Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto
Elkarrizketa
Naiara Diez
Lointek Gernika Bizkaiako kapitaina

«Europari erakutsi diogu nola jokatzen duen Gernikak talde lanari esker»

Europan final-zortzirenetarako sailkatzea lortu du talde bizkaitarrak, Estatu frantseseko bi aurkari gogorri irabazi ondoren. Unerik latzenetan elkarrekin izatea ei da gernikarren sekretua eta hurrengo faseetan ere erakutsi gura dute orain.

Asko jokatu ez arren, Naiara Diezek dena eman du aulkitik taldekideak animatzen. (FIBA BASKETBALL)
Asko jokatu ez arren, Naiara Diezek dena eman du aulkitik taldekideak animatzen. (FIBA BASKETBALL)

Valentziako «burbuilan» Women Eurocup-eko final-zortzirenetarako sailkatzeko fasean –urtarrilaren 19tik 22ra bitartean– minutu gehien jokatu zutenek adina sufritu zuen eta gozatu zuen Naiara Diezek (Altsasu, 1987). «Talde hau beti batera doa, eta zaleak falta direla, aulkian gaudenok garrantzi handia dugu kideak animatzeko», oroitu du, irribarrea ahoan eta Europarako sailkapena poltsikoan. Orain, egun batzuetako atsedenaren ondoren, prestakuntza hasiko du berriz, hilaren 11tik aurrera Liga eta denboraldiko hitzordurik garrantzitsuenak iritsiko direlako.

Zorionak! Bai sailkapenagatik bai bertan erakutsi duzuen mailagatik ere!

Milesker! Gure helburua torneo labur honetan gure aukerak baliatzea zen sailkapena lortzen saiatzeko, eta ederki aprobetxatu ditugu. Nik uste sailkatzeko moduak daudela eta oraingoan Europari erakutsi diogula Gernikak nola jokatzen duen talde lanari esker.

Izan ere, talde lan hori izugarria izan da, funtsezkoa momenturik onenetan aldea ateratzeko eta txarrenetan markagailuari eusteko. Lehenengo partidan talde osoa bikain aritu zen eta alde handiarekin irabazi genion La Roche Vendeeri; bigarrenean –Carolo Basketen aurka– partida ez zitzaigun horren ongi atera, baina markagailuan atzetik joanda ere talde lan horri esker azkenean markagailuari buelta eman genion. Clarinos –Tenerife– ezagutzen dugun taldea da eta ezin izan genuen irabazi, baina azkenera arte borrokan saiatu ginen.

Ciudad de La Laguna ezagutzen zenuten, baina beste talde frantsesen berri bazenutela erakutsi zenuten: fisikoki oso ongi aritu zineten eta, taktikoki, «scouting» lana itzela izan zen.

Ez pentsa taldea «eraldatu» denik fase honetarako. Beti esan ohi dut orain ez garela horren onak eta galtzen dugunean ez garela hain txarrak ere. Kontua da beti saiatzen garela hobetzen eta mentalki zein fisikoki lan aparta egin dugula, batez ere talde frantsesen aurka, fisikoki oso indartsuak direlako. Aurkari horien kontra aritzeko talde lana ezinbestekoa da, bai kantxan bai kantxatik kanpo; are gehiago, lau egunetan hiru partida jokatzen badituzu. Errekuperazio lana oso garrantzitsua da orduan, fisikoki eta mentalki, aurreko partida ahaztu behar baituzu hurrengoari ekiteko.

Scountinga, berriz, entrenatzaileek beti egiten dute beren lana aurkariaren puntu sendoenak eta ahulenak aurkitu eta haien kontra nola jokatu ikusteko. Esaterako, frantsesen aurka bagenekien pentsarazi behar geniela. Hala, Carolo Basketen aurka 2-3ko zonakako defentsa hura egin genuen 42-33 galtzen ari ginela, eta aurkariak ez ziren gai izan defentsaren hutsuneak aprobetxatzeko. Baina, noski, aurkaria zu baino azkarragoa, indartsuagoa eta handiagoa denean, beste zerbait egin behar duzu aurre egiteko.

Gernika ezagutzen ez zutenek ere kontuan hartu behar gintuzten azkenean

Bi une azpimarratu daitezke: Carolo Basketen aurka egin zenuten 2-3 zonakako defentsa eta La Roche Vendeeren aurka, lehenengo laurdeneko 29-16 aldeko emaitza. Kanpotik diruditen bezain giltzarri izan dira?

