Idoia Eraso

Online abiatu dira Fipadoc jaialdiko profesionalen jardunaldiak

Astelehen honetan abiatu behar zen Biarritzeko Fipadoc festibalaren 3. edizioa, baina pandemiaren ondorioz presentzialean ezin izan denez egin, antolatzaileek udaberrira gibelatzea erabaki dute. Profesionalei zuzendu saila aldiz sarean eginen da aurreikusi datetan, urtarrilaren 18tik 22ra.

Fipadoc jaialdiko pitch edo gai zehatz bati buruzko aurkezpen arina. (FIPADOC)
Fipadoc jaialdiko pitch edo gai zehatz bati buruzko aurkezpen arina. (FIPADOC)

Fipadoc dokumental jaialdiaren 3. edizioa urtarrilaren 18tik 23ra egin behar zen Biarritzen, baina pandemia dela eta elkartzeko paradarik ez dagoenez, presentzialean egiteko aukera izan arte gibelatzea deliberatu dute antolatzaileek. Profesionalei eskainitako partea salbuespena izan da, eta online egiten ari da.

Astelehen honetatik eta ostiralera bitarte ‘pitch’ edo formatu laburreko aurkezpenak, mahai-inguruak, topaketak eta mintzaldiak izanen dira, mundu osoko dokumentalgintzako profesionalei zuzenduta. Eremu horretako azken berritasunak, aurreikusitako sustapen planak izanen dira mintzagai besteak beste.

Aurten emakumeen tokia dokumentalaren eremuan bereziki jorratuko da, Pour les Femmes dans les Medias elkartearekin eramaten ari den elkarlanari esker.

Programa anitza

Gai ezberdinak eta formatu diferenteetan jorratuko dira egun hauetarako prestatu den programa anitzean. Profesionalei zuzenduriko hitzordu hauek zuzenean, ondoren grabatutakoa ikusiz, eta hitzordu bakoitzaren ondoren sarean bideo-dei anitz baten bitartez beste pertsonekin partekatuz parte hartzeko parada bada.

Pitch edo gai zehatz bati eskainitako hitzordu labur anitz izaten ari dira. Asteazkenean esaterako nazioartean gizartea eta politika jorratzen dituzten dokumentalei zuzenduriko bat izanen da non Kuba, Liberia, Polonia, India, Estatu frantsesa eta Mongoliara bidaiatzeko dokumentalak aurkeztuko diren. Ondoren historiari eta artea eta kulturari zuzendurikoak ere izanen dira.

Hitzorduen aniztasuna ageria da, astelehen arratsaldean Masterclass bat izanen da, non egilea eta produktorearen arteko harreman iraunkor bat izateko tresnak aurkeztuko diren. Mahai-inguruen artean, egungo garai ekonomiko zailean dokumentalaren egoera aztertuko da asteartean. Egun berean dokumentala laguntzeko sustapen planak aurkeztuko dira.

Aurtengo gonbidatua Visegrad zonaldea da, Polonia, Hungaria, Txekia eta Eslovakia elkartzen dituena, eta hitzaldietako bat, eremu horretako herrialdeekin elkarlana sustatzeko mintzaldi bat izanen da asteazkenean, besteak beste.

Bertan parte hartu ahal izateko izena eman behar da Fipadoceko webgunean.