Dabid Lazkanoiturburu

Hiru urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diote Alexei Navalnyri

Moskuko Hiri Epaitegiak hiru urte eta erdiko kartzela zigorra baieztatu du Alexei Navalny oposizioko buruaren kontrako epaiketan. Poliziak gutxienez 20 pertsona atxilotu ditu segurtasun neurri handien artean epaiketa hasi baino lehen.

Navalny auzitegi gelako «arrainontzian» sartzen dute. (HANDOUT/ AFP)
Navalny auzitegi gelako «arrainontzian» sartzen dute. (HANDOUT/ AFP)

Moskuko Hiri Epaitegiak egun etenda zuen 3,5 urteko kartzela zigorra gaurkotu du eta Alexei Navalny Errusiako oposizioko burua giltzaperatuta jarraituko duela erabaki du, Presondegi Zerbitzu Federalak eskatze zuen moduan.

Navalnyren oposizio taldeak gaur bertan manifestazio bat deitu du.

Saioa 11.20ean hasi da, ordu erdiko atzerapenarekin, eta izugarrizko segurtasun neurrien artean. Navalny Matrosskaya Tishina kartzelatik ekarri dute eta kristalezko «arrainontzian» sartu dute epaiketa gelan.

Kanpoan, Poliziak gutxienez 20 pertsona atxilotu ditu eta oposizioko-buruari elkartasuna adierazteko iristen saiatu direnak biltzea ekidin du.

2014ko abenduan Navalnyri eta bere anaiari hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zieten ustez Yves Rocher kosmetiko erraldoi frantsesari egindako iruzurragatik.

Enpresak salaketa kendu zuen gero eta Navalnyren abokatuek argi dute Errusiako merkatuan sartzearen trukean, Kremlinaren aginduz egin zuela lehen salaketa Yves Rocherrek.

Hori gutxi ez eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak zigorra bertan behera uztea agindu zuen 2017an, kondenatuei «epaiketa justua izateko eskubidea» ez zitzaielako bermatu. Kalte-ordainak ordaintzea agindu zion Errusiari. 

Ordurako kalte-ordainak ordaindu arren, Errusiako Auzitegi Gorenak Europako ebazpenari muzin egitea erabaki zuen 2018an baina zigorra eten eta baldintzapeko askatasuna onartu zion Navalnyri –bere anaiak betea zuen jada kartzela zigorra–.

Hori bai, oposizioko-buruari auzitegitan aldizka aurkezteko agindua eman zioten.

Berlinera ospitalera

Iazko abuztuan Errusia barnean larri gaixotu ondoren bere familiak Berlineko ospitalera eramateko baimena eskatu zion Kremlinari pozoindua izan zela argudiatuz. Moskuk bidaia baimendu zuen.

Alemaniak, Estatu frantsesak eta Suediak Navalny Novitxok sobietar aroko toxikoarekin pozoindu zutela ondorioztatu zuten, analisiak egin ostean, eta Kremlinari azalpenak eskatu zizkioten. Moskuk ukatu egin du, ez bakarrik bera atzean egon daitekeenik, baizik eta Navalny pozoindua izan zen hipotesi bera ere.

Oposizioko buruak urtarrilaren 17an Moskuko aireportuan lur hartu eta berehala atxilotu zuten, Presondegi Zerbitzu Federalak eskatuta. Fiskaltza honek gogora ekarri zuenez, irailaren 20an alta eman zioten Navalnyri eta urriaren 12rako «gaixotasunaren arrasto guztiak gaindituta zituelako», Moskuko epaitegitan bere burua aurkezteko egun bateko epea eman zion. Oposizio-burua ez zen agertu.

Akusatuak Berlinen helbidea eman ziela argudiatu du gaur, bere burua defendatuz. «Ba al nuen beste ezer egiterik? Zer nahi zenuten, nere eguneroko fisioterapia saioaren bideoa bidaltzea ala?», argudiatu du Navalnyk.

Bere atxiloketaren ostean kalera atera dira dozena milaka jarraitzaile eta Putinen aurkari azken bi asteburuotan. Moskutik eta San Petersburgetik at, protestak izan dira Errusiako 100dik gora hiritan, Uralen mendebaldetik urrutiko ekialderaino. Poliziak milaka eta milaka atxilotu ditu, 5.000tik gora aurreko igandean bakarrik.