NAIZ

Zuhaitz landaketa herrikoiak egin ditu Haritzaldek Altzon eta Txomin Enean

Haritzalde Naturzaleen Elkarteak zuhaitz landaketak egin ditu asteburuan, larunbatean Altzon eta gaur, igandea, Donostiako Txomin Enea parkean, U30 Aldaketaldia ekimenaren baitan.

Haritzaldek Txomin Enean egindako zuhaitz landaketaren irudia. (HARITZALDE)
Haritzaldek Txomin Enean egindako zuhaitz landaketaren irudia. (HARITZALDE)

Larreko Mahaia plataformak U30 Aldaketaldia izeneko ekimena proposatu zuen, herritarrei urtarrilaren 30aren bueltan herri, auzo, ikastetxe eta lan-zentroetan ingurumen-larrialdia salatzeko ekintzak antolatzea eskatuz. Haritzaldek asteburuon heldu dio proposamenari ekimen «sinboliko» baten bitartez. Zuhaitz landaketak egin dituzte, larunbatean Altzon eta gaur, igandea, Donostiako Txomin Eneako Ibai parkean, Lanberri Auzo Elkartearekin batera.

Haritzaldek gogorarazi du Txomin Eneako landaketa iaz egitekoa zela, baina koronabirusaren pandemiaren ondorioz ekimena atzeratu zuten. «Elkarte eta gizarte mugimendu ezberdinak bildu ginen ibaiaren inguruan eta ibai ertz naturalak bermatuko zituen Ibai Parkea irudikatu genuen, hango baserriak balioan jarriz, ibar basoa berreskuratuz eta Urumearen interpretazio zentroa bertan kokatuz», adierazi du elkarteak ohar batean.

Azkenean ez zen Haritzaldekoek uste zuten proiektua egin parkean, «etxegileen propagandaren» bidez jakin zutenez. Hala ere, parkearen lehenengo metroetan ibaiaren landaredia berreskuratzeko hautua hartu dute igandean, tokiko zuhaitz eta zuhaixken landaketaren bidez. Haitzak, zume gorriak, lizarrak, haritzak, astigar txikiak, erramuak eta gorostiak landatu dituzte, 60 zuhaitz guztira, 60 lagunen artean.

Ekintza sinbolikoak izan dira, baina Haritzaldek ohartarazi duenez, ekimenok, eta U30 Aldaketaldiak, «abiapuntua» behar lukete izan, «beste mundu bat posible ez ezik behar-beharrezkoa» dela iritzi baitu.

Ingurumen larrialdiari erantzuteko norabide aldaketa «sakon» eta «berehalakoa» behar dela iritzi du Naturzaleen Elkarteak. «Trantsizio ekologiko eta sozialki justu baten alde urratsak emango dituen jendartea aktibatu eta saretzea ezinbestekoa da», agertu du.