Haritz Larrañaga
Donostia

Itsaski erraldoia Ozeano Barean: Kaliforniatik Hawaiiko irletara

Azken asteetan sekulako irudiak iristen ari dira Ozeano Bareak gogor jotzen dituen kostaldeetatik. Kaliforniako Mavericks urautsianhasi zen festa eta Hawaiin jarraitu du azken egunetan, Peahi, Waimea eta Outer Reef urautsietan. Marka guztiak gainditu dira.

Urte berria hasi zenetik etengabe iristen dira irudi ikusgarriak Hawaiiko eta Kaliforniako urautsietatik. Urte askoan izan den itsaski handienak zeharkatu du Ozeano Barea eta hilabete bakar batean marka guztiak hautsi dira. Ezinezkoak ziruditen irudiak hartu dira munduko urautsi zailenetan, eta olatu handietan egun zer nolako maila dagoen agerian geratu da.

Gainera, muturreko egoerak bizi izan diren arren, ez dirudi istripu larririk izan denik; izan ere, egun olatu handietako surflariek erabiltzen duten materialari esker orain arteko muga guztiak txiki geratzen ari dira. Bat baino gehiago izan dira beren bizia arriskuan ikusi dutenak, baita ospitalean amaitu dutenak ere, baina egun ditugun datuen arabera, ez da hildakorik izan.

Urtarril hasieran Mavericksen hartutako irudien ostean, Hawaiiko uharte eta urautsi desberdinetan hartutako irudien txanda etorri zen. Azken asteetan etengabe argitaratu dira irudi zinez ikusgarriak erakusten zituzten bideoak eta oraindik ez da sasoia amaitu; egunero bideo berri bat bada aurrekoa gainditzen duena.

Mavericks arraunean

Urteko lehen irudi ikusgarriak Kaliforniako ur hotzetatik iritsi ziren. Urtarrilaren 8an Santa Cruzeko Mavericks urautsian hartutako irudi beldurgarriak munduari buelta ematen hasi ziren Internet bidez. Ezinezkoak ziruditen olatu ilun eta astunak arraun eginez hartzen zituzten surflariek eta sarri hondoan itzulipurdika amaitzen zuten, etxe baten neurriko apar azpian.

Gorriak ikusi zituzten surflari askok; izan ere, arraun eginez hartzeko olatu zinez zailak ziren, baina Mavericksen olatu handietako munduko surflari onenak biltzen dira, eta gainerako urautsietan baino koska bat goragoko maila dago bertan. Horregatik, norbait arraun eginez olatuak hartzen ari bada, motorren laguntzaz olatuak hartu nahi dituzten surflariak bigarren mailan geratzen dira, bertako surflari mitikoen iritziz, uretako motorra soilik olatua arraunean hartu ezin denean erabili behar baita.

Edonola ere, uretako motoak beti izaten dira urautsitik gertu, larrialdi egoeran diren surflariei laguntzeko. Horiengatik ez balitz, Mavericsken hildako surflarien zerrenda (1994ko abenduaren 23an bizia galdu zuen Mark Foo surflari famatuak estreinatu zuena) askoz ere luzeagoa izango litzateke.

Gauzak horrela, urautsi munstroa ongien ezagutzen duen surflarietako batena izan zen irudi guztien artean arrakastatsuena. Egun 51 urte dituen Peter Melek olatu erraldoi bat jaitsi eta bertan txikituko zuela zirudien sekzioa gainditzea lortu zuen tubo bat eginez. Surfline webgune entzutetsuak honela izendatu zuen Melen olatua: «Hamarkada honetako olatua Mavericksen».

«Alde handiarekin, Mavericksen surf egiten daramatzadan 29 urteetan egin dudan olatu hoberena izan da», jakinarazi zuen surflari kaliforniarrak, eta hau gaineratu zuen gazte zenean surflari profesional izandakoak: «Bizi osoa daramat olatu hori bezalakoak ikusten, beti pentsatzen nuen agian saia nintekeela, baina inoiz ez nuen behar adinako ausardia izan gaur egin dudana egiteko».

Mavericksen hartutako olatuei esker laudorioak jaso dituen beste surflaria Justin Dupont frantsesa izan da. Kaliforniako urautsian surf egin zuen neska bakanetakoa izan zen eta joan den astean Hawaiin ere ikusi ahal izan dugu Peahiko eskuin olatu batean tubo bat egiten. Horrela, nesken olatu handietako surf maila abiada bizian gorantz doala erakutsi du Landetako surflariak.

