Bertsularien Lagunak elkarteak lehendabiziko Aitor Sarasua bertso-paper lehiaketa antolatu du, urteroko hitzordu bilakatu asmoz eta, bide batez, 2018an Itsasun zendutako bertsolari ezagunaren izena ohoratzeko xedez.
Sariketak bi atal izango ditu, gazteena eta helduena. Gazteen saila 16 urte bitartera artekoa izango da eta helduen saila hortik aurrerakoena. Ipar Euskal Herrian sortutako ekimena bada ere, Euskal Herri osoko bertsozaleek har dezakete parte eta lanak aurkezteko epea otsailaren 28ra artekoa izango da.
Elkartetik azaldu dutenez, bertso-paper lehiaketa honen helburua «bertsoaren aldaera guztien presentzia bermatzeaz gain, plazatik harago dauden bertsolariei adierazteko parada ematea» da. Izan ere, nabarmendu dutenez, «tradizioz, Ipar Euskal Herrian, eta Euskal Herri osoan oro har, bertso idatziak leku handia izan du». Sariketaren asmoa tradizio hori bermatu eta hedatzea litzateke, Aitor Sarasua, bertsogintzan eta Ipar Euskal Herriko bertso irakaskuntzan eta sustapenean hain leku garrantzitsua izan duena omentzearekin batera.
Lanak sarasua.lehiaketa@gmail.com helbidera bidali behar dira. Bertsoak jasotzeko epea otsailaren 28an amaituko da eta sarituen epaia martxoaren 20an emango da. Lehen hiru sarituek 300, 200 eta 100 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren, helduen sailean, eta gazteei dagokienez, Bertsolari Txapelketa Nagusirako sarrerak eta bestelako opariak jasoko dituzte.