Larrialdi egoeran gaude, erronka historiko baten aurrean, eta, orain arteko inertziarekin segituz gero, atzera bueltarik ez duen egoerara iritsiko garela diote adituek. Game over-era iritsi aitzin beharrezkoa da egungo bizi eredua aldatzea, eta hori lortzeko ezinbestekoa da larritasunaren kontzientzia hartzea. Hain zuzen, asmo horrekin jarri du martxan Naiz Irratiak “Gelditu makinak” podcasta, Eli Pagolak gidatuta. Krisi ekosozialaren inguruko podcasta da, 32 kapituluz osatuta, arazo global honi Euskal Herriko begiradatik heltzeko asmoz pentsatuta.
Tenperatura aldaketak, prezipitazio desoreka, urrutira joan gabe: Filomena… klima ez dela konstante bat ere egia da, etengabeko aldaketan dagoen kontzeptua da. Historian izan dira glaziazio aroak, adibidez. Beraz, zergatik da, orduan, aldaketa hau krisi? Bada, giza jardueraren ondorioz, aldaketa hauek naturak jasan ezin dituen abiaduran gertatzen direlako, eta denbora kontra dugulako.
«Gizakion inpaktua ez da kliman bakarrik antzematen; ondorioetako bat baino ez da hori. Inpaktuak dira kliman, ekologian eta baita maila sozialean ere», dio Eli Pagolak. Energia berriztagarrien ingeniaria da, ingurumen eta energia kudeaketan aditua, eta orain, “Gelditu makinak” saioko aurkezlea. Horrela, ondorio batek kausa bat baino gehiago izan ditzakeen bezala, kausa berak ondorio ugari ere izan ditzake, «dena baitago lotua», nabarmendu du Pagolak. Hain zuzen, ohartarazpen bera egin dute behin eta berriz “Gelditu makinak” saioan izan diren adituek. Horregatik, klima aldaketaren inguruko saioa baino, krisi ekosozialen inguruko podcasta da “Gelditu makinak”.
32 saioetan aukeratutako elkarrizketatu eta gaietan islatzen da hori. 55 minutu inguruko saio bakoitzean, egoeraren irakurketa akademikoak bere lekua izango du, eta hori izango da zati dibulgatzaile nagusia: soziopolitika ikuspegitik, biologiatik, klimatologiatik, ekonomiatik, hirigintzatik… landu da egoera. Ingurumenari buruzko pentsamendu kritikoa, ekofeminismoa, autokontsumoa, egungo legedia, energia berriztagarriak eta parke eolikoak, animalien produkzio masiboa, ekonomia sozial eraldatzailea, argi-kutsadura, arrisku egoeran dauden espezieak, plastikoa eta itsasoa dira, besteak beste, landutako gai batzuk. Horretarako, Pagolak bidelagun izan ditu Aranzadi elkarteko kideak, EHUko ikertzaileak, zientzialariak, Iker Ibarluzea meteorologoa Ekopol ikerketa taldeko kideak, Añarbeko Urak eta beste hainbat kolaboratzaile. «Oso jende aditua eta aritua dabil gure inguruan; dibulgatzaile onak ditugu», esan du Pagolak.
Herritarrek martxan jarritako alternatiben berri ere emango da saioan. Horretan arituko dira Maialen Kortabarria, Ignazio Arakistain eta Amaia Elizaran: “Mater” itsasontzia, Donostiako Saretuz kontsumo arduratsuaren sarea, bizikletaren aldeko elkarteak, km-0 ekimenak eta abar. Adibide ugari ditugu Euskal Herrian eta horiek ezagutzeko aukera izango da.
Krisi ekosozial honen beste ikuspegi bat ere ekarriko dute Danele Sarriugartek, Etxahun Arregik eta Donostiako Kresala Zineklubak. Hurrenez hurren, gaiarekin zerikusia duten literatura, musika, eta ikus-entzuneko gomendioak egingo dituzte. «Krisi honek zeharkatzen gaitu alde guztietatik, eta proposamen kultural hauek oso kurioso geratu dira, egia esan», adierazi du Pagolak. Praktikoagoak izango dira Goienerren gomendioak, gure egunerokoa jasangarriagoa izan dadin aholkuak emango baitituzte.
Dudarik gabe, pesimismoan ez erortzea da erronketako bat. «Sekulako erronka da. Ez da erraza benetan larria den arazo baten inguruan hitz egitea kutsu apokaliptikorik gabe», dio Pagolak, eta elkarrizketatu baten erranak ekarri ditu: «Ez da pesimista izatea, gertatzen ari denaz jakitun izatea da gakoa. Gero, informazio horren aurrean zuk zer jarrera hartzen duzun beste kontu bat da».
Guztira, 32 saioz osatutako podcasta da “Gelditu makinak” saioa. Podcast plataformetan entzungai daude jada saio guztiak. Horretaz gain, astelehenero 19.00etan eskainiko saioa FM bidez. Gaurkoan mikrohezeguneak hartuko dituzte hizpide; fisikoki txikiak izan arren, biologikoki handiak dira, Arantzadi elkarteko kidearen azalpenaren arabera. Bestetik, Sakanako tokiko kontsumoaren aldeko “Dastatu Sakana” ekimena ezagutzeko parada izango da, sareko kide Patxi Amilano gaztagilearekin, hain zuzen.