Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Ane Abalde
Kubo Kutxa aretoko zuzendaria

«Garrantzitsuena da bertako artisten proiektuak garatzeko leku bat garela»

Marina Nuñezen ‘Azalik gabe’ erakusketa aurkeztu ondotik elkartu da GARArekin Ane Abalde. Aitzakia borobila da: Donostiako Kursaaleko Kubo Kutxa aretoak 20 urte bete berri ditu.

Ane Abalde Kubo aretoko zuzendaria da. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Ane Abalde Kubo aretoko zuzendaria da. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Jorge Oteizari eskainitako erakusketa batekin ireki zituen ateak Kubo Kutxa aretoak, 2000ko abenduaren 15ean. Etxeko artistak zaintzeko apustua egin duzue ordutik, ezta?
Oteizak Kutxarekin oso harreman estua zeukan, eta berarena izatea lehenengo erakusketa bilatutako zerbait izan zen. Kutxa Fundazioak beti izan du hemengo artistekin erlazio handia: aurrezki kutxak zirenean beraiekin kolaboratzen zuten sukurtsalen dekorazioa egiteko edo artelanak bertan kokatzeko. Ideia hori gure lan lerro bat izan da beti.

Zeintzuk izan ziren aretoa irekitzeko motibazioak?
Ni ez nengoen hemen oraindik, baina egia da gipuzkoarrei hemengo eta kanpoko artea erakustea izan zela helburua hasieratik. Garai horretako panorama oso ezberdina zen, hamar urtean Donostiako eta Gipuzkoako erakusketen eta artearen panorama asko aldatu dira, agente asko sartu dira. Baina momentu horretan zerbait berritzaileagoa egin nahi zen, indartsuagoa.

Zer alde dago orduko Donostiako artearen panoramaren eta oraingoaren artean?
Agente ezberdinak daude orain. Guk hogei urte daramatzagu, San Telmok orain hamar urte aldaketa garrantzitsuak egin zituen, Tabakalera ere agertu da, bai beraien aretoak eta bai guk argazkigintzara zuzendutako Artegunea aretoa dugu. Eta denok joan gara bakoitza bere lekuan kokatzen. Gure artean asko hitz egiten dugu, gure lan lerroak zeintzuk diren definitzeko.

Nola egokitu da areto hau kulturaren jokaleku aldaketa horretara?
Moldatzen joan da agente desberdinak agertzerakoan eta paradigma aldatzerakoan. Nik uste dut guk orain jorratzen duguna, edo garrantzi gehien ematen dioguna, bertako artista garaikideei atzera begirakoa egiteko edo beraien proiektuak garatzeko leku bat ematea dela.

Hala ere, nazioarteko artistak ere ekartzen dituzue.
Bai, beti esaten dugu, parekatu behar ditugu. Hemen oso artista garrantzitsuak ditugu eta besteekin parekatu behar ditugu. Eta gipuzkoarrei kanpoan egiten dena erakutsi nahi diegu.

Zeintzuk izan dira hogei urteotako erakusketa arrakastatsuenak?
Publiko aldetik bat [Cristobal] Balentziagarena izan zen [‘Paristik Donostiara’, 97.000 bisitarirekin] eta beste bat, ‘Lurra zerutik ikusia’, Yann Arthus Bertrand-ena [ia 70.000 bisitarirekin].

Eta zuk, zeure aldetik, zer erakusketa nabarmenduko zenituzke?
Hemengoei aukera eman dieten horiek, adibidez, Marta Cardenasen erakusketa. Ez dakit jende askok ezagutzen ote zuen bere karrera osoa, eta oso artista garrantzitsua da. [Jose Ramon] Andari egin genion erakusketa, edo Alejandro Garmendiarena, adibidez, oso sentikorrak izan ziren. Ez bakarrik zenbakiengatik, Euskal Herriko arteari zerbait eman diogulako. Horiek izango lirateke.

Esfortzu gehiago egin behar dugu, agian, gazteengana iristeko. Eta, kulturan askotan gertatzen den bezala, emakumeak gehiago etortzen dira

Bi milioi bisitariren langa gainditu zenuten 2018an. Zenbakiek asko esaten dute, baina zein da bisitariengandik jasotzen duzuen erantzuna?
Era ezberdinak ditugu feedback-a jasotzeko, horietako bat inkesta da. Oso pozik gaude horrekin, 5etik beti 4,4 inguru jasotzen dugu, eta uste dut oso deigarria dela. Saiatzen gara eta esfortzua egiten dugu publiko guztiarengana iristeko, hori delako gure lana. Kutxa Fundazioa garenez gero, publikora arte garaikidea eramatea da gure asmoa.

Emakume artisten lana goraipatu duzue Marina Nuñezen erakusketaren aurkezpenean. Egiten duzue zeozer parekidetasuna lortzeko?
Saiatzen gara programazioan genero aldetik parekidetasuna lortzen. Ez dakit lortzen dugun, baina gure asmoa hori da.

Kubo Kutxaren inaugurazioan bezala, artista gipuzkoar baten obra ekarri zenuten hogeigarren urteurrena ospatzeko, Juan Luis Goenaga margolariarena. Nolako harrera izan zuen erakusketak?
Oso ona. Egia da zenbaki aldetik paradigma aldaketa honekin ezin dugula neurtu, baina nabaritu genuen jendea oso pozik zegoela. Artearen mundutik uste dut oso ondo hartu zela.

Koronabirusaren pandemia kolpe gogorra izan da kulturarentzat. Zer eragin izan du Kubo Kutxa aretoan eta zer ari zarete egiten egoerara egokitzeko?
Kolpe latza izan da, denontzat bezala. Aretoa itxi genuen, eta jarrita geneukan erakusketa ezin izan genuen luzatu, artistek konpromiso bat zeukatelako. Beste zerbait bilatu beharrean, erabaki genuen irailera arte ixtea. Amondarainen proiektua finkatuta geneukan, baina azkenean aurten aurkeztuko dugu. Baina egoera horretan ez zaigu justua iruditzen, ez guretzat, ez beraientzat, ezta esfortzu ekonomikoa egitea ere, jakin gabe zer-nolako publikoa eta nolako egoera egongo zen. Eta hartu ditugun neurriak beste guztiek hartu dituztenak izan dira. Hasieran ez genekien oso ondo zeintzuk ziren segurtasun neurriak, baina zentzu horretan lan asko egin genuen, eta uste dut jada denok ohitu garela hidrogelarekin, espazio gehiago izatearekin, ukitzeko gauzak ez izatearekin. Esfortzu handia egin dugu teknologiarekin eta sareekin, QR kodeak txertatuz, eta sareetan edukiak zabaltzeko, askotan donostiarrek bakarrik ikusi ahal izan dituztelako erakusketak.

Zein da aretoetako bisitarien profila?
Egia esan, adinez nahiko heldua da. Egia da Artegunean lortu dugula adin maila pixka bat jaistea, baina esan dezakegu normalean 50 urtetik gorakoak direla, batzuetan askoz gehiago. Esfortzu gehiago egin behar dugu, agian, gazteengana iristeko. Eta, kulturan askotan gertatzen den bezala, emakumeak gehiago etortzen dira.