Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ
Elkarrizketa
Estibaliz Bajo
Futbolari ohia

«Talde txikietan dauden arazoei erantzun nahi diegu, askok arazoak baitituzte taldeak osatzeko»

Hamaika urtez baloiari ostikoak eman ostean, emakumezkoen futbolari beste bultzada bat emateko asmoz sartu da Gipuzkoako Federazioan Garai Berriak taldearen eskutik. 

Juan Carlos RUIZ I FOKU
Juan Carlos RUIZ I FOKU

Pozik aurkitzen da Esti Bajo, «bizitzan» ere gauzak ondo doazkiolako, «egoera zail honetan lana mantentzea lortu dut». Lehentasunak argi ditu, baita konpromisoa ere. Gipuzkoako Futbol Federazioaren agintaldi berriko lantaldean dago. Justu Gabonen aurretik hasi ziren martxan eta beraz, bilerak ditu han eta hemen [abenduaren 28an egin zen elkarrizketa]. Hiru euskal talderekin Lehen Mailan jokatutakoa da donostiarra (Reala, Oiartzun eta Athletic) eta mastitis errepikatu baten ondorioz, futbolari ibilbidea amaitu zuen duela hiru urte. Garai Berriak taldea Juan Luis Larrearen 33 urteko agintaldiari astindu oparoa emateko asmoarekin iritsi da Federaziora, eta emakumezkoen futbolari bultzada emateko eta hala nola arlo soziala indartzeko, “fitxatu” dituzte Bajo zein Ane Bergara gisako futbolari ohiak. GAUR8rekin errepasatu du donostiarrak iragana eta oraina, zeinetan padelean jokatzeaz gain, proiektu profesional zein pertsonalez «beteta» aurkitzen den.

Garai Berriak aldaketa handiekin dator, Larrearen agintaldiarekin alderatuz?

Pixkanaka goaz. Egunetik gauera ezin dira aldaketa guztiak egin. Hiru urte eta erdi edo lau urte ditugu aldaketak egiteko. Gustatuko litzaiguke planifikazio aldetik aldaketak egitea, emakumezkoen futbolari edo futbol inklusiboari bultzada ematea. Gutxika-gutxika joango gara ikusten zer behar dauden klubetan. Klub horiek Federazioa beren etxea izango balitz bezala sentitzea nahi dugu. Besoak zabalik edukiko ditugu entzuteko eta ahal dugun moduan guztiei lekua egin eta erantzuna emateko.

Nola iritsi zitzaizun Garai Berriak-en proposamena?

Maiatzean deitu zidaten, konfinamendua bukatu ostean. Txelisek [Fernandez] deitu zidan. Txelis eta Josu Lobato nire arduradunak izan ziren Vasconia futbol taldean lan egin nuenean, justu Enpresaritzako karrera bukatu ondoren. Txelisek proiektua entzutea proposatu zidan. Ez geneukan ezer galtzeko.

Larrearen agintaldi luzeari amaiera emateko aurkeztu zineten.

Larreak 33 urte zeramatzan, ni jaio nintzen urtetik, 1987. urtetik. Eta lan egiteko moduan ez dugu berrikuntzarik ikusi. Normala den moduan, 33 urte hauetan gauza onak egon dira, baina txarrak ere bai. Denetik egon da. Badakigu futbolak aurrera egin duela, baina uste dugu beste bultzada bat behar duela, ikuspuntu soziala ere aldatu egin delako.

Eduki dituzue lehenengo batzarrak.

Lehenengo, lantaldeko kide guztiok elkartu ginen eta hurrengo egunetan klubekin elkartu ginen, online. Bilera horietan galdetu genien ea nola zeuden; beraien beharrak eta helburuak entzun genituen. Covid-19aren egoerarekin sentsibilizazio hori nola dagoen ere jaso dugu. Aztertzen ari gara eta saiatuko gara proposamen bat egiten klub guztiei beraien ekarpenak kontuan hartuta.

2018an utzi zenuen futbola. Nola gogoratzen duzu zure futbol ibilbidea? Hiru euskal talderekin aritu zara Lehen Mailan.

