Maldivetako urautsi ezagunenak, arriskuan

Mundu osoko surflarientzat oporrak pasatzeko leku bikaina da Indiako Ozeanoa.Maldivetako uharteetan ehunka urautsi daude, nahiz eta egiaz ezagunak gutxi batzuk baino ez diren. Horietako batzuk arriskuan dira.

Maldivetako urautsi ezagunenak arriskuan dira.
Maldivetako urautsi ezagunenak arriskuan dira.

Maldivetako urautsi ezagunenak arriskuan dira. Save The Waves Coalition irabazi asmorik gabeko erakundea eta lekuko surflari zein herritarrak martxan jarri dira, mundu osoko surflariei arriskuaren berri emateko eta babesa jasotzeko. Uharte batzuetan egiten ari diren eraikuntza lanek urautsi ezagunak dauden eremuetako olatuak bakarrik ez, lekuko ekosistema osoa kaltetu dezaketela ohartarazi dute.

«Urautsiak haien balio biologikoagatik, sozialagatik eta ekonomikoagatik aitortuak izan daitezela exijitzen dugu», eman du aditzera Save The Waves Coalition erakundeak. Horrez gain, Maldivetako kostaldean gauzatzen ari diren eraikuntza lanek ingurunean duten inpaktua aztertu eta ebaluatzeko eskakizuna egin dute, eta urautsiak babesteko modu onena «itsas eremu babestu» izendatzea dela nabarmendu dute.

Bertako surflariek esaten dutenez, Maldivetako 20 urautsi daude arriskuan, eta horietako batzuk jada kaltetuak edo desagertuak izan dira. Maldivetako bi urautsi ezagunenak, Chickens eta Cokes, arriskuan diren urautsien zerrendan dira, inguruan egiten ari diren eraikuntza lanek olatuaren kalitatean eragin baitezakete. Horretaz gain, inguruko ekosistema ere nabarmen kaltetu da.

Cokes urautsiko olatuetan galerak nabarmenak dira dagoeneko. Uhartearen hegian eraiki duten malekoi baten ondorioz, eta antzeko proiektu gehiago abian dira beste uharte batzuetako kostaldean.

Ekosistema eta olatuak

Itsasotik hain gertu pasabide, malekoi edo dikeak eraikitzeak inpaktu nabarmena du ekosisteman eta olatuen forman. Izan ere, bere kasa elikatu eta orekatzen den sistema biologikoa hankaz gora jartzen da. Arrezifez eta hareaz osatutako ekosistemak oso hauskorrak dira eta urautsian bertan eraikuntzarik egiten ez bada ere, handik gertu eragindako edozein aldaketak harearen eta korronteen mugimenduan ere eragiten du.

Balio ekologikoaz gain, arrezifeak bere horretan uzteak balio ekonomikoa ere badu, Maldivetako olatu bikainek mundu osoko surflariak erakartzen baitituzte. Horregatik, Save Our Waves Coalition elkarlanean ari da Maldivetako hainbat elkarterekin bertako Gobernuak dituen egitasmoak gauzatzeko orduan kostaldeko eremuetako ekosistemak aintzat hartuak izan daitezela ziurtatzeko.

2030. urterako mundu osoko ozeanoaren %30 babestea helburu duen “Commonwealth Clean Ocean Alliance” ekimenera batu berri da Maldivetako Gobernua, baina turismoa sustatzeko hainbat eraikuntza ere indarrean ditu eta horrek kontraesanak sortzen ditu.

Kontuan hartu behar da Maldivetako uharte gutxi batzuk baino ez direla zinez ezagunak. Hots, India hegoaldean diren 1.200 uhartek osatzen dute Maldivetako Errepublika, eta ondorioz, ehunka urautsi ditu artxipelagoak. Horietako asko ohiko uharteetatik urrun dira eta bertaratzeko modu bakarra itsasontziz egitea da.

Oso ohikoak dira Maldivetan surflari taldeek alokatzen dituzten itsasontziekin egindako bidaiak. Gidari batek urautsi urrunetara eramaten ditu surflariak eta han aste bat edo bi igaro ditzakete surflariek lehorreratu gabe. Beraz, surfak turismoan duen eragina ez da hoteletara eta hondartzetara mugatzen, itsasontzietako surf trip egonaldiek ere mundu osoko bisitariak erakartzen dituzte eta arrakasta itzela dute.

Aspaldiko kontua

Bertako herritar eta surflariek aspalditik salatzen dituzte Maldivetako Gobernuak kostaldean egiten dituen eraikuntzak. 2016ko martxoan, esaterako, surflari batzuk atxilotu zituzten Male uhartea eta Ibrahim Nasir aireportu internazionala batzeko zubi baten eraikuntzak sortutako kalteak salatzeagatik.

Hamaika surflari Raalhugandun zegoen atoiontzi batera joan ziren arraunean eta makinaren gainaldera igo ziren. Guztiak atxilotu zituzten. Ahmed Aznil Maldivetako Surf Elkarteko lehendakaria ere atxilotu zuten, poliziei beren «lana egitea eragozteagatik».

Eremu hartan bertakoak surfean aritu zitezkeen eremu bakarra defendatzen ari ziren surflariak, zeren haien esanetan, gainerako urautsiak «turistentzat gordeak dira». Zehatzago, zubi berriaren eraikuntzak eremu hartan ziren hiru urautsietan kalterik ez zuela eragingo erakusten zuen txostena eskatzen zioten Gobernuari. «Protestak ez dira zubiaren eraikuntza oztopatzeko, agindu zitzaizkigun bermeak ziurtatzeko baizik», azaldu zuten surflariek.