Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Aukerarik gabe, Turkian amaitu da Bilbao Basketen Europako txangoa (85-76)

Azken laurdenean markagailua txukundu badu ere, 25 puntuz atzetik ere ibili dira Alex Mumbruren gizonak, Taylor, Morgan eta M'Baye ezin geldituz eta behar baino baloi gehiago galduta. Zyskowski eta Aminu Bilbon geratu dira, bestalde, eta Iker Chacon gazteak debuta egin du.

Amath M'Baye, Bilbao Basketen borrero nagusiena. (FIBA BASKETBALL)
Amath M'Baye, Bilbao Basketen borrero nagusiena. (FIBA BASKETBALL)

PINAR KARSIYAKA 85 - RETABET BILBAO BASKET 76

Amaitu da RETAbet Bilbao basketen ibilaldia Europan. Oso amaiera tristea izan du gainera, Pinar Karsiyakak ez baitio aukerarik eman ezertarako ere. Egia da, bai, nahi izan balu, talde turkiarrak sekulako jipoia emango ziola Bilbao Basketi, baina azken laurdenean gupidatu egin da atxeko taldea eta, hala, 25 puntuz atzetik ibili ostean azken emaitza 85-76 txukuna izan da.

Hamar puntuko aldeas irabazi beharrean –edo 9, baldin eta 82 puntu eginez gero– Turkian serio jokatu du RETAbet Bilbao Basketek. Etxean Aminu eta Zyskowski utzi arren, bilbotarrek lanak gogotik egin dituzte Pinar Karsiyakaren etxean, harmailetan zale gutxi batzuek ikusle direla gainera.

Denbora-pasa joateko gogorik ez, nahiz eta ACB Ligan galtzak bete lan dituen uneotan talde bizkaitarrak, ongi ekin dio partidari, etxekoen joko biziari erantzuteko asmoz. Une labur batzuetan aurretik ere izan da, itxura baten etxeko arazoekin ahaztuta eta Europako txapelketan zentratuta. Azken baten, zer da ba aurreneko laurdena 20-19 galtzea?

Bada, kasu honetan 14-2ko partzial baten aurrekari hutsa izan da. Alegia, bizkaitarrek aurreneko hamar minutuetan egin duten lan bikaina bertan behera joan dela bigarren laurdenaren hasieran. Turkiarren Morgan eta Taylor bikote estatubatuarrak bilbotarren uztaia nahi bezala zigortu dute, berdin saskipetik nola urrunetik eta horren aurrean, alperrik izan dira Alex Mumbruk eskatu dituen hutsarteak edo egindako aldaketak.

Egia da neurri baten Rouselle eta Balvin oraindik ez daudela puntuan, ezta gutxiagorik ere, baina erreferente alternatiborik ere ez da azaldu inon, alex Reyes ez bada, zeinek 8 puntu lortu dituen atsedenaldirako. Alabaina, atsedenaldirako 8 baloi galduta eta errebotean nagusitu ezinda, aldeak gorantz baino ez du egin, eta atsedenaldira 44-30eko emaitzaz iritsi da dema. Eta miraririk ezean, amaierara iritsi da ere bilbotaren Europako txangoa.

M'Bayeren legea

Tristea eta gogorra izan da Bilbao Basket ikustea atsedenaldiaren osteko 20 minutuetan. Ez bilbotarrek partida bertan behera bota dutelako, baizik eta Pinar Karsiyakak 25 punturaino luzatu duelako bere abantaila.

Amath M'Baye hegaleko fransesa izan da halako jipoiaren arduradun nagusiena, izan ere, airean eraman baitutu bilbotarrak hirugarren laurden horretan. Hasteko, lau hiruko bata bestearen atzwetik sartu ditu, eta ostean hutsik egin gabe biko jaurtiketetan ere trebatu da.

Bestetik, Bilbao Basketek baloia baloiaren ondotik galdu dute, kontzentrazio larregirik gabe. Hala, azken laurdenera markagailua 71-46 dela iritsi dira.

Eskerrak eman beharko zaizkio talde turkiarrari, hala ere,azken hamar minutuetan tentsioa erabat galdu duelako. Ondorioz, Balvin, Kljajic eta Jaylon brown bikain baliatu dira markagailua txukundu eta beren zenbakiak apaintzeko, beti ere partida galduta zegoela jakinean.

Azken segundoetan Iker Chacon antolatzaile gazteak –kadetea da; hau da, 16 urte ditu– ere debuta egin du eta, tira, beste urteren baten egin beharko du Bilbao Basketek aurten baino ibilaldi oparoagoa Europa aldetik.