Oso polita izan zen. Hasieran saskibaloian ibiltzen nintzen. 19-20 urterekin gure gorabeherak eduki genituen, entrenatzailearekin arazoak, eta abar. Kirolik egin gabe ezin nintzen geratu. Añorgan ibili nintzen plaierotan, 12-13 urterekin, eta gustuko nuenez berriro deitu nuen. Hortik bi urtetara Realak deitu ninduen. Gaur egun, agian, goizegi izan zela esango nuke, oraindik gauza batzuk falta zitzaizkidan. Hala ere, oso ondo pasatu nuen, asko ikasi nuen. Tartean Alemaniara joan nintzen ikasketak zirela-eta, eta itzultzean, nire etapa bukatu egin zen. Oiartzunera joan nintzen Bigarren Mailan jokatzera.

Zure momenturik onenak Oiartzunen bizi izan dituzu?

Bai, nik uste dut bertan esplotatu nuela. Futbolariak ere prozesu bat behar du, urte batzuk behar ditu garatzeko, ez da soilik korrika egitea, jokoa ulertu behar da, bisioa eduki, balioak barneratu, koordinazioa... Saskibaloitik nentorren eta nire mugimenduak saskibaloikoak ziren. Bost bat urteren ondoren, goraka egiten hasi nintzen. Hor etorri ziren Oiartzungo urte zoragarriak. Talde oso polita geneukan, zelaian zein zelaitik kanpo ikusi zen. Oso elkartuta geunden. Gero Athleticek deitu zidan. Zoritxarrez, bularreko kiste bat eduki nuen eta hor bukatu zen.

Hor ja bazenekien futbolari ibilbidea amaitzear zegoela?

Bai, gero Oiartzunera etorri nintzen lagunekin disfrutatzera. 11 urte futbolean emanda, hiru euskal talde indartsuenetan egon ahal izana eta Lehen Mailan jokatu izana, niretzako zoragarria izan da.

Gainera, Athleticera iritsi zinenean taldeak azken liga irabazi berri zuen.

Esti [Aizpurua] eta biok joan ginen Oiartzundik.

Zer topatu zenuten Athletic txapeldun hartan?

Lan egiteko beste modu bat zegoen, jokalari oso onak, lehiakortasun ona eta legala, lagun pila bat egin nituen. Athletic nirekin oso ondo portatu zen. Oso gustura egon nintzen. Hasieran gogorra egiten zaizu ezer ez jokatzea, dena jokatzetik zatozelako. Banekien non nengoen, talde berri batera iristean tokitxoa egin behar da eta esan dezakegu, futbol arloan, zorte txarra izan nuela bularrekoa pasatu zitzaidalako.

Espero zenuten Athleticen deia? Modu batean, harrigarria izan zen. Hala uste duzu?

Niretzako ere ezusteko handia izan zen.

Ezin zaio ezetzik esan Athletici?

Zalantzan egon nintzen. Estirekin [Aizpurua] hitz egin nuen, berari lehenago deitu zioten. Ez duzu espero eta hausnartzen hasten zara. 28 urte nituen, nire lana neukan, Donostian, eta argi neukan hori ez nuela galdu nahi. Baina tira, probatzeko aukera hartu nuen. Donostiatik Lezamara egunero joan eta etorri egiten nuen, gogorra izan zen.

Oiartzunera itzuli zinenean bazenekien azken denboraldia izango zela?

Bai, banekien. Bularreko arazoarekin bueltaka nenbilen bi-hiru urtetan, hiru ebakuntza pasatu nituen… Banekien futbolaren garaia bukatzear zegoela. Ez nuen berdin disfrutatzen zelaian. Fisikoki segitu nezakeen, baina psikologikoki gorputzak gelditzeko esaten zidan.

Emakumezkoen futbolari bultzada emateko ardura izango duzu Federazioan. Zer aldaketa igarri duzu Realera iritsi zinenetik erretiratu zinen arte?

