Elurra Manasluko igoera zailtzen ari da. Alex txiko eta bere taldeak aurrera egiteko zailtasunak ditu eta ahalegin handia egiten ari dira pixkanaka metroak irabazten joateko. Gainera, badirudi eguraldiaren partea aldatu egin dela. Larunbat honetan eta igande goizean eguraldia alde izango badute ere, igande eguerditik aurrera ekaitz batek hotz, elur eta haize gehiago ekarriko duela dirudi.
Ostegunean, elurrak erritmoa nabarmen moteltzen zuela ikusi zuen taldeak. Ostiral honetan igoerari berrekin diote, baina ez dute 6.500 metroak gainditzea lortu. 2. kanpamentura iritsi dira eta gaua han pasatzen ari dira. Egun batean 300 metroko desnibela baino ez dute irabazi.
Eneko Garamendi Alex Txikonen adiskide eta espedizioko sukaldariak dioenez, «asko ari dira sufritzen. Baldintzak aurreikusi baino askoz okerragoak dira eta aurrera egiteko zailtasun handiak aurkitzen ari dira. Elur asko dago. Bihar (larunbat honetan) ikusiko dugu zer aurkitzen duten bidean. Arazoa da oraindik asko dutela igotzeko, eta denbora euren kontra dago; izan ere, astelehenera arte ireki zitzaien leihoa apurka-apurka murrizten ari dela dirudi. Baikorrak izan behar dugu, baina errealitatea den bezalakoa da. Gainera, datorren ekaitzak lau egun jarraian elurra botako du eta are zailagoa izango da».
Hori guztia gutxi balitz, Iñaki Alvarezek bere kranpoietako bat galdu du igoeran, eta Simone Morok bereak ematea eta oinarrizko kanpamentura jaistea erabaki du. Zumarragakoa nekatuta zegoen eta oinarrizko kanpamentura bakarrik jaisten uztea arriskutsua zela pentsatu dute. Bere ordez italiarra jaitsi da. Hurrengo orduetan Simone Morok zer egin erabakiko du, baina eguraldi oneko leiho txikia eta elurra bere kontra daude. Galdutako metro asko berreskuratu behar ditu eta baliteke hori ezinezkoa izatea.