NAIZ

Hauteskundeak hiru hilabetez atzeratzea da Govern-ek aztergai duena

Ostiralean erabakiko du Generalitateko Govern-ak otsailaren 14an deitutako hauteskundeei eusten dien ala ez. Baina aukera hori gero eta zailagoa da, gaur Osasun Publikoaren Departamenduak hauteskundeak ez direla egokiak ziurtatu ondoren. Hiru hilabeteko atzeraldia gerta daiteke.

Mossoen kontrolak Bartzelona aldean, mugikortasunari jarritako murrizketak direla eta. (Josep LAGO | AFP)
Mossoen kontrolak Bartzelona aldean, mugikortasunari jarritako murrizketak direla eta. (Josep LAGO | AFP)

Otsailaren 14an Katalunian egitekoak diren hauteskundeak maiatzera edo ekainera atzeratuko direla ematen du. Ostiralean hartuko du erabakia Generalitatek, alderdiekin hitz egin ondoren, baina bertan behera uzteko aukera indartu du gaur Osasun Publikorako Sailak, hurrengo hilabetean egitearen kontrako iritzia emanez.

Alderdi guztiek oniritzia emango liokete atzerapenari, itxuraz. PSC da otsailaren 14ko hitzorduari eutsi nahi dion bakarra, filtratzen ari denaren arabera. Jakina da apustu handia egin berri duela, Osasun ministro den Salvador Illa ustekabean zerrendaburu bihurtuz, nahiz eta honek pandemiaren kudeaketa alboraraziko dion. Hauteskunde kanpaina hasi arte ministro lanetan jarraitu nahi du Illak.

PSCren tesiaren ustez, konfinamendua ezartzen ez bada (eta Gobernu espainola ez da horren aldeko), hauteskundeak egingarriak dira, berme egokiak jarrita.

Honezaz gain, erabakia ez lukeela Govern-ek hartu beharko, Estatuko Hauteskunde Batzordeak baizik, ari da argudiatzen lehen Miquel Iceta hautagai zuen alderdiak. Ostiralean atzeratzea aginduko balitz, Batzorde honetarako joko luke PSCk, bestelako erabakia urratzen saiatzeko? Ikusteko dago.

Atzeratzearen aldeko joera garbia agertu dute Ciutadansek eta CUPek, esparru politikoaren bi muturretan dauden arren. Eskubiko alderdiaren partetik zera esan du Carlos Carrizosa hautagaiak: «Ez dut nere burua Zainketa Berezietako Unitateak gainezka dauden bitartean kanpaina egiten ikusten».

ERCren aldetik, Sergi Sabrià Legebiltzarreko eledunak «arduraz» jokatzea eskatu die besteei eta otsailerako aurreikuspenak «ez direla baikorrak» nabarmendu du. Illak egindakoa ere kritikatu du: «Bere alderdiaren interesak interes kolektiboen gainetik jartzen duen Osasun ministroa bakarra izango da», aipatu du.

Iritziak alde batera utzita, datuak kezkagarriak dira oso: azkeneko 24 orduotan 5.000 positibo zenbatu dira eta 2.501 lagun daude erietxeetan, covid-19ak jota, horietatik 493 zainketa berezian.

Gauzak honela, hauxe esan du Josep Maria Argimon Generalitateko Osasun Publikoko idazkariak: «Ikuspegi epidemiologiko batetik, ez da hauteskundeak egiteko unerik onena».