Zubietako erraustegiaren gaineko informazio osoa idatziz jasotzeko eskaera egingo du EH Bilduk ostegunean Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingumen diputatuak Batzar Nagusietan egingo duen agerraldian.
«Ez da onargarria oposizioari eta herritarrei informazioa ezkutatzea, are gutxiago informazioa eskatzen duenaren aurkako erasoak abiatzea. Lehenengo, espainiar Konstituzio Auzitegira jo zuen Aldundiak, EAEko legebiltzarrak adostutako legearen eta euskal erakundeen burujabetzaren aurka eginez. Ondoren, informazioa eskatzen ari den herritar eragile bati, bere eskubideak mugatzeaz gain, bere diru ondasunak enbargatzeko erabakia hartu du. Asensio diputatuak muga guztiak gainditu ditu», nabarmendu du EH Bilduk.
«Bitartean, jaso ditugun datu bakanak kontraesankorrak dira. Izan ere, pasa den astean egindako agerraldian, Arantxa Tapia sailburuak gezurtatu egin zituen Asensioren hitzak, abenduan inauguratu zen erraustegiak jarduera baimena otsailean eskuratu zuela baieztatzean», gaineratu du EH Bilduk.
«Horregatik guztiagatik, osteguneko agerraldian legeak agintzen duen moduan erraustegiaren inguruko dokumentazio guztia idatziz eta herritarren eskura jartzeko exijituko dio EH Bilduk», gaineratu du talde abertzaleak.
Aurreko agerraldi batean, Asensiok uko egin zion Zubietako labeen homologazioari buruzko dokumentazioa erakusteari, EH Bilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak eskatu zioten bezala, gai honen inguruan zalantzak nagusi badira ere.