Haurreskolak Partzuergoa eta EAEko Hezkuntza Sailako arduradunen «negoziatzeko borondate eza dela eta, langileen lan baldintzak okertu ez ezik, Partzuergoa bera arriskuan jartzen dituzten aldebakarreko erabaki politikoak direla eta», LAB, Steilas eta ELA sindikatuek greba eta mobilizazioetara deitu dituzte langileak urtarrilaren 25 eta 27an eta otsailaren 22, 23 eta 24an.
Ohar baten bidez, sindikatuek EAEko Hezkuntza Sailari Haurreskolen etorkizunaren inguruan «garbi hitz egin dezala» eskatu diote. Izan ere, abenduaren 10 eta 16ko greba eta mobilizazioen ostean, abenduaren 22an deitu zuten bileratik, Haurreskolen etorkizunaren inguruan «genituenak baino zalantza eta kezka gehiago eta larriagoekin atera» zirela nabarmendu dute.
«Esan beharra dago bilera horretara, lehenengo aldiz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko hainbat ordezkari bertaratu zirela», gainera dute. Hala ere, LAB, ELA eta Steilasek azpimarratu nahi izan dute Lakuako Hezkuntza Sailak eta Haurreskolak Partzuergoak «inposatutako gai ordenarekin» burutu zela bilera.
Izan ere, abenduko grebak deitzeko aldarrikatzen zituzten aldagaiei puntu bakar bat ere ez zietela eskaini salatu dute, aldez aurretik «espresuki» eskatu zieten arren. «Haien asmoa kudeaketa langileen aurreakordioa aldebakarrez berrikustea da, horregatik ez zuten negoziatzeko inolako dokumentaziorik aurkeztu», nabarmendu dute sindikatuek.
Horrela, «aurreakordio hau orain dela urtebete sinatu bazen ere», oraindik ez dutela bete azpimarratu dute. «Gainera, esan zigutenez, 2018ko irakaskuntza publikoko kolektibo guztien mobilizazioen baitan burutu genuen dinamika luzearen ostean, soilik Haurreskolak Partzuergoan sinatutako akordioa da indarrean ez dagoena», azaldu dute.
Honekin guztiarekin, salatu dute sindikatuek, zalantzan jartzen dute Haurreskolak Partzuergoaren 2003ko sorreratik Hezkuntza Sailak, Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzorde desberdinek eta alde sozialak «egindako lana, baita aurreko gerentearen kudeaketa ere».
Horretaz gainera, 2009ko lan hitzarmena sinatu osteko hitzartu diren akordio guztien zilegitasun juridikoa zalantzan jarri dutela esan dute.
Gainera, LAB, ELA eta Steilasen esanetan, «abenduaren 22ko bileran bertan Haurreskolak Partzuergoaren etorkizunaren gainean egindako adierazpenek izugarri kezkatzen gaituzte».
Besteak beste, haurreskola txikien biziraupena zalantzan jarri zutela salatu dute, Haurreskolak Partzuergoa landa eremuaren garapenerako testuinguruan sortu zenean.
«Non geratu da Legebiltzarrak Jaurlaritzari egin zion eskaera Haurreskolak Partzuergoaren hobarien sisteman moldaketa egin zezan, pandemiaren ondorioz, baldintza ekonomikoak okertu zaizkien familiek ordaindu behar dituzten kuotak bizi duten egoera berriari egokitzeko? Eta erabateko doakotasunerako urratsak?», galdetu dute.
Sindikatuok argi dute Haurreskolak Partzuergoko enpleguaren behin-behinekotasun tasa jaisteko lanpostuak egonkortuko dituen kontsolidazio prozesu bat behar dutela eta, era berean, Haurreskolak Partzuergoaren etorkizuna Hezkuntza Sailean integratzetik eta doakotasunetik pasatuko dela, «badelako garaia Haur Hezkuntzako lehenengo zikloa (0-3a) aitortzeko».
Sindikatuen eskakizunak
Beraz, «negoziazio kolektiboaren kontrako eraso zuzena» eta «alde sozialaren lana oztopatzeko ahalegina» salatu nahi dute eta urteetan zehar Haurreskolak Partzuergoan lortutako hezkuntza kalitatearen defentsan egindako lanarekin eta langileek mobilizazioen bitartez lortutako lan baldintzen hobekuntzen defentsan jarraituko dutela argi utzi nahi izan dute.
Horregatik, hilaren 25 eta 27an eta otsailaren 22, 23 eta 24eko grebetan Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza Sailean, dauden akordioak errespetatzea eta betetzea, lan hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea, langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea, irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea eta aurrekontua handitzea eskatuko dute.
Eta ez hori bakarrik. Izan ere, sindikatuek Haurreskolak Partzuergoko langileak, familiak, alderdi politikoak eta udalak zerbitzu publiko honen garapenerako aldarrikapenekin bat egitera deitu dituzte, abenduaren 10 eta 16ko grebetan hainbat herritan egin zuten bezala.