Jon Ormazabal

Oinatz Bengoetxeak argi du azterketak gainditzen jarraitu beharko duela

Oinatz Bengoetxeak ilusioz hartu du Binakako txapelketan Iñaki Artola ordezkatzeko ardura baina badaki Asier Agirrerekin lehiatu beharko duela alegiarraren lekua betetzen jarraitu nahi badu.

Oinatz Bengoetxeak kiroltasunez hartu du Binakakotik kanpo geratzea. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Oinatz Bengoetxeak kiroltasunez hartu du Binakakotik kanpo geratzea. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Azken hilabeteak bereziki gogorrak izan badira ere, Oinatz Bengoetxeari ia denetik gertatu zaio profesional gisa daramatzan 18 urteetan. Txapelak, lesioak, dezepzioak, jendearen maitasuna... Ikasgairik ere izan du tartean, garrantzitsuenetako bat, kantxan irabazi behar izan duela leitzarrak heldu zaion ia aukera bakoitza. Eta horregatik, argi dauka frontoira irteten den bakoitzean azterketa bat gainditu behar duela onenen artean jarraitu nahi badu.

Azken 16 urteetan Binakako txapelketan titular postua irabazi ostean, aurten kanpoan geratzea egokitu zaio aurrelariari eta kiroltasunez, kirol legez, hartu du kanpoan geratu beharra. Iñaki Artolaren lesioak, ordea, lehiaketara itzultzeko aukera eman dio Binakakoaren hirugarren jardunaldian eta ilusioz hartu du erronka, nahiz eta ondo dakien, datorren astean ere jokatzen jarraitu nahi badu, itxura ona eman beharko duela ostiralean Zornotzan Peña II.a eta Albisuren aurka.

«Iñaki osatzerako hiru edo lau partida gutxienez izango dira baina nik badakit ez naizela ordezko fijoa eta, nire mailarekin, partidaz partida demostratu beharko dut ordezko postu hau merezi dudala eta saiatuko naiz paper ona egiten», azaldu du gaur goizeko material aukeraketan. Leitzarrak argi du Asier Agirre gogor ari dela estutzen, «oso maila ona ematen ari da azkenaldian», eta berarekin lehiatu beharko duela Arangurenen aurrelaria izateko, Artola osatu bitartean.

Bizi-legea

Horrenbeste urte eta gero Binakako txapelketatik at geratzeak «min» ematen duela onartu arren, «buelta azkar eman behar zaio. Banekien halako aukerak etor zitezkeela eta zoritzarrez Iñakik –Artolak– min hartu du eta etorri zait, ahalik eta hobekien egiten saiatuko naiz».

Izan ere, abuztuan 37 urte beteko dituela eta, argi du «pixkanaka-pixkanaka gero eta gehiago kostatzen» zaiola gazteekin lehiatzea. «Esperientzia irabazten ari dira, oso arinak dira, indartsuak eta badakit poliki-poliki postua kentzen joango direla. Hori argi daukat, aspalditik dut argi, eta normala ere bada», gaineratu du.

Ostiraleko partidaren inguruan galdetuta, Oinatz Bengoetxeak badaki Peña eta Albisuk gauzak oso zail jarriko dizkietela berari eta Arangureni. «Oso partida gogorra izango da, oso bikote indartsua dira, partida dominatuko dute eta guri sufritzea tokatuko zaigu, arriskuak hartu beharko ditugu eta gauzak ondo irteten bazaizkigu partida lehiatzeko moduan izango gara»