Euskal Autonomia Erkidegoan nazioarteko babesa eskatu duen pertsona kopuruak nabarmen egin zuen gora 2019an; «zifra errekorra» lortu zen orduan, 4.827 eskabide jaso baitziren. %85,2 Latinoamerikatik dator, eta eskaera gehienak ezetsi egiten dituzte Estatuko agintariek, Venezuelakoak izan ezik, zeinak onartu egiten baitira «motibo humanitarioengatik».
Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak egindako ‘Begirada’ txostenaren arabera, eskabide kopuruak «esponentzialki egin zuen gora» EAEn azken hiru urteotan. Zehazki, 970 eskabide jaso ziren 2017an eta 4.827 eskabide 2019an. Kopuru horrek behera egin zuen 2020an, «pandemiarengatik eta haren ondoriozko murrizketengatik» eta, azaldu duenez, «baztertu egin dira txostenean, gure lurraldeari dagokion daturik ez dagoelako».
Joerak nabarmen egin zuen gora, nagusiki Latinoamerikatik datozen pertsonek aurkeztutako eskabideen ondorioz, «bereziki Venezuelakoen, Kolonbiakoen eta Nikaraguakoen ondorioz, zeinak azken urteotan areagotu egin baitira; eskabide guztien %85,2 izan dira 2019an. Erkidegotik kanpoko Europako herrialdeetatik ere, besteak beste Georgiatik, kopurua nahiko handia da, baina ez hainbestekoa. Lurralde horietako guztietako egoera sozioekonomikoa eta politikoa asaldatua da».
Ukapen ofiziala
Txostenean jasotako datuen arabera, Estatu mailan aurkeztutako asilo eskabide gehienek kontrako ebazpena izan zuten agintarien aldetik, Hondurasekoek (%19,3) eta Nikaraguakoek (%15,8) izan ezik.
Arreta berezia merezi du Venezuelaren kasuak: eskatu zutenen %0,1ek baino ez zuen lortu errefuxiatu estatutua, eta %99,4k babesa lortu zuen, «motibo humanitarioengatik». ‘Begirada’ txostenak nabarmentzen duenez, «hori hala da, Asilo eta Babeseko Ministerioen arteko Batzordeak (CIAR), 2019an, honako hau proposatu zuelako: ‘nazioarteko babes eskaerei uko egin zaien venezuelar guztiei egoitza baimena ematea, motibo humanitarioengatik’».
Bestalde, kolektibo horrek EAEko gizartean duen onarpen nabarmena islatzen du dokumentuak. Behatokia atzerritarrenganako jarrerak neurtzen hasi zenetik egiaztatu da EAEko herritar gehienek begi onez ikusten dutela errefuxiatuei laguntza ematea; ehunekoa areagotu egin da nabarmen, 2015etik; 2020an, EAEn kontsultatu diren pertsonen %94,9k ikusten du begi onez.