NAIZ

‘Akelarre’ eta ‘Ane’ pelikulak toki esanguratsuan kokatu dira Goya sarietarako

Martxoaren 6n banatuko diren Goya sarietarako hautagaien zerrenda eman da jakitera astelehen honetan eta euskal zinemak leku esanguratsua eskuratu du. ‘Akelarre’ eta ‘Ane’ izenburuak nabarmentzen diren edizioan, Amaia Aberasturi eta Patricia Lopez Arnaiz lehiatuko dira aktore onenaren sariagatik.

Patricia Lopez Arnaiz aktore gasteiztarra, emakumezko aktore onena izateko hautagai. (Jaizki FONTANEDA I FOKU)
Patricia Lopez Arnaiz aktore gasteiztarra, emakumezko aktore onena izateko hautagai. (Jaizki FONTANEDA I FOKU)

Euskal zinemak leku esanguratsu bat egin du datorren martxoaren 6an banatuko diren Goya sarietarako. Hautagaien zerrenda eman da jakitera astelehen honetan eta hainbat izenburu nabarmentzen dira, hala nola Pablo Agueroren ‘Akelarre’, bederatzi izendapenekin; eta David Perez Sañudo bilbotarraren ‘Ane’, bost izendapenekin. Aipatu zuzendariei Juanma Bajo Ulloa batu zaie, ‘Baby’ filmarekin bi sari lortu baititzake: zuzendaritza onenarena eta jatorrizko musika onenarena, Bingen Mendizabal eta Koldo Uriartek egina.

Zenbaki zabaletan, ‘Adu’ (Salvador Calvo) film luzeak eskuratu ditu izendapen gehien, hamahiru, baina gertu du ‘Akelarre’. XVII. mendeko Euskal Herrian girotutako lanak eta sorginkeriaz leporatuta emakumeek jasan zituzten jazarpenak lehen lerrora ekartzen dituen pelikulak bederatzi sari lortu ditzake Malagan egingo den galan. Aipagarrienetakoa, Amaia Aberasturi protagonistetako batek jaso duen aktore onenaren izendapena.

Era berean, zinemaren akademia espainiarrak sari hauetarako izendatu du ‘Akelarre’: argazki onena, jatorrizko musika onena (Arantzazu Calleja eta Maite Arroitajauregik egina), soinu onena, zuzendaritza artistiko onena (Mikel Serrano), jantzigintza diseinu onena (Nerea Torrijos), makillaje eta ileapaindegi onena, efektu berezi onenari saria eta ekoizpen zuzendaritza onena.

David Perez Sañudo zuzendariaren lehen luzematraiak ere baditu arrazoi sendoak harro egoteko. Donostiako 68. Zinemaldian aurkeztu zuen ‘Ane’ pelikulak bost izendapen jaso ditu, nagusiak deitutakoak. Patricia Lopez Arnaiz aktore gasteiztarra Amaia Aberasturirekin lehiatuko da emakumezko aktore onenaren saria eskuratzeko eta, aldi berean, Jone Laspiur donostiarra emakumezko errebelazio aktore onena izateko hautatua izan da. Pelikula onenaren izendapena, zuzendaritza berria eta egokitutako gidoi onenari izendapena jaso ditu, David Perez Sañudok eta Marina Paresek elkarlanean idatzitako gidoiaren kalitatea aitortuz.

Euskal lanen zerrenda ‘Solo son peces’ izenburuak ixten du. Ana Serna eta Paula Iglesiasek dokumental labur onenaren kategorian lortu dute izendapena.

Beste izendapenak

Sariak banatzeko gala berezia izango da eta ezinbestean koronabirusak baldintzatuko du edizioa. Dagoeneko aurreratu dutenez, sarietarako hautagaiak direnak soilik bertaratuko dira eta «ezerk eragozten ez badu», salbuespenezko testuinguruan bada ere, egin egingo da.

‘Adu’ eta ‘Akelarre’ izenburuekin batera arrakasta izan du gaurko iragarpenetan Pilar Palomero zaragozarrak ‘Las niñas’ bere lehen film luzearekin, Aguerok bezala bederatzi izendapen bildu baititu. Iciar Bollainek zuzendutako ‘La boda de Rosa’-k zortzi lortu ditu eta Esteban Cresporen ‘Black beach’-ek zortzi. Cesc Gay zuzendariak Sañudok beste lortu ditu ‘Sentimental’ lanarekin, hau da, bost