Cafe Negro izeneko kafe saltegia benetako instituzioa da Baionan. Poissonnerie karrikan kokatzen den saltoki horretan 1930. urteaz geroztik kafea txigortzen du Moraiz familiak.
Urteak joan urteak etorri, kafezaleentzat ez ezik, Lapurdiko hiria ezagutzera heltzen diren bisitarientzat ere ezinbesteko helbidea bilakatu da Cafe Negro.
Ospe handiko saltegiak hainbat sari jaso ditu. Hala nola 2012. urtean frantziar Estatuan kafe txigortzaile onenari ematen zaion domina jaso zuen.
Nolanahi ere, bere izenak zeresana eman du azkenaldian. Zehazki, Biarritzeko La Negresse auzoaren «oroitzapen esklabista» agerian utzi ondoren Baionako saltoki horren izenari erreparatu diolako oraingoan Memoires et Partages elkarteko sortzaile den Karfa Siro Diallo idazleak.
Senegalen jaiotako intelektualak protesta bat antolatu zuen Biarritzen G7 taldeak hirian egin zuen goi-bileraren atarian.
Poliziak bortizki atzeman zuen Bordelen bizi den ekintzailea, baita ondoren salatu zuela. Gertakari horri buruz epaiketa egin zioten berriki Baionan baina epaileak errugabetzat jo zuen ekintzailea.
Otsailaren 15ean, Karfa Sira Diallok bere elkartearen webgunean ‘Bayonne, ce port négrier qui s’ignore’ izenburupean artikulua plazaratu zuen Baionako portuaren «iragan esklabista» gogoratuz eta, testuinguru horretan, Cafe Negro hartu zuen hizpide.
Are, saltoki famatu horretan baliatzen dituzten kafe kikarei -non ume beltz baten irudia agertzen den- eginiko argazkia baliatu zuen idazleak bere artikulua ilustratzeko.
Izen aldaketa kanpainia horrekin zehazki ez badu lotu ere Iñaki Moraiz, Jon anaiarekin batera saltegiaren jarraipena bermatu duen komertsanteak bere azalpena eman dio Mediabask kazetari.
«Hemengoa naiz eta nire erara orria pasatzea erabaki dut, gauzak aldatzeko garaia dela uste dudalako», adierazi du kafegile baionarrak.
Kafea, kakaoa... eta esklabuak
Karfa Sira Diallo buru duen elkarteak «garaipen gisa» hartu du, sare sozialetan, izen aldaketa. Euskal Herrian esklabutzaren historia erdigunera ekartzeko lagungarria izanen dela uste du.
Bordele edo Arroxelako portuekin alderatuta garrantziagoa apalagoa izan bazuen ere, Baionako portuak esklabismoaren historian bere tokia baduela oroitarazi zuen, bere idatzian, Diallok.
Besteak beste Baionako ontziolatik atera zela Ginean esklabuen komertzioan jardun zuen ‘Le Robuste’ ontzia azaldu du idazleak. Beste gertakari lazgarri eman du baitaere Karfa Sira Diallok: ‘L'Utile’ izeneko ontzia Baionan eraiki eta hiriko portutik abiatu zuen 1761an indiar itsasoko Tromelin irlarekin topo egitera eraman zuen zeharkaldia.
Frantziako 140 marinel eta Madagaskarren bahitutako 160 bat esklabu ziren ontzian istripua gertatu zenean. Frantziar eskifaiarekin batera 80 bat esklabu bizirik heldu ziren uhartera.
Horien lanari esker ontzia konpondu eta frantziar marinelek bidaia jarraitu ahal izan zuten, hori bai, esklabuak irlatxo horretan abandonatu ondoren.
15 urte beranduago ‘La Dauphine’ ontziko kapitaina Tromelinera heldu zen, baita han gelditzen ziren esklabuak erreskatatu zituela: 7 emazte eta haur bat baizik ez ziren bizirik.
Baionako portua kakaoaren eta kafearen komertziorako soilik ez esklaboen trafikorako ere azpiegitura inportantea izan zela nabarmendu du idatzi horretan Memoires et Partages elkarteko buruak zeinek bere kezka agertzen duen iragan hori abantzu ez delako aipatzen Lapurdiko hiriburuan.
Black History Moth, hilaren 20an
Ahaztura horren aurrean bere kezka azaltzeko gaur arte Cafe Noir izena izan zuen saltegiari aipu zehatza egin dio idazleak. «Afrikar baten aurpegia» erabiltzea kikara batean «aitortu gabeko herentzia» horren adierazletzat hartu baitu Diallok.
Dans le cadre du 4e #BlackHistoryMonth, qui fait escale #Bayonne ce 20 février, il importe que la place de Bayonne et du pays Basque dans l’histoire du racisme doive mériter attention, responsabilité et pédagogie.
— Memoires & Partages (@MemorialSlave) February 17, 2021
Pour en savoir plus : https://t.co/oEckBF6bQu pic.twitter.com/d73LV77T4P
Hilaren 20an Baionan eginen den Black History Moth ekimenaren atarian idatzi du artikulu hori ekintzaileak. Esklabismoari buruz pedagogia egitea xede duen ekimen horren atarian, Cafe Negro zioen afixa kendu eta Kafe Beltza jarri dute Baionako kaferik onena eskaintzen duen saltoki mitiko baten kanpoaldean. Hizkuntzatik haratago, esanahia berezia duen aldaketa.