Zaldibar Argitu plataformak elkartasun ekitaldi bat antolatu du urtarrilaren 23rako Eibarko Armeria Eskolan, ‘Lagundu argitzen’ izenburupean. Zabortegia erori eta Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze hil zirenetik urtebete beteko denean –otsailaren 6an izan zen lur-jausia–, gertatutakoa oroitzeko, Euskal Herriko musikari eta sortzaile ezberdinek parte hartuko dute.
Horrela, Liher, Petti, Sastraka, Olatz Salvador, Miren Amuriza, Udane Eskudero, Aritz Salamanca, Antton Fernandez, Aiora Etxebeste eta Mattin Etxebeste, Miren Narbaiza, Zaloa Urain, Maite Mursego, Nerea Ibarzabal eta Eneko Sagardoyk, besteak beste, parte hartuko dute Nerea Ariznabarretak aurkeztuko eta 12.30ean hasiko den ekitaldian.
Era berean, epaiketak ekarriko dituen gastuei aurre egiteko crowdfunding kanpaina egun horretan abian jarriko dutela iragarri du Zaldibar Argituk. Lortutako dirua, Euskal Herriko Eskubideen Karta Sozaialarekin batera, erantzukizunak argitzeko epaiketan herri akusazioa aurrera ateratzeko erabiliko dutela adierazi du plataformak.
ADI! Laster urtebete beteko da Zaldibarko hondamenditik. Gertatua oroitzeko, elkartasun ekitaldi bat antolatu dugu, Euskal Herriko musikari eta sortzaile ezberdinek hartuko dute parte.
— ZALDIBAR ARGITU (@ZaldibarArgitu) January 14, 2021
Lagundu herri akusazioa babesten! Lagunduiguzu gertatutakoa argitzen!#LagunduArgitzen pic.twitter.com/NZq2n0c0e1
Dagoeneko sarrerak salgai daude online (entradium web orrialdean), edota Eibarko Guridi tabernan, Zaldibarko Imendian, Elgetako Haizean eta Ermuako Londonen, hain zuzen ere,
Zaldibar Argituk nabarmendu du elkartasun ekitaldi honetan musika akustikoan izango dela eta segurtasun neurriak uneoro beteko direla.