Dolores Redondoren lehen eleberria euskarara itzuli du Ereinek: ‘Aingeruaren pribilegioak’

Erein argitaletxeak Dolores Redondoren lehen eleberria euskaratu du: ‘Aingeruaren pribilegioak’. Heriotza eta dolua bezalako gai gordinak ukitzen dituen istorioa da egile donostiarrarena, 90eko hamarkadaren amaieran suizidio batekin hasten dena.

Dolores Redondo. (NAIZ)
Dolores Redondo. (NAIZ)

‘Aingeruaren pribilegioak’ Dolores Redondoren lehen eleberria da. 2009an edizio txiki batean argitaratua eta aurten berreskuratua, Ereinek euskaratu du. Argitaletxe horrek zinemara eraman duten Baztango Trilogia ere euskarara itzuli zuen.

‘Hori guztia emango dizut’ lanagatik 2016an Planeta saria jaso zuen Dolores Redondok azaldu du eleberriaren hitzaurrean ‘Aingeruaren pribilegioak’ «heriotzarekin baketzeko» sentitu zuen beharrari erantzuten diola.

Istorioa 90eko hamarkadaren amaieran kokatzen da. Interesik gabeko sexu gau baten ondoren, Celeste Martos komunera doa eta zainak mozten ditu. Horrela, bere istorioak 1973. urteraino atzera egiten du, Pasaiako arrantza-badiara, bost urte zituela Pakutxa ezagutzen duen momentura, laster leuzemiagatik hilko den laguna.

Egilearen esanetan, ‘Aingeruaren pribilegioak’ «doluari buruzko» eleberri bat da: galera konponezin baten ostean bizi izaten den prozesuari buruzkoa, hain zuzen.

«Bost urte nituela, nik neuk bizi izan nuen prozesu hori, eta, gainera, besteen doluen lekuko izan nintzen: beren aldaera guztietan, beren krudeltasun osoan, ikusi nituen gizon-emakumeen doluak, haurren doluak, istripuek edo gaitzek eragindakoak, heriotza heroikoen zein bortitzen ondoriozkoak», nabarmendu du Redondok.

Hortaz, txiki-txikia zarenean galera handi bati aurrera egin behar badiozu, haurtzaroa eteten dela iritzi du autoreak, eta ez dela berriro berreskuratzen: «Desagertu egiten da, batzuetan, betiko. Izan ere, heriotzak, galerak eta doluak erauzi egiten dute gure bizitzaren lehen zatia janzten duen babes-, magia- eta hilezkortasun-estalkia, baina berekin ekarriz txikitxo baten munduari dagokion intentsitatea, garrantzia eta murriztapena».

«Heriotzaz jabetzeak eta haurrak ere hiltzen zirela ikasteak herioren itzal gupidagabea proiektatu zuen ezagutzen nuen munduaren gainean, gertakari ñimiñoenean ere islatuz bere presentzia eta haren saihetsezina», gaineratu du.

Horrela, Redondok aitortu du bere eleberria «deserosoa» izan daitekeela, doluaz hitz egiten baita zenbait pertsonaiaren bidez eta prozesuaren faseen bitartez: ukazioa, haserrea, negoziazioa, pena sakona, depresioa eta onarpena.

Heriotzaz eta doluaz idaztea erabaki zuen jakin bazekielako emozioen infernu horretara bidaiatzea dela nolabaiteko bake bat eskuratzeko modu bakarra. Bizi-zikloaren parte den neurrian onartzen da heriotza; ez da hala gertatzen, ordea, galerak dakarren min eta oinazearekin.

Duela mende bat, jende gehientsuena —baita haurrak ere— hileta, beila edo lurperatzeren batera joana zen inoiz. Baina, gaur egun, Redondok dio guraso gehienei pentsaezina iruditzen zaiela ume bat heriotzaren erritualera joan dadin baimentzea. Eta antzeko samarra dela helduen kasuan ere.

Mina errefusatzen dugu; eta egileak azpimarratu du errege-erreginei eta pop-izarrei bakarrik eskaintzen zaizkiela hileta faraoniko itzelak; ordea, gaitzetsi egiten direla denboran irauten duten minaren adierazpenak.

«Horren eraginez, ihes egin dugu, ezkutatu egin gara, tristura ezkutatu dugu estigma bat balitz bezala, jakin baitakigu gizarteak erdeinatzen duen modu batean markatzen gaituela», gaineratu du.

Baina, «oinaze hori» bizi izan dutenentzean, orain bizi dutenentzat eta hari iskin egitea akats bat dela ulertzen dutenentzat, hona hemen ‘Aingeruaren pribilegioak’. Izenburua Henry Miller-en liburu batetik hartua da (‘Tropic of Capricorn’), non purutasunaz, aingeruez eta haien egiazko gaitasunez hitz egiten den, lohirik sakonena zein zerurik gorenena ukitzeko ahalmenaz.