Ez hainbesterako baina, era berean, azpimarratzekoak badira neurri batean. Esan bezala, Caroloren aurka zerbait egin behar zen, pentsaraziko ziena. Beraiek handiago, azkarrago eta indartsuagoak izanda, zuk aurkariak espero ez duen zerbait prestatu behar duzu. Caroloko jokalariek prestatu geniena ez zuten inola ere espero eta azkenean ongi atera zitzaigun.

Lehen partida, berriz, gakoetako bat izango zela pentsatzen genuen hain ligaxka laburrean. Urduritasunak kentzeko, bilatzen genituen sentsazioak eskuratzeko... partida hartan lan ona egin behar genuen eta, nolabait esatearren, gure «finala» zen hura, eta hargatik garrantzia handia eman genion. Lehen laurdena zehazki bikaina izan zen, kantxara atera ginen guztiok lan ona egin genuelako. Partida hura, oro har, bikaina izan zen lehenengo laurden hark bultzatuta, eta neurri batean Gernika ezagutzen ez zutenek ere kontuan hartu behar gintuztela ikusi zuten.

Eta berriz lehenengo partidara itzuliko naiz. Gako bat izan zen egun hartan egin genuen partida bikaina hurrengo egunean Caroloren aurka konfiantza izateko eta hirugarren laurden hartan egin genuen defentsa egin ahal izateko.

Talde lana azpimarratzen duzu, baita, agian, harmailetan publikorik gabe, aulkitik ematen zenituzten animoekin ere.

Publikorik gabe, aulkiak are eta garrantzi handiagoa hartzen du. Bai lehenengo eguneko partidan eta Caroloren aurkako hirugarren laurden hartan, talde lanak sekulako garrantzia izan zuen. Izan ere, taldea da Gernikaren indarra. Elkarri asko lagundu genion bestela ere talde oso batua eta elkartua garelako. Badaki bakoitzak zein rol bete behar duen eta, jokatu zein ez jokatu, %100 ematen du.

Bigarren partidan 42-33 galtzen gindoazen eta arazoak geneuzkan, baina ez genuen partida bota. Garaipen oso zaila izan zen, baina Nadiak –Colhadok– egin zuen partida bikainaz aparte –21 puntu eta 15 errebote; tartean laugarren laurdeneko puntu guztiak–, gainerakoen lana ere izugarria izan zen. Batzuetan bosteko batek funtzionatzen du, eta Caroloren aurka Laurak –Cornelius– eta Angiek –Bjorklund– arazoak izan zituzten, baina beste batzuk atera ziren –Buch, Ivanovic, Arrojo, Nogaye Lo eta Colhadok osatu zuten «bosteko izarra»– eta, azken batean, ia berdin dio zein ateratzen den, ateratzen den hori baita gure taldea eta aulkiak albotik hari egingo dio bultza.

Caroloren aurka eta gero Clarinosen aurka ez zitzaigun lehenengoa bezain partida borobila atera, baina gure akatsak konpontzeko modukoak direla uste dut. Esan bezala, bestea zu baino handiagoa edo indartsuagoa denean, aztertu egin behar dituzu zure akatsak eta konpontzen saiatu. Talde lanaren bitartez, gure aurpegirik onena bilatu eta hura atera behar dugu.

Aurkaria zu baino azkarragoa, indartsuagoa eta handiagoa denean, beste zerbait egin behar duzu aurre egiteko

Talde lana, baita «burbuila» batean bizitzen ikasteko ere?

Tira, ikusi genuen «burbuilaren» formatu hau zer den eta nolakoa den Bilbon jokatu zen Superkopan ere. Fase hau luzeagoa izan da eta beti ez da erraz eramaten, batez ere pabiloira ez bada ezin zaitezkeela atera igartzean eta egunak pasa ahala.

Baina jokatu, entrenatu, luzaketak egin, atseden hartu, errekuperazio saioak... horiek denak egiten zabiltzanean denbora arinago joaten da. Horrez gain, kartak direla, bestelako jokoak zein jolasak direla, beste momentu batean esperientzia gogorragoa izan litekeena nahiko normal eraman ahal izan genuen.