Asko hazi da, baita maila bera ere. Gure helburu printzipala da talde txikietan dauden arazoei erantzutea, askok arazoak baitituzte taldeak osatzeko orduan. Esaterako, infantil talde batek bi neska galtzen baditu, hurrengo urtean, kadete mailan, ez du taldea osatzeko modurik eta beste hamabi jokalari horiek talde gabe geratzen dira. Hor dago arazoa. Saiatu behar gara baliabideak bilatzen klub guztietan edukitzeko adin tarte guztietan –edo gehienetan– talderen bat. Ikusten baldin badugu ezinezkoa dela, ba alboko herrira begiratu eta ea zer aukera dauden aztertu. Dena ondo begiratu behar da. Azpitik hasi behar gara. Egungo haurrak dira biharko jokalariak. Badakigu aurrerapausoak eman direla gorago; Realean lehenengo lan kontratua eduki genuen, hori guztia bizi izan dugu. Ikusgarritasuna ere hobetu da. Baina herri txikietan dauden arazoekin hasiko gara.

Esaterako, erabat logikoa da talde “handiagoetara” joateko nahia, baina talde apaletan geratzen diren 14 urteko neskak ia behartuta daude Erregional Mailan jokatzera oraindik kadeteak direnean.

Gure ustez adin bateraino agian etxeko taldean segitu ahal izatea bermatu behar dugu. Baliabideak jartzea etxean aurrerapausoak emateko. Nik uste dut, eta agian 20 urterekin hasi nintzelako da, denbora dagoela. Jokalari bat profesionala izan behar baldin bada, izango da. Nahiz eta saskibaloian ibili 20 urtera arte eta gero ekin. 12 urterekin talde “handietara” joateak ez du esan nahi goian bukatuko duzula. Balio ezberdinak barneratzea oso garrantzitsua da. Orain sartu berritan gaude, ondo hitz egin behar dugu, klub bakoitzaren beharrak aztertu… Plan estrategiko bat sortuko dugu, bidean gaude.

Plan estrategiko hori norekin osatuko duzue?

Gure proposamena taldeetara helaraziko dugu, ekarpenak egiteko. Oraindik hastapenetan dago. Ideiak partekatu behar ditugu, emakumezkoen futbolaz propio hitz egin. Orain hasi berri gara, koronabirusa dago eta adi egon behar gara ea urtarrilaren 11ko LABIk zer dioen (baimendu egin zuen eskola kirolaren praktika 100.000 biztanleko 500 kutsatutik beherako tasa daukaten herrietan). Lan bilketa egin eta ondoren aurrera eramango dugu plan estrategikoa erakunde ezberdinekin. Guretzako garrantzitsuena da txikienak kirola egiten hastea. Kasu honetan, futbola. Ikastolara doaz, lagunekin elkartzen dira baina ezin dute egin futbolean. Eta guretzat oso garrantzitsua da baita balioen aldetik hezteko ere, laguntasuna… Eta aukera dago multzo txikiagoetan lantzeko. 

Lehen Mailan aritutako bi zaudete, Ane Bergara eta zu. Alde horretatik, zer perspektiba eskainiko duzue? Garrantzitsua da futbolari ohiek horrelako proiektuetan parte hartzea?

Mila gauza bizi izan ditugu zelaian, badakigu zer den konpromisoa uztailetik ekainera arte. Bizi izan dugun guztia neska-mutilei erakutsi nahi diegu. Barrutik aldatzeko beharra ikusi dugun hori beste modu batera egiten saiatu. Gure bidea bukatu zen jokalari moduan eta orain beste arlo profesional batetik hasiko da.

Lehen emakume jokalari ohi gutxiago ikusten zen horrelako postuetan, erabakitzeko ahalmenarekin. Bultzada gehiago ematen dio emakumezkoen futbolari?

Bai. Egia da bi urte hauetan futbola gutxi ikusi dudala, jarraitu izan dut, lagunak ere mantendu. Aukera sortu zitzaidan berriro futbolera itzultzeko baina beste perspektiba batetik, zergatik ez? Denbora pixka bat behar dugu, egoera ezberdina da, azken 33 urteetan ez da izan aldaketarik, baina egoera soziala zeharo ezberdina da…