Birusaren hedapenaren dimentsioak tartean harrapatu du Zuazo
Koronabirusak hedatzeko daukan abilezia askotan nabarmendu da azken urtean eta horren adibide argiarekin egin du topo eskubaloiko Ohorezko Mailak. Katea etengabe luzatu da eta tartean Zuazo harrapatu du. Eztabaida hutsaletan sakondu ordez, kontrol gehiago exijitu dute.
Astelehen goizean komunikatu zuen Malagak bere taldean zortzi positibo atzeman zituela. Asteburuan Lanzarote Puerto del Carmenen aurka jokatu zuen eta, aurretik, asteazkenean Barakaldora bidaiatu zuen Zuazorekin lehiatzeko.
Zuazoko jokalari bat igandean sintomak sumatzen hasi zen eta astelehenean baieztatu zuten gaixo zegoela. Honekin, talde guztiak egin zituen PCR probak eta guztira, lehen taldeko 10 kidek eman dute positibo (bederatzi jokalari eta teknikari bat).
Asteburuan, Valladoliden aurka lehiatu zen Zuazo eta Valladolidek ostegunean baieztatu zuen kasu positibo bat. Asteazkenean, Kopako kanporaketa jokatu zuen Porriñoren aurka, aurretik antigeno probetan guztiek negatibo eman ostean.
Asteburuan Malagaren aurka lehiatu zen Puerto del Carmen taldeak ere bi positibo atzeman ditu.
Nork nor kutsatu duen eztabaida luze eta hutsalean jausi gabe -edota hori saihestu nahian- Ohorezko Mailako jokalariek kontrol zorrotzagoak exijitu diote Espainiako Federakuntzari -txapelketaren arduradunari- aste honetan, kaosa gero eta handiagoa zela sumatzen hasi zirenean. Klubek ere Federazioarekin egindako bileretara aldarrikapen hori eraman dute.
Lehen itzulian apenas egon zen kasurik A multzoan eta guztia ondo joan zen, baina horrek ez zuen nahi esan protokoloa eraginkorra zenik. Behin birusak eztanda egin duenean, zenbait partidu pilatu direnean, kasik kontrolaezina bilakatu da eta zenbait jokalarik «amorrua» ere sentitu dute, NAIZ hedabideari adierazi legez.
Errudunak bilatu beharrean, egoera onartu dute eta saihestea zaila dela badakiten arren, neurketa aurretik PCR edo antigenoen probak egiteak gauzak hobetuko dituelakoan dira. «Ezer baino hobeto da, baina ez da nahikoa», diote; izan ere, Valladoliden kasuan ikusi den bezala, ez du ziurtatzen negatibo faltsua izan izana edota oraindik birusa garatu ez izana. Antza, Federazioak hitz eman du protokoloa eta segurtasuna hobetuko dituela baina kasik beti gertatzen den legez, «pasatzen den arte» ez da neurririk hartzen.
Queremos mostrar nuestra preocupación ante la situación que estamos viviendo. Necesitamos control y seguridad para que nuestro deporte y nuestra competición siga creciendo ⬇️⬇️ pic.twitter.com/Y2zqppm3rJ
— Silvia Arderius (@SilviaArderius) January 26, 2021
Babesgabe sentitu dira txapelketak aurrera egin duen heinean eta eztanda egiten duen momentuan ohartzen da bat zer nolako arriskuekin ari diren jokatzen. Protokolo zehatz, zorrotz eta zurrun batek ere ez luke bermatuko %100ean koronabirus kasurik ez egotea, baina kasu honetan argi geratu da ez dela egon kontrolerako prokolorik.
Azaldu dutenaren arabera, Kopa eta Superkopa bezalako txapelketetarako bai derrigortu zuen Federakuntzak talde bakoitza probak pasatzera, lehiaketan positiborik ez zela bermatzeko. Ligan ordea ez du egin, honek suposatuko lukeen guztiarekin (beste txapelketa guztietan, kategoria baxuagoetan, ere berdina egitea, adibidez); edota, behingoz, profesional bezala tratatzea emakumezkoen Ohorezko Maila.
Egun, bost talde daude konfinatuak (lau A multzokoak eta bat, Morvedre, B multzoan), jokalarien artean positiboren bat dagoelako. Ez dira txantxa Malaga eta Zuazoren kasuak, 8 eta 10 positibo atzeman dituztelako. Bide onetik zihoan txapelketa, bi hilabeteko geldialdia pasa eta bigarren itzulia hasi den arte.