidez, alemana, errusiera edo frantsesa bera ‘hizkuntza etsaitzat’ definitzen dituenean, literaturgile baten ikuspegitik egiten du gogoeta, ez jarrera politiko edo soziologiko edo soziolinguistiko batetik».
Lertxundiren aburuz, «oso bakanetan egokitu zaigu hizkuntz aldaketaz eta ama hizkuntzaren galeraz hain jardun gordin eta aldi berean literarioa irakurtzea».
Izenburutik bertatik erreferentzia egiten zaion ‘analfabetoa’-aren atzean idazle bat dagoela argitzea inportantea ikusi du Lertxundik, eta ez du aipatu gabe utzi nahi izan zeren jatorrizko izenburua ‘L'analphabète’ (emakumezkoaren generoan idatzia) baita. Hungaria zuen jaioterria eta hango hizkuntza atzean utzi behar izan zituen; adopziozkoa zuen hizkuntzan sentitzen ei zen horrela, analfabetoa.