NAIZ

Bera Bera prest da Malagan izango duen «erronka» handirako

Talde donostiarrak Guardesen aurkako garaipen handiari segida eman nahi dio larunbatean Malagan aurtengo bi partidetan garaitu ezin izan duen Rincon Fertilidad taldearen aurka.

Imanol Alvarezek konfiantzaz ikusten du bere taldea. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Imanol Alvarezek konfiantzaz ikusten du bere taldea. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Guardesen aurkako garaipenak hauspotuta, denboraldiko «erronkarik» handienetako bati ekingo dio Super Amara Bera Berak larunbat honetan, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Alhaurin de la Torren (ETB4n). Halaxe izendatu du «ikusteko polita eta gogorra» izango den lehia hau Imanol Alvarez entrenatzaileak, izan ere, aurten bi partida jokatu ditu talde donostiarrak Rincon Fertilidaden aurka eta oraindik ez du garaipenik eskuratu ahal izan. Aurrenekoan, Gascan, berdinketan amaitu zen partida, 21-21, eta bigarrenean, Malagan Supercopan, gol batez galdu zuten (27-28).

Liga amaitzeko oraindik asko falta bada ere, –lehen faseko hainbat partida eta bigarreneko guztiak– lehia zuzen honetan garaipena eskuratzen duen taldeak errenta esanguratsua hartuko du aurkariarekiko. «Ligan ez dugu berriro jokatuko beraien aurka eta joanekoan berdindu egin genuen. Gol aldea delakoa ere oso garrantzitsua da» azaldu zuen Alvarezek Andaluziarako bidea hartu aurretik.

Sasoi betean

Aurkariak «oso talde ona» duela nabarmendu arren, Alvarezek bere taldea «sasoi onean» ikusten du. «Data hauetan gure jokoak hobera egiten du eta Guardesen aurkako garaipenak konfiantza eman digu. Jokalariak kontzentraturik daude eta oso pozik nago entrenamenduetan ikusten dudanarekin», azaldu zuen.

Imanol Álvarezek onartu zuen denbora izan duela partida garrantzitsu hau prestatzeko eta motibazio berezia ikusten duela taldean. Partidaren gakoen inguruan bere apustua agerian utzi zuen: «Malagako lehen lerroari aurre egin, kanpotik ez du asko jaurtitzen baina baloia oso ondo mugitzen du eta eskarmentu handiko pibotea du».

Gascan lehen itzulian berdindu zuen taldearekin alderatuta, Alvarezek Eli Cesareo jokatzeko moduan izango du eta, aldiz, O’Mullony eta Sara Gil, baja izango dira. Bera Beraren entrenatzailearen iritziz, «Cesareo jokalari garrantzitsua da guretzat, azken partidan 20 minutu izan zituen, aste honetan ondo entrenatu du eta larunbatean lagunduko digu, ziur».