NAIZ

‘Lurraldea eta Hizkuntza’ jardunaldien bosgarren edizioa egingo dute Donostian

‘Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz’ jardunaldia antolatu dute elkarlanean Gipuzkoako Aldundiak, Kontseiluak, UEMAK eta UEUk. Topaketa urtarrilaren 23an egingo da Donostiako San Telmo Museoan eta zuzenean ere jarraitu ahal izango da UEUren Youtubeko kanaletik.

Kepa Sarasola, Garbiñe Mendizabal, Paul Bilbao eta Iraitz Lazkano, jardunaldien aurkezpenean. (Gorka RUBIO/FOKU)
Kepa Sarasola, Garbiñe Mendizabal, Paul Bilbao eta Iraitz Lazkano, jardunaldien aurkezpenean. (Gorka RUBIO/FOKU)

‘Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz’ jardunaldien bosgarren edizioa antolatu dute elkarlanean Gipuzkoako Aldundiak, Kontseiluak, UEMAK eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU).

Nazioarteko esperientzien berri izateko, garapen soziekonomiko endogenorako ereduak ezagutzeko, arkitektoen betaurrekoak janzteko eta arnasguneetan oinarritutako hizkuntza politiken ereduan sakontzeko saioa izango da oraingoa. Topaketa urtarrilaren 23an egingo da Donostiako San Telmo Museoan.

Aurkezpenean Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak; Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak; Iraitz Lazkanok, UEMAko lehendakariak eta Kepa Sarasola UEUko zuzendariak parte hartu dute.

Garbiñe Mendizabalek hartu du lehendabizi hitza. Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak arnasguneak «babestu ez ezik, hizkuntzaren erabileraren ikuspegitik dituzten ezaugarriak garatzeko eta zabaltzeko beharra» azpimarratu du eta «ahalegin partekatu horretan» Gipuzkoak lurralde gisa duen konpromisoa berretsi du.

Paul Bilbaok jardunaldi honek orain arte egin duen ibilbidea laburbildu du. «2014ean hasi genuen Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldien ibilbidea. Lehen edizio horretan, oinarri batetik eta hipotesi batetik abiatzen ginen. Hipotesia, berriz, hizkuntza normalizazio prozesuan hizkuntza-politika sailetatik aparte egiten diren politikek, eta zehazki lurralde antolaketatik egiten direnek, berebiziko eragina dutela», adierazi du Bilbaok.

Bilbaoren esanetan, ibilbide oparoa egin dute, hizkuntza normalizazio prozesuan arnasguneen zeregina eta garrantzia gero eta gehiagok ematen dutelako ontzat. Kontseiluko idazkari nagusiak aipatu du ‘Lurraldea eta Hizkuntza’ jardunaldien aurreko edizioek erakusten dutela hizkuntza-politika egin egiten dela politika publiko guztietan, eta politika publiko guztiek badutela eraginik euskararen normalizazio prozesuan.

Iraitz Lazkanok, UEMAko lehendakariak, udalerri euskaldunentzat jardunaldi honek bereziki duen garrantzia aipatu du: «Aurreko urteotako jardunaldietan arnasguneen garapen iraunkorrerako oinarriak mahai gainean jarri genituen, baina horiek nola abiarazi zehaztea ere garrantzitsua da, egin beharrekoen bidea ere zabaltzen hasteko, hitz hutsetan gera ez gaitezen. Bestetik, udalerri euskaldunen ezaugarriak kontuan hartuta, horietan garapen sozioekonomikoa modu iraunkorrean nola sustatu zehaztuko dugu, erdigunean bertakoa jarrita».

Amaitzeko, Kepa Sarasolak, UEUko zuzendariak jardunaldi hauek egiten ari diren ibilbide oparoa eta eragile desberdinen arteko elkarlana azpimarratu du. «UEUren zeregina da gizartean dauden beharrak aztertu eta esparru akademikora ekartzea hausnartu eta balizko irtenbideak emateko helburuarekin, eta Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiak egiteko horren adibide garbia dira, kezka batetik abiatuta erantzunak emateko gai izaten ari garelako», esan du zuzenariak.

UEUren webgunean matrikula egin eta jardunaldien egitaraua kontsulta daitezke, eta zuzenean ere jarraitu ahal izango da UEUren Youtubeko kanaletik.