NAIZ
DONOSTIA

Urruntzeak eragindako kaltea aitortzeko akordioak Tolosan, Soraluzen eta Lasarte-Orian

EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemos-IU taldeen adostasunez, urruntze politikaren ondorioz presoen senideek pairatutako sufirmendua aitortu dute Lasarte-Orian, Tolosan eta Soraluzeko udalbatzarrek. Adierazpen hauen «berebiziko garrantzia» nabarmendu du Etxeratek.

Urtarrilaren 9an euskal presoen eskubideen alde egin zen mobilizazioetako bat. (Endika PORTILLO/FOKU)
Urtarrilaren 9an euskal presoen eskubideen alde egin zen mobilizazioetako bat. (Endika PORTILLO/FOKU)

Ohar baten bidez, Lasarte-Oriako, Tolosako eta Soraluzeko udalbatzarretan espetxe politikaren inguruan onartu dituzten adierazpenen inguruan mintzatu da Etxerat elkartea.

Azaldu dutenez, Lasarte-Orian onartutako mozioan, Argi Iturralde eta Iñaki Balerdiren heriotzak jasotzen dira. 18 urte beteko dira egunotan bizia galdu zutenetik, Albacetera aldean, kartzelan zegoen semea eta anaia bisitatzera zihoazela. Tolosako kasuan, 38 eta 16 urte betetzen dira Arantza eta Rosa Amezaga alde batetik, eta Leo Esteban Nieto bestetik, euskal presoei zein haien senide eta gertukoei espetxe politikak ezartzen dieten urrunketa politikaren testuinguruan zendu zirela. Eta Soraluzen, Iñaki Saez eta Asier Herizen oroimena jaso da, Avilan kokatua dagoen Brievako espetxerako bidean auto istripu baten ondorioz galdu zutelako bizitza duela 19 urte.

Adostasun politiko honen baitan, Etxeratek azpimarratu du aipatu lau alderdiek (EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemos-IU) «espetxe politika berri baten beharra» defendatzen dutela, «dispertsioa eta urrunketaren aurka» agertzen direla, «haien eraginez izandako heriotzak berriz ere gerta ez daitezen, eta legedi arrunta eta normalizatutako espetxe politikaren aldeko hautua ere egiten dute».

Orotara, Etxeratek gogorarazi duenez, hamasei senide eta lagun zendu dira urruntze politikak ezarritako baldintzenondorioz. «Akordio politiko hau –adierazi dute– dispertsioaren eraginez hildakoen jatorrizko beste herri batzuetan planteatuko da baita ere. Gogora dezagun, bai Sara Fernandez zein Karmele Solaguren, dispertsioaren biktima gisa aitortu zirela Iruñea eta Barañaingo udal plenoetan 2018an».

Etxeraten ustez, «berebiziko garrantzia» du alderdiek adostu eta onartutako adierazpena, «duela 30 urte baino gehiago aktibatutako euskal presoen urrunketak eta dispertsioak eragindako biktimen aitortza ezinbestekoa delako ere, inoiz gehiago gerta ez dadin».

Azkenik, Etxeratek «adeitasunez agurtu» ditu «konponbide eta bakearen bidean lortutako aurrerapauso garrantzitsu» hauek. «Euskal gizartearen lana eta konpromisoarekin batera, ekimen instituzionala eta akordio politiko, sindikal eta gizarte eragileenak ezinbestekoak dira, behingoz, aro berrirantz abiatzeko, eta elkarbizitzan aurrera egiteko», gaineratu dute. .