Oahu, Outer Reef

Azken egunetan iritsi diren irudi gehienak Hawaiitik iritsi dira. Pipelinen surf egiteko olatuak handiegiak ziren, baina urrunago lehertzen den Outer Reef urautsian itzelezko olatuak izan dira. Waimean hartutako irudiek ere zeresana eman dute, inoiz olatuak lehertzen ez diren kanalean ere olatuak alderik alde ixten baitziren.

Pipelinek hiru urautsi dituela esan daiteke. Olatuen tamainaren arabera, eremu batean edo bestean lehertzen dira olatuak. Lehen urautsian olatuek hiru metroko altuera har dezakete. 5 edo 6 metro dituztenean, ordea, atzerago lehertzen dira, bigarren urautsian, eta urertzera iristen direnean sekulako tuboak osatzen dira.

Outer Reef Pipileniko hirugarren urautsia da. Olatuak zinez handiak direnean soilik lehertzen da, eta itsaski txikiagoekin izaten diren tuboak bezalakoak sortzen ez badira ere, olatuak etzanagoak izan arren, ezker olatuak tuboak egiteko aukera ematen du.

Urtarrilaren 16an John John Florence eta Koa Rothmanek egin zituzten tuboak itzelezkoak izan ziren. Bi surflariak urautsiaren parean bizi dira; beraz, ezin hobeto ezagutzen dute eremua. Kelly Slater ere han izan zen eta olaturen bat edo beste hartu zuen, baina egun hartan bertakoak izan ziren protagonista nagusiak.

Surflariek eskaini zituzten irudiez gain, itzelezko arrakasta izan duen beste irudia uretako motoek eskaini zuten, baina ez beraiek horrela nahi zutelako, bat-batean altxatu zen olatu munstro batek ustekabean atzeman zituelako baizik.

Jet-skiak arraunean surfean ari ziren surflariei laguntzeko zeuden, olatuak lehertzen ez diren ubidean. 20 bat jet-ski izango ziren; guztiak, urautsiaren alde batean, zeruertzean uhin erraldoi bat marraztu zenean. Gidari guztiak itsaso zabalera abiatu ziren, baina azeleragailua guztiz sakatu arren ez zuten denek lortu olatua pasatzea.

Batzuek azken unean atzera egitea erabaki zuten eta beste batzuek olatua pasatzean halako jauzia egin zuten, ezen airean zirenean uretara salto egitea beste aukerarik ez baitzuten izan, zeren bestela «lur hartzean» hankak eta bizkarra erabat birrintzeko arriskua zuten.

Gauzak horrela, bigarren olatua iritsi zenean gidari batzuek beren ibilgailua galdua zuten eta aparrak irentsi zituen. Gorriak pasatu zituzten surflariei laguntzeko ziren moto gidariek; izan ere, nork lagundu diezaieke laguntzeko daudenei? Zorionez, uretako moto gidariak ere olatu handietako surflariak izaten dira eta halako egoerei aurre egiteko prestatuak daude.

Maui, Peahi

Irudi ikusgarriak eskaini dituen Hawaiiko beste uhartea Maui da. Bertan aurkitzen da eskuin olatu erraldoiak izaten diren Peahi urautsia. Kasu honetan olatuak hain ziren handiak, ezen arraun eginez hartzea ezinezkoa baitzen. Ondorioz, uretako motoen laguntzaz olatuak hartzen aritu ziren surflariak, baina windsurflariak ere izan ziren.

Batzuk aipatzearren Kay Lenny eta Nathan Florence aipa daitezke. Bi hawaiiarrek hartu zituzten olatu handienetakoak eta haien balentriak grabatu zituzten, gainera. Aldiz, Peahin bildutako irudien artean ikusgarriena ez zen surflari batena izan, windsurf taula batekin olatua hartu ostean erori zen lagun batena baizik.

Adan Warchol poloniarrak haizearen laguntzarekin hartu zuen olatu erraldoi bat. Gibelean apar zuria lehertzen zen bitartean ihesi zihoan, haizearen eta olatuaren bultzadarekin, baina bat-batean olatuaren gandorrak haize-oihala, taula eta surflaria irentsi zituen. Gainera, jada olatua iragatea lortu zuen Rafael Kroeff surflari uruguaitarra arrastatu zuen olatuaren gandorrak eta windsurflariaren gainetik pasatu zen.

Warchol eta Kroef bost solairuko eraikin baten pareko aparrak irentsi zituen. Halako irudiak behin eta berriz errepikatu ziren Peahin, bai eta Hawaiiko beste hainbat urautsitan ere. Eta oraindik ez da amaitu, itsaskiek Ozeano Barea zeharkatzen jarraitzen dute.