Pentsatzen jarrita, «burbuilaren» esperientzia hau azkenean polita eta guzti izan da; hain zuzen ere, bat egindako taldea garelako une guztietan. Elkarrekin gaude, elkarrekin bizi ditugu esperientzia guztiak, momentu libreak edo lanekoak, eta nahiko normal, nahiko ongi eraman ahal izan ditugu.

Caceres-Gernika-Loiu-Madril-Valentzia bidaia. Gero lau egunetan hiru partida. Zamoraren aurka jokatzeko «aste normal» bat eskertuko zenukete?

(Irribarrea) Zapatu arratsaldean iritsi ginen Gernikara, baina ez da hainbesterako. Pare bat egun izan ditugu haizea hartzeko entrenatzen hasi aurretik. Ez pentsa, Zamoraren kontrako partida prestatzeko «aldaketa erradikal» bat behar izan dugunik.

Nik uste garrantzitsuena hau dela, entrenatuz ikusten dugu nolako taldea garen. Laugarren goaz Ligan eta Europan ere aurrera egin dugu, baina ni neu ez nau horrek harritzen, taldeak bere indarra eguneroko lanean erakusten eta sendotzen baitu.

Otsailaren 11ra arte ez duzu partidarik izango –Cornelius, Ginzo, Arrojo eta Nogaye Lo-k bai, selekzioen partidak dituztelako–. Denboraldiko zatirik garrantzitsuena dator orain?

Zamorako partidaren ondoren lauzpabost atseden egun ditugu, ondoren lanari ekiteko; bakoitzari talde teknikoak agindu digun banakako lanari.

Pixkanaka entrenamenduetara itzuliko gara eta orduan partida partidaren gainean izango dugu; martxoaren hasieran Kopa iritsiko da –4tik 7ra; IDKEuskotren ere han izango da–, eta Europa –martxoaren 16an Errumaniako ACS Sepsiren aurka, eta irabaziz gero, Reyer Venezia eta Gorzow taldeen arteko irabazlearen aurka, final-laurdenetan, 18an– eta Ligako play-offak.

Ezin gara orain horri begira egon. Gure indarra eguneroko lanaren bidez dator eta gure betebeharra da prest egotea egun horiek iristen direnerako.

Emakumeen Ligan laugarren postuan zaudete, Perfumerias Avenida, Valentzia eta Gironaren atzetik. «Burbuilako» esperientziak irabaz diezaiekezuela irakatsi al dizue?

Salamancan oso gutxi falta izan zitzaigun –72-64 amaitu zen partida, eta azken laurdena Gernika 55-54 galtzen ari zela hasi zen– eta Valentziari Superkopaan irabazi genion –68-62–.

Jakina, play-off batzuetan garaile ateratzea are zailagoa da, baina partida bakarrera horixe irabaz diezaiekegula.

Superkopako finala jokatzeko kapaz izan baginen, zergatik ez amets egin finalen bat jokatzeko aukerarekin?

Ikusten al duzu orduan Gernika Kopako edo Women Eurocup-eko finalean?

Jokalariak ezin du hain urrutira begiratu. Entrenatzaileek hurrengo aurkariak baino aurrerago daudenak ere aztertu behar dituzte eta horren arabera pasatzen digute informazioa. Gure kasuan, berriz, orain lauzpabost egunetan deskonektatu ondoren, gure eguneroko lanera, eta gero talde lanera itzuli behar dugu. Hori da gehien arduratu behar gaituena, Ligako playoffak, Kopa eta Eurocupa ere, denak etorriko direlako tokatzen denean eta ordurako prest egotea baita garrantzitsuena.

Bestetik, Superkopako finala jokatzeko kapaz izan baginen, zergatik ez amets egin finalen bat, berdin dio zein, jokatzeko aukerarekin? Zergatik ez? Hala ez balitz, ez ginateke hemen egongo ere. Badakigu final bat jokatzea oso zaila dela, baina horretarako entrenatzen dugu. Badakigu aurrean azalduko zaizkigun zailtasunak nolakoak izango diren, baina kirolean zernahi gertatu daiteke eta prest baldin bagaude, edozer da posible.

Esan bezala, playoff bat gainditzea beti da zailagoa, baina partida bakarrera, Superkopan bezala, horixe ikusten dudala prest Gernika onenei ere irabazteko, hipotetikoki bai behintzat. Oraindik urrun daude horiek guztiak, baina etortzen direnerako prest egoteko egingo dugu lan.