Iruñeak biztanleak galdu ditu lehen aldiz azken urteotan: 1.135 gutxiago aurten

Azken urtean biztanleriaren %0,5a galdu du Iruñeak, Udalak jakinarazitako datuen arabera. Sei urteko goranzko joera irauli da honekin. Biztanleen %13a Estatu espainoletik kanpo jaiotakoa da.

Txantreako kale bat, iaz izan ziren ez jaietan. (Iñigo URIZ | FOKU)
Txantreako kale bat, iaz izan ziren ez jaietan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Iruñeak biztanleak galdu ditu lehen aldiz azken urteotan, Udalak jakinarazi duenez. 2021eko urtarrilaren 1eko errolda-datuek diote 208.537 lagun bizi zirela nafar hiriburuan, eta 2020an, aldiz, 209.672. 1.135 biztanleko beherakada hori biztanleria osoaren %0,5 baino ez da, hala ere.

«Beherakada handiagoa izan da gizonen artean emakumeen artean baino, biztanleria-piramideetan pisu gutxiago izan arren», nabarmendu du Udalak. 2020an erroldaturik zeuden 209.672 pertsonetatik, 99.393 gizonak ziren eta 110.279, emakumeak, eta jaitsiera 693 gizonekoa eta 442 emakumekoa izan da. 2021eko urtarrilaren 1eko datuen arabera, 98.700 gizon eta 109.837 emakume daude.

Erroldaren zifrek, www.pamplona.es Udalaren webgunean argitaratuta, hautsi egiten dute 2014tik izandako goranzko joera. Urte horretan, Iruñeak 197.781 biztanle zituen, hiru urtez erroldatuen kopuruak behera egin ondoren (2012an, Iruñeak 199.066 biztanle zituen). «2015ean, hiria suspertu egin zen 197.945 biztanlera arte, 199.403ra igo zen 2016ko urtarrilean, eta urte horretan 200.000 biztanleko mugarria gainditu zuen, 2017ko urtarrilean erroldatutakoak 201.311ra iritsi arte. Hurrengo urteetan, joerak jarraitu egin zuen: 2018an 203.382 lagun erroldatua zeuden, eta 2019an, 206.070», zehaztu du.

Arrotxapean eta Arrosadian bizi dira etorkin gehien
Ematen dituen beste datuen artean, hauetxe nabarmentzen du Udalak: Iruñean 27.540 etorkin daude erroldatuta, 13.587 gizon eta 13.953 emakume, hau da, biztanleria osoaren %13,2. 355 lagun gutxiago izan dira, iaz 27.895 izan baitziren (13.784 gizon eta 14.111 emakume).

Iruñeko biztanleria osoaren eta etorkinen piramideak aztertuz, eta adin-taldeen arabera konparatuz, ikusten da oinarria handiagoa dela etorkinen artean, 5 urtetik beherako 1.278 biztanlerekin, eta 35-39 urteko tarteak pertsona gehiago biltzen dituela; guztira, 3.574. 99 urtetik gorako biztanleei erreparatuz gero, etorkinen artean 3 pertsona baino ez daude.

Auzo hauetan bizi dira etorkin gehien: Arrotxapea (3.845), Arrosadia (3.707), Iturrama (2.551), Sanduzelai (2.501), Donibane (2.313), Zabalgunea (2.018) eta Txantrea (2.102).

Etorkinen portzentajea kontuan hartzen badugu auzoaren guztizkoarekiko, emaitza desberdina da, Arrosadiak %21 baitu; Buztintxuri-Euntzetxikik, %21; Sanduzelaik, %20, eta Etxabakoitzek, %20. Gainerako auzoak, gutxi gorabehera, Iruñeko batez bestekotik (%13,2) hurbil daude.

Biztanleen gehiengoa, 40 eta 59 urte artean
Adinari erreparatuta, Iruñeko biztanleria-piramideak oinarri estua du. 5 urtetik beherako 7.947 pertsona daude erroldatuta, ia desberdintasunik gabe sexuen artean: 3.943 mutil eta 4.004 neska. Adin horretatik aurrera zabalduz doa, 45 eta 49 urtekoen tartean zabalerarik handiena erdietsi arte, 16.013 biztanlerekin: 7.865 gizon eta 8.148 emakume. Goialdean, piramidea estutu egiten da berriro, 99 urtetik gorako 99 pertsonara iritsi arte.

Itxura hori antzekoa da Iruñeko auzo askotan, nahiz eta aldaketak izan. Adibidez, Azpilagañan, 60 eta 64 urte arteko adin-tartea da handiena, eta ondoren, 25 eta 29 urte artekoa; Buztintxuri-Euntzetxikin, 5 eta 9 urte artekoak nabarmentzen dira; Ermitagaña-Mendebaldean, 70 urte inguru dituztenak, Iturraman bezala; Mendillorrin, berriz, aurreko hamarkadakoak dira nabarmenenak, eta Arrosadian, adin-tarte zabalena ez da 45 eta 49 urte artekoa, baizik eta 35-39koa. Sanduzelain 20 eta 30 urte artekoetan estugunea dago, eta Donibanen, 60 eta 70 urte artekoetan.

Mendillorrik 2.652 gehiago; Zabalguneak 1.792 galdu ditu
Oro har, auzo guztietan 2020an eta 2021ean erroldatutako pertsonen arteko gorabeherak ez dira garrantzitsuak, bitan izan ezik: Mendillorrik 2.652 biztanle gehiago ditu eta Zabalguneak, 1.792 galdu. Eremu populatuenak honako hauek dira: Arrotxapea, 26.731 biztanlerekin (262 gehiago); Zabalgunea, 24.571 biztanlerekin (iaz 26.363 izan ziren); Iturramak 568 biztanle galdu ditu, eta 23.094 biztanlerekin gelditzen da; Donibane, 20.102 biztanlerekin (20.390, 2020an), eta Txantrea ia berdin dago (19.952 lagun erroldatuta 2020an, eta 19.577, 2021ean).

Jarraian beste hauek daude: Arrosadia, 17.822 pertsonarekin (437 galdu ditu); Ermitagaña-Mendebaldea, 17.031rekin (17.314 zituen 2020an); Mendillorri erroldatutako 11.124 pertsonatik 13.776ra igo da, eta Sanduzelai, 12.332 lagunekin (12.413, iaz).

Biztanle gutxien dituzten auzoak, aldiz, honako hauek dira: Alde Zaharra, 11.580rekin (2020an 11.529 ziren); Buztintxuri-Euntzetxiki, 9.076rekin (9.131, iaz); Azpilagañak 140 galdu eta 7.458rekin gelditzen da, eta Etxabakoitz 5.469tik 5.387ra jaitsi da.