NAIZ

20 udalerritako bizilagunek ezingo dute udal eremutik atera eta tabernak itxita egongo dira

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 20 udalerritako bizilagunek ezingo dute udal eremutik kanpo atera eta taberna eta jatetxeak itxita egongo dira egoera epidemiologikoagatik. Zehazki, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 500 kasukoa edo hortik gorakoa izateagatik. 

Gernikako ostalaritzako terrazak. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)
Gernikako ostalaritzako terrazak. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

EAEko 20 udalerritako bizilagunek ezingo dute udal eremutik kanpo atera asteburu honetan egoera epidemiologikoagatik, eta tabernak eta jatetxeak itxita mantenduko dira. Halaber, eskola kiroleko jarduera eten egingo da.

Lakuako Gobernuko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaritzak ostegun honetan argitaratu duen ebazpenaren arabera, Agurain, Asparrena, Donemillaga, Zornotza, Bermeo, Gernika-Lumo, Lekeitio, Markina-Xemein, Muskiz, Mundaka, Sondika, Zamudio, Andoain, Beasain, Villabona, Aizarnazabal, Berastegi, Ibarra, Zegama eta Zumaia dira 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 500 kasukoa edo hortik gorakoa duten udalerriak.

Udalerri hauetako bizilagunek ezin izango dute herrialde berean dauden herrietara joan, lan egitera edo osasun zentrora joateko ez bada.

Dena den, Osasun Sailak argitaratu duen azken txostenaren arabera, hauek ez dira bakarrik 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 500 kasukoa edo hortik gorakoa duten udalerriak. Izan ere, 500 kasuen muga hori ere gainditzen dute Armiñonen, Artziniegan, Barrundian, Lantziegon, Lantaronen eta Eskuernagan, Araban; Arrankudiagan, Arrietan, Artzentalesen, Diman, Gadalmesen, Ispasterren, Munitibarren, Otxandion, Sondikan, Zaldibarren eta Zierbenan, Bizkaian; eta Alegian, Baliarrainen, Ezkio-Itsason, Ikaztegietan, Iruran, Itsasondon, Leaburun, Olaberrian eta Zerainen, Gipuzkoan.

Udalerrien egoera astelehenean berraztertuko da.