NAIZ
Donostia

Kontxako hondartza hartu dute Satorralaiako kideek Metroaren ingurumen-erasoa salatzeko

Donostiako Metroaren pasantearen aurkako protesta egin du eguerdian Satorralaia mugimenduak. Obra egiteak «dakartzan ingurumen-erasoa, gainkostu altuak eta eraikuntza-arrisku oso larriak kontuan hartuta», Mirakontxa-Easo zatiaren esleipen berria eten dezala» eskatu dio Lakuari.

Satorralaiako kideek Kontxako hondartzan egin duten agerraldia. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Satorralaiako kideek Kontxako hondartzan egin duten agerraldia. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta, hamarnaka lagunek protesta ekintza egin dute ostiral honetan Kontxako hondartzan Donostiako Metroaren eraikuntza-lanekin eragindako ingurumen-erasoa salatzeko.

Ohar batean mugimenduak azaldu duenez, 12.00etan hondartzara jaitsi eta elkarretaratze bat egin dute «Metroari STOP!» zioen pankarta beltz handi bat eta aterki hori aldarrikatzaileak eskuetan hartuta.

Jarraian, 12.30ean Kontxako erlojuen ondoan agerraldi informatiboa burutu dute, «hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak joan den abenduaren 30ean esleitu duen ‘Mirakontxa-Easo tartearen Eraikuntza-Proiektua’ deritzon egitasmoan Metroaren obra egiteak dituen arriskuei buruz egiten diren ohartarazpen oso argiak publikoki ezagutzera emateko».                 

Zentzu honetan, Satorralaiak adierazi duenez joan den ekainean Zubieta kalean izandako ezbeharraz geroztik geldirik dagoen obrari «berrekin asmoz», Lakuak esleitu duen eraikuntza-proiektuan egiten diren «ohartarazpenak argigarriak bezain izugarriak dira».

«‘Baldintza geotekniko oso txarrak dituen zati batekin’ aurkitzen dela aitortu ostean, ‘tunela egiteak ehundaka metrotako distantzian desegonkortzeak eragin ditzake lurrazalean, baita trazatutik oso urrun dauden eraikinen osotasunari ere kalte egin ahal diotenak’, ohartarazten du proiektuak. Gertaturiko ezbeharraren antzekoak errepikatzeko aukerak ez ditu baztertzen, beraz, proiektuak», gaineratu du.

Bidalitako oharraren arabera, «proiektuak onartzen duenez, bestalde, ziurgabetasuna dago Kontxako arkupeetan eta hondartzan egiten ari diren zementuzko mortairuen injekzio-lanen emaitzen inguruan».

Bestetik, Satorralaiak nabarmendu duenez, «Itsasertzetako Zerbitzuak Metroaren obrak Kontxako hondartzan eragindako ingurumen-erasoa egiaztatu du eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio ‘tunelaren obrak, zeinak hondartzaren errealitate fisikoan eragin kaltegarria izan duten, geldiaraz daitezela, harik eta itsas-lur eremu publikoa zeharkatzen duen trazatuaren inguruan azterketa oso bat egiten den arte’».

«Egoeraren aurrean, beraz, Donostiako Metroaren pasantea geldi dezatela berriro aldarrikatu eta obra egiteak dakartzan ingurumen-erasoa, gainkostu altuak eta eraikuntza-arrisku oso larriak kontuan hartuta, Mirakontxa-Easo zatiaren esleipen berria eten dezala» eskatu dio Satorralaiak Lakuari.

Manifestazioa Donostian

Aldarrikapen hori ere entzungo da asteburu honetan, izan ere Satorralaiak bat egiten du datozen egunotan, Zaldibarko zabortegia bertan behera erori zeneko urteurrena dela eta, larrialdi ekologikoari lotutako salaketa eta aldarrikapen ekintzak egiteko Gipuzkoako hainbat talde sozial eta sindikatu biltzen dituen Larreko Mahaia elkarguneak zabaldutako deialdiarekin. Ekimen honen baitan, larunbat honetan, hilak 30, manifestazioa egingo da Donostian, arratsaldeko 17.00etan Gladys Enea Parketik abiatuta.