«Laguntzeko prest gira mugen itxierari aterabide pragmatikoa emateko»
Hainbat auzapezek baita zenbait herritarrek ere beraien kezkak helarazi dizkiote Joseba Erremundegiri. Hautetsi baionarrak laburbildu duenez 8 pasabideren itxierak «jende kopuru txiki bati arazo anitz sortzen dio». Horrendako «malgutasunez jokatuz, aferari konponbidea atzematea» proposatzen du.
Euskal Elkargoko gobernu taldeko kide Joseba Erremundegik «herritarren neurrira» sustaturiko mugaz gaindiko lankidetza eredua defendatzen du. Euskal lurralde ezberdinetan bizi diren herritarren arteko loturak azkartzeari begira «benetako oztopoa» dela Pirinio Atlantikoen Prefeturak joan zen astean agindu zuen zortzi pasabideren itxiera nabarmendu du telefonoaren bidez eginiko elkarrizketa honetan.
Ez da erabaki horri kritika egin dion ordezkari instituzional bakarra. Gaur bertan Akitania Berriko kontseilaria den Mathieu Bergek ere «muga pasabideen erabateko itxieraren erabakia ez dagoela ez egungo segurtasun erronketara egokituta, ezta mugaz gaindiko herritarren eguneroko errealitatera ere» adierazi du agiri baten bidez Pirinio Atlantikoen prefeta den Eric Spitzekin bilera egin ondoren.
Nola ezagutu zuen Euskal Elkargoak zortzi muga pasabideen itxierari buruzko erabakia?
Euskal Elkargoan auzapezen bidez jaso genuen berria. Lehenik Battit Labordek, Sarako auzapezak, deitu zidan eta ondoren Kintoaren eskualdea (Aldude) bereziki hunkitua delakotz Urepeleko auzapez den Xole Airerekin mintzatzeko aukera izan dut. Auzapez horiek kexu dira, baita haserre ere. Ez diete deus erran, ez dute aitzinetik beraiekin hitz egin. Azken momentuan jakin dute, korreo baten bidez, muga itxiko zutela.
Joan zen ostiralean plazaratu zenuen agian kontzertazio falta hori agerian utzi zenuen eta Euskal Elkargoa prest zela aterabideak bilatzen laguntzeko adierazi zenuen.
Euskal Elkargoak ez du afera honetan gaitasun berezirik ukanen, baina auzapezekin mintzatu ondoren iruditu zitzaigun normala zela denok batera joaitea aterabideen bila. Bitartekari lan bat egiteko prest gira.
Dagoeneko desmartxaren bat egin al duzu Estatuaren ordezkaria den prefetaren aurrean?
Alde batetik, gure kezka jakinarazi diogu Prefeturari eta bestetik gure prestutasuna azaldu diogu muga inguruan bizi diren herritarrak zein mugaz gaindiko langileak kaltetzen dituen egoera hori konpontzeko. Uste dugu malgutasunez jokatuz ahal dela aterabide bat atzeman. Jean-Rene Etchegaray lehendakariari galdetu diot, bestalde, prefetarekin izanen den hurrengo bileran gaia aipatzeko.
Muga erabat hetsi ordez ahal lukete, esaterako, baimen berezia eman benetako premia duten pertsona horiek eguneroko joan-jinak egin ahal ditzaten, lasaiki
Hego Euskal Herriko erakundeekin afera honi buruz hitz egiteko aukera izan duzu?
Kasualitatez erabakia ezagutu zenean mugaz gaindiko landiketzari dagokion bilera batean nengoen eta bertan Hegoaldeko ordezkariei jakinarazi nien agiria plazaratuko nuela. Gure asmoa da lehenik eta behin hemendik Estatuari gure mezua igortzea, konpobide pragmatikoa lortzeko.
Mugen itxiera luzatuko den ala ez badakizue?
Estatuak jarrera irmoa hartu du afera honekin. Guk eskatzen dioguna hauxe da: bere erabakiak sortu dituen kalteak gainditze aldera malgutasun pitin bat erakustea. Pasabide horiek ez dira herritar gehienek erabiltzen dituzten mugak, ados gira, herritar kopuru mugatu bati eragiten dio neurriak; baina argi dagoena da herritar gutxi horiek kalte handiak jasotzen dituztela eta horiek behar direla gainditu.
Zer konponbide aurreikusten duzu?
Berriki Lesakako emazte batek deitu dit bere kasua azaltzeko. Saran lan egiten du eta lehen 25 minutuko bidaia bazuen orain bidaia bikoiztu egin zaio. Horrek zailtasunak sortzen dizkio bai lanerako baita alabaren eskola kontuak kudeatzeko orduan. Herritar asko ez dira, baina Lesakako emazte hori bezala beste herritar batzuek egunerokotasunean egoera kaltegarri anitz jasotzen dute. Aukerak behar dira aztertu. Ahal lukete, esaterako, baimen berezi bat eman pertsona horiek eguneroko joan-jinak egin ahal ditzaten, lasaiki.
Herritarren arteko harremanetan oinarrituriko mugaz gaindiko lankidetza aldarrikatu duzu eredu gisa. Mugen itxierak hori zaila bilakatzen du.
Herritarren arteko loturetan oinarritzen den lankidetza eredua defendatzen dugu, bai, eta horregatik erranen dugu nahi dugula lagundu arazo hau konpontzen. Euskal Elkargoari legez ez dagokio mugaren kudeaketa baina jakinik pasabideen itxierak herritarren bizimoduan eragina duela, bitartekaritza lana egiteko prest gaudela, betiere auzapezekin batera, egoera honi ahal den eta aterabiderik onena lehenbailehen emateko.