NAIZ

EAEko udalerrien konfinamendua, hauek dira dekretuak jasotzen dituen salbuespenak

Astelehen honetan indarrean sartuko da EAEko udalerrien konfinamendua. Bizilagunek ezingo dute bertatik atera, baina Lakuak argitaratu duen dekretuak zenbait salbuespen jasotzen ditu.

Durangoko argazkia. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Durangoko argazkia. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Astelehen honetan indarrean sartuko dira EAEn LABIk hartutako azkenengo neurriak pandemiari aurre egiteko. Hala, bihartik aurrera udalerriak konfinatuak egongo dira, eta bizilagunek ezingo dute bertatik atera. Dena den, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak jasotzen ditu zenbait salbuespen.

Larunbatean argitaratutako dekretuaren arabera, udalerrien arteko joan-etorriak baimenduko dira, «behar bezala justifikatuta badaude». Baimendua egongo da, esaterako, osasun-zentrora joatea; baita «laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo legezko betebeharrak betetzea» ere.

Halaber, ikasleek unibertsitate, irakaskuntza eta hezkuntza-zentroetara joateko aukera dute, haur-hezkuntzako eskolak barne. Eta senideek udalerriaren mugak gainditu ahal izango dituzte «adinekoei, adingabeei, mendekotasun-egoeran daudenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki kalteberei laguntza eta zaintza emateko».

Mugakide diren lurraldeetako finantza eta aseguru-erakundeetara edo hornidura-estazioetara joatea baimenduta egongo da ere, baita organo publiko, judizial edo notarialetan egin beharreko jarduketak. Baimenak eta dokumentazio ofiziala berritzea, bai eta beste administrazio-izapide atzeraezin batzuk ere baimenduak daude.

Era berean, herritarrek udalerrietatik ateratzeko baimena izango dute azterketa edo proba ofizial atzeraezinak egiteko. Salbuetsita daude ere baimendutako kirol-entrenamenduetarako eta lehiaketetarako beharrezko lekualdatzeak.

Dekretuan azaltzen denez, hogei eguneko epean, neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira, «hargatik eragotzi gabe, aurretik egoki edo beharrezko iritzitako berregokitze oro egitea».