NAIZ

Netflix euskaraz eskaintzeko sinadura bilketa abiatu dute

Netflix plataforma digitalari edukiak euskaraz eskaini ditzala eskatzeko sinadura bilketa abiatu dute, Change.org plataformaren bidez. Eskaria egonez gero, pausoa emateko prest azaldu izan da plataforma, eta horixe baliatu nahi dute.

Beste hizkuntza gutxituetan egin bezala, Netflixeko edukiak euskaraz ere eskaintzeko eskatzen ari dira. (GETTY IMAGES)
Beste hizkuntza gutxituetan egin bezala, Netflixeko edukiak euskaraz ere eskaintzeko eskatzen ari dira. (GETTY IMAGES)

Dagoeneko 1.200 lagunek sinatu dute, Change.org plataformaren bidez, Netflixi edukiak euskaraz eskaintzea eskatzen dion agiria. Beste hizkuntza gutxituetan egindako eskaeren aurrean, benetako eskaria egonez gero, edukiak hizkuntza horretan eskaintzeko prest azaldu izan da plataforma, eta horixe baliatu nahi dute ekimenaren arduradunek helburua lortzeko.

2014an eta 2015ean, hurrenez hurren, iritsi zen Netflix ikus-entzunezko edukien eskaerapeko plataforma digitala espainir eta frantziar estatuetara. Gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko telesail eta filmak eskaini zituen hasieratik, eta herritarren ikus-entzunezko kontsumo aukerak nabarmen zabaldu zituen. Baina ez zituen kontuan hartu Euskal Herriko 800.000 euskal hiztunak eta, honenbestez, plataformaren euskal kontsumitzaile potentzialak.

Plataformaren erantzuna argia izan da

Orain, gisako plataformen aurrean sortzen ari diren eskaeren aurrean, eta Netflixek berak izandako jarrera baliatuta, Change.org plataformaren bidez sinadura bilketa jarri dute abian, «euskal hiztunok bertako eduki guztiak euskaraz jaso nahi ditugula adierazteko». Izan ere, beste hizkuntza gutxitu batzuetako norbanako, kolektibo zein eragileek halako eskaerak egin izan dizkiote orain arte, eta plataformaren erantzuna argia izan da: benetako eskari baten aurrean, prest daude edukiak hizkuntza horretan eskaintzeko.

Sinadura bilketa asteartean jarri zuten martxan, Change.org plataforman, eta 24 orduko epean 300dik gora lagunek sinatu zuten. Ostegun goizean ia 1.200 atxikimendu jasoak zituen jada. Erabakitzaileen zerrendan Netflix bera, plataformaren sortzaile Reed Hastings eta Marc Randolph, Hizkuntza Eskubideen Behatokia, Lakuako Gobernua, Nafarroako Gobernua eta Euskal Hirigune Elkargoa ageri dira.