Lan jardunaldian zehar izandako istripuak, lanerako bidean edo handik itzultzean gertaturikoak eta birgaixotzeak sartzen dira kopuruotan. Horrela, Osalanen arabera, lanean zehar gertaturiko 26.958 izan dira 2020an (aurreko urtean baino %18,3 gutxiago), eta bidean beste 3.244 (-%20,9).
Sektoreka banatuta, lan jardunaldian zehar 13.837 istripu jazo dira zerbitzuetan, 9.133 industrian, 3.426 eraikuntzan eta 562 nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzan. Halere, portzentajeei erreparatuta, eraikuntzan izan da ezbehar kopuru handiena (61,58 baja 1.000 landuneko), eta ondoren lehen sektorean (58,3), industrian (54,64) eta zerbitzuetan (20).
Lan jardunaldian izandako istripu guztien artetik, 26.768 arinak izan dira (%18,4 gutxiago), 169 larriak (%4,3 gehiago) eta 21 hilgarriak (2019an baino bost gutxiago). Bidean gertaturiko lan istripuei dagokienez, 3.211 arinak izan dira (-%20,7), 27 larriak (2019an 44) eta seik heriotza eragin dute (urtebete lehenago baino bi gehiago).
Lurraldeka, Bizkaian 14 langile hil dira 2020an lanean ari zirela (aurrekoan baino bi gehiago), Araban beste lau (2019an baino bi gutxiago), eta azkenik, Gipuzkoan hiru behargin hil dira (2019an baino bost gutxiago).