NAIZ

Hezkuntzan txertatze plan antolatu bat eskatu dio Steilas sindikatuak Lakuako Gobernuari

Steilas sindikatuak hezkuntza arloan covid-19aren aurkako txertatze plan antolatu bat beharrezkoa dela nabarmendu du, eta gutun bat bidali dio Lakuako Lan Prebentzio Zerbitzuko zuzendariari neurriak hartu ditzan.

Adin txikiko haurrak Bilboko eskola batean. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Adin txikiko haurrak Bilboko eskola batean. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Steilas sindikatuak hezkuntzan txertatze plan bat ezinbestekoa dela nabarmendu du. Hala adierazi du Lakuako Lan Prebentzio Zerbitzuko zuzendariari pasa den astean bidalitako mezuan, erantzunik izan ez duena, «ohikoa den moduan».

Mezu horretan sindikatuak azaldu duenez, covid-19aren aurkako txertoak banatzen hasi dira dagoeneko, baita txertoa jasoko dutenen lehentasunezko taldeak finkatzen ere. «Lehenengo, egoiliarrak eta adinekoen egoitzetako langile sanitarioak eta soziosanitarioak jasotzen ari dira, ondoren osasun arloko eta esparru soziosanitarioko langileen txanda da. Laster espero dugu Hezkuntzako langileon txanda ere izatea, gela itxietan ikasle kopuru handiekin lan egiten dugu eta», gaineratu du.

Izan ere, kolektibo jakin batzuek, Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileak, Haur Hezkuntzako langileak, PTak, Entzumena eta Hizkuntzakoak, Hezkuntza Laguntzako espezialistak, fisioterapeutak, Zeinu Hizkuntzako interpreteak eta espazio soziosanitarioetan lan egiten dutenek, besteak beste, musukoa erabiltzen ez duten ikasleekin lan egiten dute.

«Steilasek ezinbestekoa ikusten du lehenbailehen hezkuntzan txertatze plan antolatu bat diseinatzea, aurreko paragrafoan aipatutako kolektiboei eta zaurgarri izendura jaso ez badute ere egoera zaurgarrian egon daitezkeen langileei, 60 urtetik gorakoak esaterako, lehentasuna emango diena», ohartarazi du sindikatuak Lan Prebentzio Zerbitzuko zuzendariari zuzendutako oharrean.